Etxebizitza nagusi faltsuen iruzurrari aurre egiteko konbentzioa izenpetu dute

Euskal Hirigune Elkargoak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko herri finantzen zuzendaritzak datuak bateratuko dituzte, konpentsazio legea saihestu nahian dabiltzan jabeez hobeki ohartzeko asmoz.

Emazte bat bere opor etxera sartzen, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Emazte bat bere opor etxera sartzen, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko apirilaren 14a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konpentsazio legea errespetarazteko beste urrats bat. Euskal Hirigune Elkargoak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko herri finantzen zuzendaritzak konbentzio bat izenpetu dute, iruzurrei buruz batek eta besteak jasotzen dituzten datuak elkarren artean trukatu ahal izateko. Legea saihestu nahian dabiltzan jabeez hobeki ohartzeko asmoa dute. «Lehen garaipena da», EH Baiko Peio Dufau diputatuaren ustez.

Frantziako Asanblea Nazionalean iragarri zuen konbentzioaren izenpetzea, atzo, Herri Kontuen ministro David Amielek: ez da arras Dufau lantzen ari den lege proposamena, baina, halere, aitzinamendu bat da. Hain zuzen ere, iruzurraren kontrako lege bat bozkatzen ari dira Asanblean, eta Dufauk hainbat emendakin aurkeztuak ditu etxebizitza nagusi faltsuen iruzurra lege testuan sartzeko.

Erraterako, konpentsazio legea indarrean sartu denetik, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu behar du; bestela, ez du etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena eskuratuko. Ordu arte turismorako ziren etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi zuten neurri horren bidez, eta, aurreikuspenen arabera, 11.000 bizitegi libratu zitezkeen.

Baina, hara, lege oro indarrean sartzen den ber gertatzen den bezala, konpentsazio arauarekin ere, hainbat jabek legea saihestu nahi izan dute, iruzur eginez. Hiru urte dira legea indarrean dela tentsiopean dauden Ipar Euskal Herriko 24 herritan; ondoko urratsa, beraz, iruzurgileak harrapatzeko beste lege bat plantatzea dute. Hori iritsi artean, konbentzio bat izenpetu dute bi instituzioek, baliabideak bateratu eta iruzurrari hobeki aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA