Etxebiden 100.000 lagun baino gehiago daude izena emanda

Azken bi urteetan nabarmen egin du gora etxebizitza eskatzaileen kopuruak. Batez beste, 16.618 euroren diru sarrerak dituzte, eta gehienak bakarrik apuntatu dira.

Etxebizitza berriak, atzean garabiak dituztela, Donostiako Txomiñenea auzoan. JON URBE / FOKU
Etxebizitza berriak, atzean garabiak dituztela, Donostiako Txomiñenea auzoan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 10a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etengabe handitzen ari da Etxebiden izena emanda daukaten herritarren kopurua. 2023. urtearen amaieran, 90.418 ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan babes ofizialeko etxebizitza bat eskatua zuten norbanakoak eta familiak; 2024an, 99.872 ziren; eta 2025ean, lehen aldiz, 100.000 baino gehiago izan dira: 104.280. Horietatik 81.935ek etxe bat alokatu nahi dute, eta 22.345, berriz, etxe bat erosteko prest daude.

Datuak Etxebizitzaren Euskal Behatokiak eman ditu, eta, Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordearen arabera, agerian uzten dute etxebizitzaren arloan duten erronka nagusia alokairu eskuragarriarena dela: «Hor dago presiorik handiena, eta politika publikoek hor egin behar dute ahalegina». 

Datuei erreparatuta, esan du «eskari urbanoa» erakusten dutela, hiriburuetan eta herri handienetan kontzentratutakoa, eta nabarmen areagotzen ari direla familia unitate txikiak, «gazteek edo erantzun malguago bat behar dutenek osatutakoak». Azaldu du Etxebidek ez duela eskaria neurtzeko bakarrik balio: «Laguntzen digu aurreikusten non behar den etxebizitza publiko gehiago, non mugiarazi behar ditugun etxe hutsak eta non behar den erakundeon arteko elkarlan gehiago». Jaurlaritzak, legegintzaldi honetan, babes ofizialeko 10.000 etxe merkaturatzeko helburua du ezarria.

Hirietan, eta banaka

Lurraldeka aztertuta, Bizkaian daude etxebizitza eskatzaileen erdiak baino gehiago: 56.713. Gipuzkoan 28.566 daude, eta Araban, 19.001. Azken lurralde horretan eskarien %88,5 alokairu bat eskuratzeko dira, Bizkaian (%77,6) eta Gipuzkoan (%73,8) baino gehiago.

Hiriburuei dagokienez, Bilbon 31.331 dira Etxebiden izena emandakoak, Gasteizen 18.118 eta Donostian 13.963. Segidan dituzte Barakaldo eta Getxo (Bizkaia), 8.000 eskatzailerekin baino gehiagorekin.

16.618

Batez beste, Etxebiden izena emandakoen diru sarrerak urtean. Aldeak agerikoak dira lurraldeka: Araban 13.643 eurokoa da batez bestekoa, Bizkaian 16.070 eurokoa, eta Gipuzkoan 19.682 eurokoa.

Eskatzaileen soslaiari begiratuta, gehienek bakarrik eman dute izena: 64.783. Haurrik gabeko bikoteak 16.965 dira; hiru edo lau senideko familiak, 17.858, eta bost lagun edo gehiagokoak, 4.674.

Jaurlaritzak kolektiboka ere banatu ditu eskatzaileak. Esate baterako, 36 urtetik beherako 24.032 lagun daude izena emanda, eta 60 urtetik gorako 11.040. Banandutakoak 13.246 dira, guraso bakarreko familiak 5.173, familia ugariak 4.088 eta indarkeria matxistaren biktimak 2.250. 

Eskatzaileen errentari dagokionez, etxebizitza bat alokairuan nahi dutenekin alderatuta, nabarmen handiagoak dira etxebizitza erosteko zerrendan izena emanda daudenen errentak. Bizkaian, adibidez, erosteko zerrendan daudenen diru sarrerak urtean 26.347 eurokoak dira batez beste, eta alokairurako zerrendan daudenenak, berriz, 13.209 eurokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA