Etxebizitza eskubidea «merkatuaren logikatik kanpo» uzteko eskatu dute Bilbon

Kalean bizi direnen egoera salatu dute etxebizitza eskubidearen aldeko gizarte eragileek. Azaldu dutenez, herritar gehienentzat «ezinezkoa» da etxebizitza duin bat eskuratzea.

Bilboko udaletxearen aurrean egindako protesta, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilboko udaletxearen aurrean egindako protesta, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko azaroaren 18a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohetzat zorua, eta kartoiak maindire. Halaxe igarotzen dute gaua kalean bizi direnek, eta halaxe egin dute protesta Bilboko udaletxearen aurrean etxebizitzarako eskubidearen aldeko gizarte eragileek. Inor ez aterperik gabe lelopean, elkarretaratzea egin dute; ekintza horren bidez, kalean bizitzera derrigortuta daudenen egoera salatu nahi izan dute, baina, halaber, gogora ekarri dute etxebizitza duin bat eskuratzeko ezintasunak askoz herritar gehiagori eragiten diola, eta eskatu dute eskubide hori «merkatuaren logikatik kanpo uzteko».

Elkarteek salatu dute Bizkaian inoiz baino gehiago egin duela gora kalean bizi direnen kopuruak, eta SIIS dokumentazio eta azterketa zentroak berriki plazaratutako datuak aipatu dituzte horren froga gisa. «Jadanik ezkutatu ezin den egoera dramatikoa» da etxegabeena, udal baliabideak «erabat gainezka» daude, eta, hala ere, administrazioek «entzungor» egin eta uko egiten diote baliabide gehiago prestatzeari, elkarteek azaldu dutenez.

Egoera hori etxebizitzaren arazo orokorrarekin lotu dute elkarteek: esan dutenez, etxebizitzaren prezioak «etengabe» egiten du gora; ondorioz, herritar askorentzat ezinezkoa da etxebizitza duin bat eskuratzea, eta «gizarte bazterketako faktore» bilakatu da etxebizitzaren auzia.

Adibide gisa, Bilboko datuak eman dituzte eragileek: urrian, etxebizitza librearen metro koadroaren batez besteko prezioa 3.709 euro zen Bizkaiko hiriburuan, hots, iaz baino %9,6 handiagoa; eta alokairuaren batez besteko salneurria, berriz, 992 euro, aurreko urtean baino %9,2 garestiagoa. «Bitartean, eraikuntza enpresek, higiezin enpresek, putre funtsek eta bankuek euren irabaziak handitzen jarraitzen dute, herritarrak pobretzearen kontura», adierazi dute.

Erakundeen erantzukizuna

Erakunde publikoek afera honetan duten erantzukizuna ere nabarmendu dute gizarte eragileek. Esan dutenez, administrazio publikoaren ardura da etxebizitzarako eskubidea bermatzea: «Haiek dituzte espekulazioa amaitzeko baliabideak eta tresnak».

Hala ere, elkarteen esanetan, administrazio publikoen jarduera nagusia «espekulazioa sustatzea eta arazoa ezkutatzea» da. Gainera, «kriminalizazio politikak» eta etxegabetzeak abiarazten dituzte, Bilboko Atxuri auzoko kantxetan eta Zorrotzaurren gertatu bezala.

Arazoari heltzeko «neurri zehatz eta eraginkorrak» eskatu dituzte gizarte eragileek: alokairu sozialeko etxebizitzen «eskaintza nahikoa eta eskuragarria» bermatzea, familiek horretarako diru sarreren %20 baino gehiago erabili behar izan ez dezaten; hutsik dauden etxebizitzak baliatzeko kontrol eta zigor neurriak ezartzea; etxebizitzaren prezioan esku hartzea; eta kalean bizi direnei dagokienez, baliabideak sortzea eta oztopo burokratikoak kentzea, «inork kalean lo egin behar ez izateko eta inoren eskubideak ez urratzeko».

Argitan, Berri-Otxoak, Atxuri Harrera, AZET etxebizitza sindikatua, Etxeko Langileen Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Kaleratzerik Ez plataforma eta pobreziaren kontra eta etxebizitzarako eskubidearen alde lanean ari diren beste zenbait elkarte bat etorri dira aldarrikapen horietan.

910

 

Zenbat herritar bizi ziren kalean Bizkaian 2024an. Azken neurketen arabera, Bilbon 605 lagun bizi ziren kalean iaz, 2022an baino 358 gehiago; eta Bizkaian, 910. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak batera hartuta, 1.556 pertsona zeuden kalean 2024an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.