Etxegabetze enpresa batek adingabe bat duen familia bat etxetik bota nahi du Gasteizen, Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez. Sindikatuak deituta, dozenaka lagunek etxegabetze saioa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Gasteizko Artium museoaren parean. Han jakinarazi dutenez, etxebizitzaren jabeak ezin du familia legalki kanporatu, «iruzurra» egiten ari delako, eta, horregatik, Desokupacion Legal izeneko enpresa pribatu bat kontratatu du; enpresa «faxista» bat da, Etxebizitza Sindikatuaren iritziz.
Joan den astean, familiako kideek enpresaren lehen bisita jaso zuten, eta «mehatxatu» egin zituzten, etxea uzteko. Sindikatuak azaldu duenez, jabeak «gorila eskuadristak» kontratatu ditu familia beldurtzeko eta etxebizitza bere borondatez uztera behartzeko, haien «babesgabetasunaz» baliatuta. Hala ere, argi adierazi dute antolatuta daudela eta enpresa berriro agertzen bada aurrean izango dituztela.
Aurreko astean, lau
Etxegabetze enpresen jarduna gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. Agerraldian ohartarazi dutenez, aurreko astean soilik, lau esku hartze egin zituzten halako enpresek Euskal Herrian. Halako taldeek «inpunitate osoz» jarduten dutela salatu dute, Poliziaren eta estatuaren oniritziarekin, eta hedabideek eta sare sozialek hauspotuta.
Gainera, adierazi dute enpresa horiek «ideia faxista eta antiproletarioak» zabaltzen dituztela eta langile klasearen kriminalizazioan laguntzen dutela. «Ez dituzte soilik familiak etxetik kanporatzen, baizik eta praktika horiek normalizatzeko eta justifikatzeko baldintza sozialak sortzen dituzte, familia langileen aurka».
Horiek horrela, etxegabetze enpresei aurre egitea premiazkoa dela nabarmendu dute, bai arlo ideologikoan, bai hirietako auzo eta kaleetan. Halaber, «faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka» urtarrilaren 31n Bilbon egingo den manifestaziora joatera deitu dute.