Etxebizitza eskubidearekin bateragarria izango den «turismo jasangarria» sustatu nahi du Jaurlaritzak

Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala lantzen ari dira Jaurlaritzako Etxebizitza eta Turismo sailak. Etxebizitza merkatuan eragin nabarmena duen sektore hori ordenatzea da asmoa. Parte-hartze prozesu bat hasiko dute, behin betiko testua lortzeko.

Etxebizitza turistiko bat Bilboko Alde Zaharrean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxebizitza turistiko bat Bilboko Alde Zaharrean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko irailaren 24a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Turismo jasangarria, etxebizitza eskubidea bermatuz. Hori da Eusko Jaurlaritza lantzen ari den planaren helburua, Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialarena. Hau da, «turismoaren hazkundea» sustatu nahi dute, baina «etxebizitza duinerako eskubidea, gizarte eta lurralde kohesioa, eta herritarren bizi kalitatea» bermatuz, Denis Itxaso Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak esan duenez. «Turismoaren garapena ezin da gertatu herritarren ongizatearen eta etxebizitza duin bat eskuratzearen kontura».

Planaren aurrerapena aurkeztu dute gaur Itxasok eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, euren sailak ari baitira plana lantzen. Tresna «integral» bat izan dadin nahi dute, euren «politika publikoak turismo jasangarri, etiko eta orekatu batera bideratzeko, bizikidetza eta lurraldearen garapen positiboa erdigunean jarriz».

«Euskal turismo industriari buruzko diagnostiko zehatza» jasoko du plan berriak, eta «udal, foru aldundi eta gainerako erakundeentzako gida bat» izango da. Horrez gain, lurraldeko baliabide turistikoak «xehe» bilduko dituzte, bisitarien mugikortasun fluxuen analisia egingo dute, eta bigarren egoitzek eta etxebizitza turistikoek bizitegi merkatuan zenbateko eragina duten aztertuko dute. Bestalde, lurralde eta hirigintza antolamendua garatzeko irizpide komunak definitu nahi dituzte. Eta «orain arte gutxien aztertu diren turismo modalitateen erregulazioan aurrera egitea» proposatuko dute, hala nola turismo ibiltarian.

«Aberastasun iturria»

Itxasoren arabera, tresna horrek «ordenatu eta planifikatu egingo du etxebizitza merkatuan eta ingurunean eragin nabarmena duen sektore ekonomiko hori». Izan ere, esan du turismoa «aberastasun iturria eta proiekzio aukera» dela lurraldearentzat, baina sektore «ordenatua» izan behar duela, bizitzan eta etxebizitza duin eta eskuragarria izateko eskubidean «eragin negatiborik» izan ez dezan.

«Eskumen turistikoetatik harago» joan nahi duen tresna bat sortu nahi dute, Hurtadok zehaztu duenez. Hain justu, haien asmoa da beste sektore eta administrazio batzuk turismoaren antolaketan eta kudeaketan integratzea. Esan du sektore turistikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpleguaren %11 dela.

«Planak mezu argia helarazten du arautzeari, eusteari eta lehenesteari dagokionez; turismoaren zerbitzura zer egin daitekeen eta zer ez ezartzen du», esan du Etxebizitza sailburuak, eta erantsi Jaurlaritza «ausardiaz» ari dela lanean, «etxebizitza turistikoen fenomenoak» bizitegi parketik etxebizitza gehiago kentzea sustatu ez dezan.

«Planak mezu argia helarazten du arautzeari, eusteari eta lehenesteari dagokionez; turismoaren zerbitzura zer egin daitekeen eta zer ez ezartzen du»

DENIS ITXASO Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburua

Era berean, gogoratu du laster onartuko dutela etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko Premiazko Neurrien Legea eta, beraz, ezinezkoa izango dela tentsio handiko eremuetan erabilera turistikoko etxebizitza gehiago jartzea. Are, ohartarazi du «zigorrak» jarriko dizkietela debekua betetzen ez duten horiei.

Hurtadok, bestalde, «erakundeen arteko koordinazioan» egin du azpimarra, «etxebizitza turistikoen fenomenoa arautzeko». Azaldu duenez, Espainiako Gobernuarekin eta Europako Batasunarekin batera egindako jarduketa batean, legez lanpoko mila iragarki baino gehiago plataforma digitaletatik kentzeko modua eman dute.

Plana lantzen jarraituko dute orain. Parte-hartze prozesu bat abiatuko dute horretarako: kontsultak eta inkestak egingo dituzte, eta gizarte eragileekin eta erakundeekin bilduko dira. Itxasok jakinarazi duenez, legegintzaldia amaitu baino lehen izan nahi dute behin betiko testua, baina «konplexutzat» jo du hori. Zergatik? Haren esanetan, «asko» dira «iritzia eman eta ekarpenak egin ditzaketen administrazioak», eta «interes gurutzatuak» dituzte: «Kolektibo askok izango dute zer esan, eta hala izan behar du; gaur eztabaida hori ireki dugu, eta epe luzeko lana izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.