Eguna argitu eta gutxira elkartu dira Erandioko (Bizkaia) bizilagunak Marcela Arteaga plazan. Ohi baino jende gutxiago suma zitekeen enparantzan, baina Los Ochos eraikineko bizilagunek herri gosaria antolatu dute kalean bertan. Azkenaldian zeregin askotarako biltzen dira auzokideak —sindikatuekin elkartzeko edota Mosaic funtsa auzitara eramateko, kasurako—, eta gaurkoan ere batera egin gura izan dute greba. Bilboranzko bideari oinez ekin orduko, indarrak batzeko lotu dira 08:30ean, bost kilometro eta erdiko ibilbidea baitago Erandioko Tartanga kaletik Deustuko Done Petri plazaraino. Ordu eta erdiko ibilaldia, pankarta eta guzti.
Fruta, sandwichak, kafea, zukua, opilak… Ordulariak bederatziak jo orduko ehun bat lagunek barausi dute Los Ochos etxebizitzen parean. Balmasedako La Calzadako bizilagunak ere bertan izan dira Erandioko kideei elkartasuna adierazteko, haiek ere kaleratze arriskuan baitaude Farley funtsak Inmo Caixa enpresaren etxeak erosi zituenetik. Azkenean, 09:20ak jota hasi dute hiribururanzko martxa protestariek, etxea galtzeko zorian dauden maizterren gidaritzapean.
Hamasei urte
Duela hamasei urte inguru altxatu zituzten Erandioko Tartanga kaleko 8. zenbakiko etxebizitzak, egun Los Ochos izenez ezagunagoak. Sasoi hartan Inmo Caixa zen etxe haien jabea, Caixabank bankuaren higiezinen ondarea kudeatzen zuen enpresa. Orain dela hogei hilabete, ordea, lotean saldu zizkion etxebizitzok Mosaic Propco inbertsio funtsari, eta jabe berriak ez du asmorik lehen indarrean zeuden kontratuak berritzeko.
Ordura arte hitzartutako alokairuak amaitu ahala, etxetik alde egiteko jakinarazpenak hasi zaizkie ailegatzen maizterrei, eta, guztira, ehun familia baino gehiago daude bertatik kanporatuak izateko arriskuan. Bizilagunek salatu dutenez, funtsaren asmoa da etxebizitzak saltzea gaur egun maizterrek ordaindu ezin dituzten prezioetan, eta «presioak eta mehatxuak» erabili dituzte etxebizitzak lehenbailehen hutsik gera daitezen. Baina Los Ochos eraikineko bizilagunak ez daude «inora» joateko prest, bi demanda aurkeztu dituzte blokeetako jabe berriaren aurka.
«Jende askok txalotu eta babestu gaitu,
badakite-eta edonoiz gerta dakiekeela guri gertatutako hori bera
»
LUISA Los Ochos eraikineko maizterra
Lisak 24 urte dauzka, eta horietako bederatzi Los Ochosen eman ditu gurasoekin, neba-arrebekin eta amonarekin partekatutako etxe batean. Adierazi du «oso babestuta» sentitu direla goizean goizetik, herritar asko martxara batu baitzaizkie elkartasunez. Bide osoan aldeko aldarriak jaso dituzte leihoetatik, eta, 10:30ean Deustura ailegatzean, han ere harrera «atsegina» egin diete zain zeuden hirurehun bat lagunek. «Jende askok txalotu eta babestu gaitu, badakite-eta edonoiz gerta dakiekeela guri gertatutako hori bera».
Nieves ere erandioztarra da, 63 urtekoa, eta «hunkituta» egin du Bilborainoko bidea. Haren ahizpak arazo kognitiboak ditu, eta zazpi urte daramatza Los Ochosen akuratuta, baina datorren otsailean etxetik alde egitera behartuko dute, ezin baitu ordaindu funtsak eskatutako «prezio neurrigabea». Baina gaurko martxan ikusi du ez daudela «bakarrik», eta jendearen enpatiak itxaropenez puztu du.
Sofen eta besaulkien barrikada
11:00etan Deustuko zubira iritsi dira maizterrak, eta hogei bat sofarekin eta besaulkirekin barrikada osatu dute Bilboko itsasadarraren gainean. LABek komunikatua zabal dezan martxa eten dute pare bat minutuz, hedabideei gogorarazteko etxebizitza eskubidea dela, eta «ez negozioa». Adierazpenen ostean, Euskadi plazarako bideari ekin diote protestariek Euskal Herria ez dago salgai eta gisako aldarriak ozenduz. Plazan bertan beste ehunka manifestarirekin batu dira, eta zenbait liskar ere izan dira zabalik zeuden negozioak itxi artean.
Azkenean, Los Ochos eraikineko bizilagunak garaiz iritsi dira Guggenheim paretik atera behar zuen zutabera. Pankarta eusten, Saioa, negar artean. Zortzi urtez aterpe eman die Tartangako etxebizitzak berari, senarrari eta bi seme adingabeei, eta argi dauka etxean jarraitu ahal izateko «modu bakarra» borrokatzea izango dela.