Ikastetxe eta denda gehienak, itxita. Industria guneak, motel. Piketeak han eta hemen. Eta manifestazio jendetsuak, oso jendetsuak, Euskal Herri osoan zehar. Eguerdian hiriburuetan, arratsaldean herrietan ere bai. Guztiak aldarri bakar baten aterkipean: Etxebizitza bermatzeko, espekulazioari ez!
Hemerotekari errepaso eder bat eman beharko litzaioke Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan —baita Eibarren (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) ere— aldi berean horrenbeste jende bildu duten mobilizazioak topatzeko. Lau hiriburuetan, manifestazioaren hasiera helmugara iristerako, oraindik ere jendea zegoen abiapuntuan. Deitzaileen arabera, 70.000 lagun elkartu dira Bilbon —Udaltzaingoak 50.000 zenbatu ditu—, 55.000 Donostian, 35.000 Gasteizen, 25.000 Iruñean, 8.000 Eibarren eta 2.000 Tuteran. Guztiak batuta, beraz, 200.000 pertsona atera dira kalera goizeko manifestazioetan.
Manifestariek etxebizitza eskubidea bermatzea galdegin dute, eta espekulazioa amaitzea exijitu. Instituzioak interpelatu dituzte, eta «langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde» ere egin dute protesta.

Goizean goizetik hasi da mugimendua kalean, eta grebalariek hainbat errepide, ikastetxe, merkataritza gune eta enpresatako sarrerak itxi dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, hasieran, esan du ez dela «gertakari handirik» izan, nahiz eta hainbat tokitan ertzainak grebalarien kontra oldartu diren: N-1 errepidean, Legorreta eta Ikaztegieta artean (Gipuzkoa); Donostian, EHUren Ibaetako campusean eta Igarako pikete informatiboetan, eta Gasteizen, Forondako atean. Iluntzea, hamasei lagun atxilotu dituela jakinarazi du Ertzaintzak: Bilbon, Gasteizen, Agurainen (Araba), Donostian, Zamudion eta Portugaleten (Bizkaia). Nafarroan beste bat atxiki du Espainiako Poliziak, eta ehundik gora lagun identifikatu dituzte denera Hego Euskal Herrian.
Apurka, sakabanatu egin dira piketeak, baretu da giroa, eta, eragileek antolatutako gosarien ostean, eguerdiko manifestazioak izan dira protagonista. Bilbon, Donostian eta Gasteizen hiruna zutabetan banatuta ekin diote martxari, eta Iruñean, lautan banatuta. Guztietan elkartu da jendetza. Aurrealdean, bandera gorriak, moreak, berdeak, ikurrinak; atzeraxeago, etxebizitza sindikatuen hiru aldarriak jasotzen zituzten pankartak —Espekulazioa debekatu, Espekulatzaileak desjabetu eta Gizartearen beharren arabera eraiki—; eta haiei guztiei jarraikiz, sekulako jende oldea.

Gainezka egin dute Donostiako Bulebarrak, Iruñeko Gazteluko plazak, Gasteizko Andre Maria Zuriarenak eta Bilboko Jesusen Bihotzak, baita Eibarko Untzaga plazak ere. Manifestazioaren amaieran, grebaren deitzaileek hartu dute hitza, eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko «neurri erreal eta erradikalak» eskatu dituzte. ELAk, LABek eta gainerako sindikatuek hitz egin dute, baita Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere.Â
Eguerdiko indar erakustaldiarekin nahikoa ez, eta, arratsaldean, grebalariek 70 herri eta hiri baino gehiagotan egin dituzte mobilizazioak. Gehienetan goizeko aldarrikapenak errepikatu dira, herrian herriko ñabardurekin. Donostian, adibidez, «putre funtsak kanpora» izan da arratsaldeko oihu ozenenetako bat. Erandion, berriz, Los Ochos deitutako eraikinetan hasi da mobilizazioa.
Goiz eta arratsalde, Espainiarako deialdiari jarraituz, CCOOk eta UGTk ere egin dituzte mobilizazioak Hegoaldeko hiriburuetan, jendetsuak horiek ere. Iruñean egin dutenean, esaterako, 10.000 lagun elkartu dituztela jakinarazi dute sindikatuek.
Oihartzun handia
Grebaren oihartzunari dagokionez, ELAk esan du industrian «oso handia» izan dela, eta goizean zehar hezkuntzak, zerbitzu publikoek eta beste sektoreek bat egin dutela grebarekin. Hezkuntzan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eskoletan %90etik gorakoa izan da parte hartzea; ikastoletan, %80tik gorakoa; arlo publikoko irakasleen artean, %70tik gorakoa, eta zerbitzuetako langileen artean, %65etik gorakoa. Nafarroako irakaskuntza publikoan, Iruñeko eta Iruñerriko D ereduko ikastetxe askotan ere parte hartzea ia erabatekoa izan da.
Enpresa ugari ere «geldirik edo ia geldirik» egon dira, betiere sindikatuen arabera: Volkswagen, Ingeteam, SAPA, Papelera del Oria, CAF, Irizar, Ulma, Cementos Lemona, Tubacex, Guardian...
Grebaren deitzaileek bihar egingo dituzte balorazio ofizialak. Pentsatzekoa da gaurko greba eguna historikotzat joko dutela; ikusi beharko da, orain, zein den hurrengo pausoa.