Etxebiden etxe babestua eskatzen dutenen %72 alokairuan bizi dira jadanik

Etxe babestuaren eskatzaileen ezaugarriak nabarmen aldatu dira azken hamarkadan: gero eta gehiago dira emantzipatuta egon arren alokairu librearen kostuari aurre egiteko zailtasunak dituztenak, familiak ere bai tartean.

Alokairuko etxebizitza babestuak Gasteizen. IREKIA
Alokairuko etxebizitza babestuak Gasteizen. IREKIA
Maddalen Omaetxebarria
2026ko azaroaren 2a
20:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denis Itxaso sailburuak astelehen honetan aurkeztu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako azken txostena, eta argi antzeman du gero eta pertsona eta familia gehiagok dutela «bizitegi alternatiba eskuragarri eta egonkor» baten beharra. Guztira zortzi mila inkesta baino gehiago egin dituzte Etxebideko eskaria ikertzeko, alokairurako zein erosketarako, eta azterlanak agerian utzi du eskatzaileen ezaugarriak nabarmen aldatu direla azken hamar urteotan.

Duela hamar urte, familiaren etxean bizi eta lehen etxea eskuratu nahi zuten herritarrak ziren etxe babestua eskatzera jotzen zutenak. Orain, ordea, Etxebiden izena emanda daudenen %72 alokairuan bizi dira dagoeneko, baina, emantzipatuta egon arren, etxebizitza eskuragarri baten beharra dute. Txostenaren arabera, 70.240 bizikidetza unitate inguru daude hala. Eta, senideek zein lagunek lagatako etxeetan bizi direnak ere ehuneko horretan sartuz gero, proportzioa %78,1ekoa da.

Alokairuaren kostuari aurre egin ahal izateko beste norbaitekin bizitzera behartuta dauden herritarren gorakada ere nabarmendu dute inkestetan. Etxebiden izena emandako guztien %28,5 dago egoera horretan, eta alokairuko etxebizitza babestua berariaz eskatzen dutenen artean kopurua %33ra iristen da. Baina, txostenak ohartarazi duenez, beste batzuekin bizitzeak ez du zertan baldintza ekonomiko eskuragarririk bermatu.

Diru kontuei erreparatuz, gela bakarra alokatzen duten eskatzaileek 450 euro inguru ordaintzen dituzte hilean, batez beste. Etxebizitza osoa akuratzen dutenen artean, presio ekonomikoak gehiago estutzen du. Alokairu babestua eskatzen dutenek diru sarreren %44,1 erabiltzen dute errentarako, eta hilero batez beste 741 euro ordaintzen dituzte etxe oso batengatik. Etxebizitza babestua erosteko eskatzaileen artean, bestalde, ahalegin ekonomikoa %33,9koa da, eta 842,6 euro ordaintzen dituzte hilean, batez beste.

Etxebizitza babestua eskatzen dutenak ere ez dira berdinak sarbide araubideari dagokionez, Behatokiaren txostenaren arabera: alokairua eskatzen dutenen %84,6 emantzipatuta daude, eta erosketari dagokionez, %50,7. Gurasoekin bizi direnen artean, aldea are nabarmenagoa da: alokairuko eskatzaileen %12,9 dira, eta erosketa eskatzen dutenen %48,2. Alokairu babestuaren eskaria, beraz, merkatu librean bizi diren eta etxebizitza baldintzak hobetu nahi dituztenek osatzen dute nagusiki, familiak ere bai tartean; erosketa eskarian, berriz, emantzipatu gabeko herritarren pisua handiagoa da.

Bizikidetza unitateen osaerari dagokionez, alokairua eskatzen dutenen artean guraso bakarreko familiak (%27,7), bakarrik bizi direnak (%27,2) eta seme-alabak dituzten bikoteak (%25,8) dira nagusi. Erosketa eskarian, bakarrik bizi direnak dira gehienak (%31,1).

Eraiki eta mobilizatu

Datu horiek guztiek «errealitate bereziki zorrotza» erakusten dute sailburuaren hitzetan, eta agerian uzten dute etxebizitza beharrei erantzuteko etxe bakoitzaren ezaugarrietara moldatutako irtenbideak behar direla. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren proposamena etxebizitza babestuen sustapenari eustea eta alokairu eskuragarriko eskaintza handitzea da, Bizigune eta Alokaplus bezalako programen bidez.

Txosten horrek azalarazi duenez, Etxebiden izena emanda dauden eta merkatu librean bizi diren bizikidetza unitateek alokairuko 50.000 etxebizitza baino gehiago hartzen dituzte, EAEko alokairu libreko parkearen ia erdia. Horregatik, Itxasok azpimarratu du etxebizitza berriak eraikitzea eta lehendik daudenak mobilizatzea «estrategia osagarriak» direla, «bizitegi parkeak eskaintzen dituen aukera guztiak» baliatzeko.

 

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA