Etxebizitza dekretuen neurriak «aldi baterako adabakiak» direla salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Sindikatuaren arabera, Espainiako Kongresuak onartutako neurriek ez diete erantzuten langileen etxebizitza beharrei, eta errentarien eta eraikuntza enpresen interesak babesten dituzte.

Etxebizitza sindikatuen pankarta bat, Gasteizko manifestazioan. RAUL BOGAJO / FOKU
Etxebizitza sindikatuen pankarta bat, Gasteizko manifestazioan. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2026ko azaroaren 13a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatua kritiko azaldu da Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak atzo eztabaidatu eta onartu zuen etxebizitzari buruzko dekretuarekin. Sindikatuak adierazi du ez duela etxebizitzaren arazoa konpontzeko balio, eta «langile klasearen bizi baldintzen okertzeari» ez diotela benetako erantzunik ematen. Sindikatuaren iritziz, bi dekretuak —onartutakoa zein atzera bota zutena— «eraikuntza enpresen eta errentisten irabazi pribatuaren neurrira egindako aldi baterako adabakiak» dira. Horien ordez, etxebizitza politika errotik aldatzea proposatu du: espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea.

Atzo, bi dekretu bozkatu zituzten Diputazio Iraunkorrean — etxegabetzeen aurkakoa bata, eta alokairu kontratuak automatikoki luzatzekoa, bestea—, baina lehenak bakarrik egin zuen aurrera. Hain justu, alokairu kontratu mugagabeak ezartzeko aukera jasotzen zuenak, berriz, ez zuen aski babesik lortu: PPk, Voxek, Juntsek eta EAJk aurka bozkatu zutelako.

Bozketa horien haritik, sindikatuak salatu du alderdi politikoek berriro ere etxebizitzaren arazoa «beren interes elektoralisten mesedetan» erabili dutela. Haren arabera, etxebizitzaren arazoari etekin politikoa ateratzeko lehian ari diren alderdiak dira azken hamarkadetan etxebizitza egoerak okerrera egin izanaren erantzule nagusiak. Zehazki, gobernuko alderdiei zein oposizioko taldeei egotzi die erantzukizuna, eta bereziki kritikatu ditu EAJ, PP eta UPN, «espekulatzaileen eta etxe-agentzietako patronalaren interesak defendatzeagatik». PSOEri eta haren gobernuari eutsi dioten alderdiei ere «errentismoa eta espekulazioa» finantzatzen jarraitzea aurpegiratu die.

«Alderdi politikoek berriro ere etxebizitzaren arazoa beren interes elektoralisten mesedetan erabili dute»

EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Etxebizitza dekretuen bozketa greba orokor «arrakastatsuaren» biharamunean izan direla gogora ekarri du sindikatu sozialistak, eta azpimarratu lanuztearekin arazoaren erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu zituztela, udal gobernuetatik hasi eta Espainiako Gobernuraino. Hala, sindikatuak uste du etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriek ez dutela zerikusirik erakundeek proposatutako neurriekin.

Etxegabetzeak gelditzea, zalantzan

Onartutako dekretuaren neurriak aztertuta, etxegabetzeak geldituko direla zalantzan jarri du sindikatuak, kontuan hartuta onetsitako neurriak eta 2020tik 2025era indarrean egon zen etxegabetzeen moratorian aplikatu zirenen oso antzekoak direla. Sindikatuak emandako datuen arabera, aurreko moratoriarekin etxegabetzeen %25a baino ez ziren gelditu. 

Dekretu berriak jasotzen dituen baldintzak are murritzagoak direla ohartarazi du sindikatuak. Besteak beste, etxebizitza bat edo bi dituzten jabeen kasuak dekretutik kanpo geratuko direla, eta administrazio publikoek eskainitako bizitoki alternatiboa baztertzeak etxegabetzeari atea ireki diezaiokeela salatu du. Sindikatuaren iritziz, baldintza horrek administrazioei aukera ematen die «aldi baterako edozein baliabide bizitoki alternatiba egokitzat aurkezteko». Haren esanetan, dagoeneko izan dira hotel bateko logela, aterpetxe bat edo egoitza kliniko bat eskaintzeagatik etxegabetze prozedurak berrabiarazi diren kasuak. Dekretuan baldintza hori berariaz jasotzeak epaitegietan halako argudioak erabiltzeko aukera zabalduko duela uste du.

«Ezin dugu espero benetako eraldaketarako borondaterik langile klasea egungo egoerara eraman duten alderdi politikoengandik»

 EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Kolektiboak zalantzan jarri du, halaber, inbertsio funtsen erosketa espekulatiboen ustezko debekua. Azaldu duenez, debekuak merkatuaren balioa baino %70 merkeago erositako etxebizitzen kasu jakin batzuei eragiten die, eta neurria 2031n bertan behera geratuko da. «Horrek ez du zerikusirik erosketa espekulatiboak debekatzearekin», adierazi du sindikatuak.

Zerga kenkarien banaketa ere kritikatu du. Sindikatu sozialistaren arabera, alokairu prezioak «zertxobait jaistearen truke», jabeei %70 eta %100 arteko kenkariak eskaintzen zaizkie; maizterrentzat, aldiz, kasu jakin batzuetan soilik aurreikusten da %10eko kenkaria. Alokairu kontratu mugagabeen neurriak dekretu bereizi batean sartzea ere kritikatu du. Haren ustez, PSOEren gobernuak bazekien proposamenak ez zuela aurrera egingo, eta dekretua aurkari politikoei aurpegiratzeko «arma gisa» erabili du.

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, beraz, kale mobilizazioari eta antolaketari eustera deitu du sindikatuak. «Ezin dugu espero benetako eraldaketarako borondaterik langile klasea egungo egoerara eraman duten alderdi politikoengandik». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA