Pisu turistikoak, laguntza ekonomikorik gabe ordaindu ezin diren alokairuak eta gero eta garestiago saltzen diren etxebizitzak. Azken urteotan, ez dira gutxi izan etxebizitza gizarteko arazo nagusitzat jo duten eragile eta mugimenduak, eta kezka hori argi islatu da Soziometroaren azken emaitzetan. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %57k dauka gizartearen kezka nagusitzat, lan merkatuaren (%47) eta osasungintzaren (%26) aurretik.
Azken 22 urteetan, emantzipatzearen edo etxebizitzaren inguruko kezka hiru aldiz soilik egon da lehen postuan: 2007. urtean (%58), iaz (%52) eta aurten; hain justu, Atzeraldi Handiaren atarian, eta gaur egun. Nabarmentzekoa da 2007an erregistratutako ehunekotik oso gertu dagoela orain; finantza krisian jaso zen datutik puntu bakar batera, hain zuzen. Horren adierazle da lurralde, adin tarte eta ildo ideologiko guztietan dela lehen kezka iturria; Voxen boto emaileak dira salbuespena. Lan merkatuari lotutako kezken datuek ere okerrera egin dute iaztik hona; hots, azken Soziometroan eskuratutako datuekin alderatuta, bost puntu egin du gora. Kezka hori ere orokorra da.
Osasungintzarekiko kezkak, berriz, lau puntu egin du behera. Gorakada nabarmena izan zuen COVID-19aren harira, 2020 eta 2024 bitartean. Apurka-apurka bada ere, behera egiten ari da azken bi urteotan. Zerbitzu publikoen balorazioari erreparatuta ere, pandemiaren eragina esanguratsua da. COVID-19aren krisia hasi eta bukatu bitartean nabarmen egin zuen okerrera. Adibidez, 2024an herritarren %23k uste zuten zerbitzu publikoak nahiko txarrak zirela. Azken Soziometroan, kopuru hori %16ra jaitsi da.Â
Behera egin dute, halaber, segurtasunik ezarekiko eta immigrazioarekiko herritarren kezkek. Segurtasunik eza soilik eskuineko ideologia dutenen artean dago lehen hiru kezken artean, eta immigrazioarekiko kezka PPko eta Voxeko hautesleen artean bakarrik. Azkenik, egoera eta gatazka politikoa eta desberdintasun sozialak dira herritarrak gutxien larritzen dituzten aferak. Segurtasunik ezari dagokionez, dena den, ez datoz bat hirietan eta herri ertain zein txikietan bizi diren herritarren pertzepzioak. Bizi diren herria edo hiria segurua ote den galdetuta, baiezko borobila erantzun dute herri txikietan bizi diren herritarren %49k, ia erdiek; hiriburuetan bizi diren eta horiek seguruak direla uste duten herritarren kopurua nabarmen txikiagoa da, ordea: %22.Â
Bostekoa Pradalesi
Uztailean beteko dira bi urte Imanol Pradales lehendakari kargura iritsi zenetik, eta orain arte egindako ibilbidearen balorazioa jaso du Soziometroak. Ezagutza mailari dagokionez, huraxe da herritarrek gehien ezagutzen duten buruzagia (%78), alde nabarmenarekin, eta 5,7 puntu emanda, gainditutzat jo dute haren lana. Haren ondoren, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok lortu du baloraziorik onena: 5,4 puntu. Hurrenkera horretan, atzetik daude PSE-EEko Eneko Andueza (4,5), Sumarreko Jon Hernandez (4,3), Voxeko Amaia Martinez (3,2) eta PPko Javier de Andres (2,9).
Herritarrek hobekien baloratzen dituzten alderdiei dagokienez, EAJk du lehen postua berriz ere: balekoa lortu du; hots, 10etik 5 puntu. Haren atzetik daude PSE-EE (4,5), EH Bildu (4,3) eta Sumar (3,5). PPk eta Voxek berriz 2 eta 1,1 puntu eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Adin tarteei erreparatuta, ordea, aldaketak nabari dira. Izan ere, EH Bildu da puntuaziorik handiena eskuratu duen indar politikoa 18 urtetik 29ra bitarteko adin tartean, eta jeltzaleekin berdinduta dago 30 urtetik 45era bitartekoan.
Puntuak gora puntuak behera, EAEko herritarren politikarekiko interesak goranzko joera duela berretsi da azken Soziometroan. Herritarren %48k interes handia edo nahikoa du. Halere, oraindik ere gehiago dira interes gutxi edo batere ez dutenak: %52.Â
Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren ia erdia sentitzen da euskal herritarra bakarrik edo euskal herritarra espainiarra baino gehiago: %43. Herritarren %39, berriz, euskal herritarra bezain espainiarra sentitzen da, eta %10 espainiarra bakarrik edo espainiarra euskal herritarra baino gehiago. Independentziarekiko jarrerari dagokionez, horren alde leudeke herritarren %24 (+2 puntu), horren kontra %37 (-3 puntu), eta egoeraren arabera alde edo kontra leudeke %32. Herritarren %7k ez dute erantzun nahi izan.Â
Nazioarteari adi
Barrura ez ezik, kanpora ere begiratzen du euskal gizarteak. Soziometroak lehen aldiz galdetu die herritarrei nazioarteko gerren eta gatazken inguruan, eta kezka handia da:Â hots, 10etik 7,8 puntukoa da epe laburrerako ondorioei buruz galdetuz gero;Â eta 7,4 puntukoa gatazka horiek hiru urte barru izan ditzaketen ondorioei buruz galdetuz gero. Kezka horrek bat egiten du azken asteetako egoera geopolitikoarekin; izan ere, otsailean AEBek Iranen aurka abiatutako ofentsiba Ekialde Hurbiletik haragoko ondorioak izaten ari da. Hain justu, herritarren %92k uste dute probablea edo oso probablea dela nazioarteko gatazken ondorioz prezioen igoera nabarmen bat edo krisi ekonomiko bat izatea.Â
EAEko herritarrek nazioarteko eragile nagusiak nola baloratzen dituzten ere jaso dute Soziometroan. EB Europako Batasunak jaso du puntuaziorik altuena, seikoa, eta Txina izan da hurrena, 4,6 puntu bilduta. AEBak eta Errusia izan dira, aldiz, puntuaziorik kaskarrenak jaso dituztenak: 2,4 eta 2,6 puntu, hurrenez hurren.
Informazio bilketa Ikerfel enpresak egin zuen, telefono bidez, martxoaren 23tik 26ra bitarte. Zehazki, Arabako 730, Bizkaiko 1.315 eta Gipuzkoako 985 herritar elkarrizketatu zituzten. Emaitzen azterketa, berriz, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du, eta lagin errorearen estimazioa ±%1,8koa da, %95,5eko konfiantza mailarako.