Langile gazte batek, 25 urtetik beherakoak, 53 urte beharko lituzke etxebizitza libre bat erosteko eta 30 urte etxebizitza sozial bat lortzeko. Beste adin guztietako lan baldintzekin alderatuta, tarte horiek hemezortzi eta 11 urte gehiago dira, hurrenez hurren. Kalkulu hori etxearen salmenta prezioarekin eginda dago, balizko hipoteka batek eragingo lukeen gainkostua kontuan hartu gabe.
Kalkulu hori LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak elkarlanean eginiko Gazteen argazki sozioekonomikoa txostenean ageri da. Bertan 25 urtez azpiko eta 25 eta 30 urte arteko langileen lan baldintzen datuak etxebizitza merkatukoekin gurutzatu dituzte. Ondorio nagusietako bat horrela laburbildu du Amai Arbeo Ernaiko bozeramaileak, ikerlanaren berri emateko antolaturiko agerraldian: «Langileak pobretzeko eta euren arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko elementu nagusiak dira soldatak eta etxebizitzak, eta modu berezituan pairatzen dute hori gazteek».
«Langileak pobretzeko eta euren arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko elementu nagusiak dira soldatak eta etxebizitzak, eta modu berezituan pairatzen dute hori gazteek»
AMAIA ARBEO Ernaiko bozeramailea
25 urtetik beherako langileen %39,6k 1.500 euro gordinetik beherako soldata dute —hamalau ordainketa— eta %48.25ek 1.600tik beherakoa. Adin langa 30 urtera igoz gero, %32,13 eta %40,50 dira hurrenez hurren. Datu horiek dira ikerketaren irteera puntua. Gauzak horrela, 25 urtetik beherako langile batek alokairuan bakarrik bizi nahiko balu, bere soldataren %78,4 bideratu beharko luke etxea ordaintzera.
2024ko datuekin eginiko kalkulua da: 996 euroko alokairua batez beste eta 1.270 euroko soldata gordina. Bi datuen taula historiko bat ere ageri da, eta haren arabera, hamar urtetan —2014arekin alderatuta— alokairuak %53 garestitu dira eta soldatak, aldiz, %18,2 handitu. 2014an, bakarrik bizi nahi zuen gazte batek soldataren %62,8 bideratu behar zuen alokairua ordaintzera.
Azken hamar urteetan %53 garestitu da alokairuen batez besteko prezioa; 25 urtetik beherako langileen soldata, aldiz, %18,2 handitu da
Ikerlarien ustez, egoera horrek argi erakusten du «bideraezina» dela bakarrik bizitzea, batez bestekoa urtez urte handiagoa delako, eta gazteek alokairuan bizitzeko duten irtenbide bakarra pisua partekatzea dela, «izan ezezagunekin, lagunekin edo bikotekidearekin»
Konponbidea, Euskal Herriko politikan
Txostenaren irakurketa bateratua egin dute LABek eta Ernaik, eta gazteria etxebizitza eskubidearen aldeko azaroaren 11ko greba orokor deialdian parte hartzera deitu dute. Oihana Lopetegi ekintza sindikaleko arduradunak hitz egin du LABen izenean, eta iragarri du egoera lazgarri hori salatzeko, hura konponbidean jartzeko eta «pobretzeari eta errentismoari aurre egiteko» egiturazko neurriak eskatuko dituztela protesta egun horretan.
Eskaera horietako batzuk izendatu dituzte biek: Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldatak duintzea, errentismoarekin eta etxebizitza negozioarekin amaitzeko neurriak har daitezela, alokairuen prezioak jaistea eta merkatuan esku hartzea, etxegabetzeekin amaitzea, «putre funtsak» desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta parke publikoa defendatu eta handitzea.
Zentzu horretan bi erakundeek nabarmendu dute neurri horiek Euskal Herrian hartzeko baldintzak badaudela, eta etxebizitzaren auziari bertako beharretatik erantzun behar zaiela. Alegia, Espainiako Gobernuari begira egon beharrean, etxebizitza politikak Euskal Herrian diseinatu behar direla eta «norabide sozialista» batekin: «Erdigunean jarri behar da etxebizitza duin baterako eskubidea eta etxebizitzek negoziorako bitarteko izateari utzi behar diotela».