Etxebarria: «Ez dakit Gasteizko Udalak Mitikan gertatzen zenaren berri ote zuen»

Gasteizko alkateak argudiatu du «epaileak soilik» ebatz dezakeela auziaren inguruan, eta uko egin dio galdera gehiago erantzuteari. Kerman Villateren senideek udalari egotzi diote erasoen berri izatea, eta horien aurkako neurririk ez hartzea.

Kerman Villateren heriotzaren urteurrenean Gasteizen egindako ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Kerman Villateren heriotzaren urteurrenean Gasteizen egindako ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 4a
12:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erantzunik ezak galdera ikur bat sor lezake batzuetan, eta isiltasuna erantzuntzat jotzeko bide eman besteetan. Zalantza bezainbeste galdera sortu dituzte, hain justu, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak gaur goizean Radio Euskadi irrati katean egindako adierazpenek. Mitika dantzalekuko erasoen berri ote zuten galdetuta, zalantzati esan du: «Ez dakit Gasteizko Udalak Mitikan gertatzen zenaren berri ote zuen».

2025eko ekainaren 23an hil zen Kerman Villate, Gasteizko Mitika dantzalekuko atezain batek kolpe bortitz bat emanda. Prozesu judiziala abian dago, eta Villateren senideek behin baino gehiagotan aurpegiratu diote Gasteizko Udalari Mitikan gertatzen ziren erasoen berri izatea, eta horien aurkako neurririk ez hartzea. Asteburuan zabaldu diren zenbait testigantzaren harira, barne ikerketa bat abiatzeko eskatu diote gazteen gurasoek Gasteizko Udalari. 

Egia Kermanentzat elkartearen webgunean bildu dituzte testigantza horietako batzuk. Horien arabera, Mitikako segurtasun langileek hainbat eraso bortitz egin zituzten Villate hil aurreko hilabeteetan. Gertaera horiei buruz galdetu diote gaur Etxebarriari, eta, erantzun irmo bat eman beharrean, argudiatu du berak ez daukala Udaltzaingoak jasotzen dituen «gai guztien zerrenda», eta, hortaz, ez dakiela zer gertatzen den «dantzaleku batean, edo supermerkatu batean». 

Webgunean bildutako testigantzak ez ezik, asteburuan beste lau testigantza zabaldu ditu EITBk. Lau gaztek kontatu dutenez, Mitika dantzalekuko erasoak «aldez aurretik inolako abisurik eman gabe» eta «indarkeria handiz» jazotzen ziren beti; gainera, larrialdietako langileek bazuten horien berri, eta eraso horiek salatzera animatzen zituzten gazteak. Beste baten esanetan, Villateri eraso zion langile berberak tinpanoa zulatu zion «belarrondoko handi bat» emanda.

Halere, bereari eutsi dio Etxebarriak, eta nabarmendu du prozesu judiziala abian dagoela; beraz, auzia daraman «epaileak soilik» ebatz dezakeela gertatutakoaren inguruan. «Ez Arartekoak, ez Gasteizko Udalak, ez [Villateren] familiak, ez Eusko Jaurlaritzak», gaineratu du. Azkenean, uko egin dio galdera gehiago erantzuteari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA