Itxasok iragarri du babes ofizialeko 1.713 etxebizitza eraikitzeko lanak hasiko dituztela 2026an

Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren aurrekontua 502,2 milioikoa izanen da, «inoizko handiena». Ezkerreko taldeek sailburuari leporatu diote orain arteko norabideari eustea. Itxaso: «Thatcherismoaren eta chavismoaren arteko puntuan kokatua da gobernu hau».

Denis Itxaso, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Denis Itxaso, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko azaroaren 5a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Inoiz ez bezalako jauzia» iragarri du Denis Itxasok, etxebizitzaren krisiari erantzuna emateko. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, 2026rako aurrekontua azaltzeko. Bi puntu azpimarratu ditu: batetik, inbertsioaren handitzea —502,2 milioi euroko aurrekontua da—, eta bestetik, babes ofizialeko promozio berrietan —1.713 etxebizitza eraikitzeko lanak abiaraziko dituzte 2026an—. EAJk eta PSE-EEk ontzat jo dituzte Itxasoren azalpenak, eta nabarmendu dute etxebizitzaren arazoa dela Eusko Jaurlaritzaren «lehentasunetako bat». Oposizioko taldeek, berriz, estu hartu dute sailburua: inbertsio handiagoa bai, baina ez dute norabide aldaketarik antzeman 2026rako aurrekontu proiektuan.

Datu zaparrada bota du Itxasok bere lehen hitzaldian, eta horien artean, aurrekontuaren igoera orokorra nabarmendu du. Izan ere, Etxebizitzako eta Hiri Agendako Sailaren aurrekontua iazkoa baino %11,2 handiagoa izanen da. Poltsa horren barruan, 454,5 milioi inbertituko dituzte Etxebizitza Programan —60,1 milioi Europako Next Generation funtsetatik datoz—; eta horren barruan, alokairu programak jasoko du inbertsioaren parterik handiena: 343,6 milioi euro, iaz baino 95,1 gehiago.

Diru sail horien bitartez, alokairu sozial eta eskuragarriko etxebizitza publikoak eraikiko dituzte datorren urtean. Itxasoren arabera, zehazki, 1.713 etxebizitza eraikitzeko lanak abiaraziko dituzte 2026an. Lurraldeka, eraikuntza proiektuen ugaritzea Gipuzkoan nabarituko da batez ere: 850 etxebizitza eta zuzkidura bizitoki eraikitzen hasiko dira datorren urtean. Bizkaian, berriz, 705 izanen dira; eta Araban, azkenik, 158. Promozio berriak eta dagoeneko martxan direnak zenbatuta, ekimen publikoko 3.669 etxebizitza eraikitzeko lanak abian izanen dira 2026an, eta Itxasoren ustez, horrek agerian uzten du Jaurlaritzak «inoiz ez bezalako jauzia» eginen duela alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeari dagokionez.

Alokairu eskuragarriaren aldeko apustuaz ere hitz egin du sailburuak, eta iragarri Bizigune programaren aurrekontua ere handituko dela: 50,2 milioi eurorena izanen da —egungoa baino 9,2 gehiago—. Itxasok azpimarratu du, gainera, gazteak aurrekontuaren «erdigunean» izanen direla, eta alokairu eskuragarriko etxebizitzen erdiak erreserbatuko dituztela 36 urtetik beherakoentzat. Helburu hori lortzeko indartuko dute Gaztelagun programa ere: 28,2 milioi euroren aurrekontua izanen du, aurreko urtean baino %15 handiagoa, «9.500 onuradunengana iristeko».

Etxebizitzaren eskubide subjektiboari dagokionez, estaldura zabalduko du Jaurlaritzak, 35.000 familiarengana iristeko asmoz. Horretarako, 65 milioi euro inbertituko dituzte Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoetan, 2025ean baino 35 milioi gehiago.

Oposizioa, kritiko

Talde parlamentarioen txandan, Itxasoren azalpenak ontzat eman dituzte EAJk eta PSE-EEk. Sozialisten izenean, Adrian Fernandez legebiltzarkideak eredugarritzat jo du Etxebizitzako eta Hiri Agendako Sailaren aurrekontua: «Etxebizitza izanen da 2026ko aurrekontuetan gehien handituko den saila, eta horren atzean apustu argi bat dago. Nabari da PSEk duela etxebizitza politiken ardura, herritarren kezkei erantzuna ematen zaie eta». Etxebizitzaren arazoari konponbidea emateko «konpromisoa» nabarmendu du EAJko Jonatan Morenok ere: «Kontua ez da soilik etxebizitzak eraikitzea, ikuspegi integral bat ematea baizik. Herri ikuspegi bat».

Oposizioko taldeek, aldiz, ikuspegi kritikoagoa agertu dute. EH Bilduko legebiltzarkide Xabier Astigarragak onartu du aurrekontua handitu dela, baina ez du uste hori jauzi kualitatiboa denik: «Horrek erakusten duena zera da: iazko aurrekontua txikiegia zela, eta beharrak gainditu egin dituela aurreikuspen horiek». Ordezkari independentistak ez du norabide aldaketarik nabaritu 2026ko aurrekontuetan, eta kezka agertu du, sektore pribatuari zenbateko kontrola utziko ote zaion: «Sailburuak esan du sektore publikoak ezin duela osorik konpondu arazoa, baina orain baino askoz gehiago egin dezake».

Sumar taldeko Jon Hernandezentzat ere «egiturazkoa» da arazoa: «Baliabide gehiago behar dira. Ez zaigu ongi iruditzen, adibidez, Segurtasun Sailaren aurrekontua Etxebizitzarena halako bi izatea. Horrez gain, baina, egiturazko aldaketak behar dira. Aurrekontu hauekin, ezinezkoa izango da etxebizitzaren auzia merkatuaren logikatik ateratzea».

PPko ordezkari Ana Morales Peralen esanetan, azkenik, Jaurlaritzak eraiki asmo dituen 3.669 etxebizitza horiek «hutsaren hurrengoa» dira, «kontuan izanda 100.000 pertsona daudela babes ofizialeko etxebizitza baten esperoan». Gaineratu du aurrekontu honek «kalte» eginen diola klase ertainari, eta «eskaintza handitzea» dela konponbidea.

Itxasok EH Bilduko ordezkariari erantzun dio, batez ere. Leporatu dio, besteak beste, agintea duen udaletan zenbait hirigintza proiektu atzera bota izana. Horrez gain, sektore pribatuaren beharra nabarmendu du, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko: «Norbaitek uste badu arazo hau etxebizitza publikoekin soilik konponduko dela, oker dabil. Gobernu hau thatcherismoaren eta chavismoaren arteko puntuan dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.