Momentuz, etxean segituko du gaur Galdakaon (Bizkaia) etxegabetu nahi zuten familiak. Zaurgarritasun egoeran dago familia hori, eta bi adingabe ere badira tartean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak adierazi dutenez. Bi eragile horiek deituta, etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea egin dute goizeko zortzietatik etxeko atarian, eta lortu dute helburua, nahiz eta Ertzaintza bertaratutakoen kontra oldartu den. Ertzaintzaren sei furgoneta eta bi patruila izan dira han.
Familia hori Alokabidek etxegabetu nahi du, sindikatuak ohar bidez esan duenez: «Kasu honek berriro jartzen du zalantzan diskurtso instituzionala. Hainbat elkarrizketa publikotan, [Denis Itxaso] Etxebizitza sailburuak adierazi du Alokabidek ez duela etxegabetzerik egiten. Alabaina, gertakariek oso bestelako errealitatea erakusten dute».
Gaur dozenaka lagun elkartu dira familiari elkartasuna adierazteko eta etxegabetzea eragozten saiatzeko, eta, protesta sakabanatzeko asmoz, Ertzaintza 9:00ak aldera oldartu da haien aurka. Azkenean, ordea, «kalean egindako presioak, Alokabiderekin eta Galdakaoko Udalarekin azken asteetan izandako negoziazioekin batera, kaleratzea behin-behinean etetea ahalbidetu du», adierazi du sindikatuak. Batzorde judiziala 10:30ean zen iristekoa, baina familiaren abokatuak orduerdi lehenago jakinarazi du etxegabetzea bertan behera geratu dela.
«[Denis Itxaso] Etxebizitza sailburuak adierazi du Alokabidek ez duela etxegabetzerik egiten. Alabaina, gertakariek oso bestelako errealitatea erakusten dute»
ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Sindikatuaren arabera, familia hori 2015etik bizi da alokairu sozialeko etxe horretan, Bizigune programaren bitartez. Pandemia tarteko, arazoak izan zituzten hileroko kuotak ordaintzeko, eta zorrak pilatu zitzaizkien. Horri aurre egiteko ordainketa plan bat negoziatu zuen Alokabiderekin, baina, «zailtasun ekonomiko iraunkorrak» zirela eta, ezin izan zuten plana bete. «Hori ikusirik, Alokabideren jarrera berriro negoziatzeari uko egitea izan da; erakunde publikoak uko egin dio erantzuteari eta esku hartzeari, Galdakaoko Udalak eta gizarte zerbitzuek bideratutako bitartekaritza ahaleginak alde batera utzita», salatu dute. Hala, sindikatuaren esanetan, ez Alokabidek ezta gizarte zerbitzuek ere ez diote etxebizitza alternatibarik eskaini familiari.
Orain, exijitu dute «beherala» irekitzeko familiaren egoerari buruzko negoziazioa, «kaleratze prozedura behin betiko geldiarazteko eta etxebizitza alternatiba iraunkorra, egonkorra eta kalitatezkoa bermatzeko».
Kaleratzeak biderkatzen
Gogoratu dute, gainera, ez dela Alokabide etxegabetze bat egiten ahalegintzen deen lehenbiziko aldia. Izan ere, joan den apirilaren 24an Alokabidek indarkeria matxista pairatutako emakume bat eta haren bi alaba adingabeak —8 urtekoa bata eta 14koa bestea— etxegabetu zituen Gasteizen. Ordu hartan ere, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak protesta egin zuen, eta bost lagun identifikatu zituzten.
«Horrek guztiak erakusten du, etxegabetzeen luzamendua amaitu zenetik, Alokabideren esku dagoen parke publikoan kaleratzeak biderkatzen ari direla», azaldu du sindikatuak, eta gehitu Alokabidek berak emandako datuek islatzen dutela «hazkunde kezkagarri hori»: «Azken bi urteetan lehen halako bi izan dira etxegabetze demandak, eta etxegabetzeak %40 ugaritu dira».
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta Hego Uribeko Kontseilu Sozialistaren iritziz, gertakari horiek agerian uzten dute «etxebizitza parke publikoak ere familia langileen aurka egiten duela ordainketari aurre egin ezin diotenean», eta kaleratze guztien erabateko etetea aldarrikatu dute.