Urriaren 23an, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak zortzi kideko familia bat etxegabetu zuten Gasteizko Santsomendi auzoan. Familiako kideetako sei adingabeak ziren. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituriko ehunka gazte Poliziaren operazioa oztopatzen saiatu ziren, arrakastarik gabe. Sindikatuak gaur ohar bidez salatu du Poliziaren operazio haren gastua 140.000 eurorainokoa izan daitekeela, «polizien soldatetan soilik».
Sindikatuaren arabera, operazioaren gutxieneko gastua 42.900 eurokoa da, parte hartu zuten 300 agenteen oinarrizko soldatak kontuan hartuta. Aitzitik, «karga sozialak, Brigada Mugikorraren osagarriak, dietak eta ordu estrak gehituz gero, estimazioa 75.000 eta 100.000 euro artekoa da». Operaziorako euren egun librean deitu bazituzten, «faktura 140.000 eurotik gorakoa izan daiteke», estimatu du sindikatuak.
Ikusi gehiago
Operazioaren gastu eskerga hori etxebizitza publikora eta bizitoki baliabideetara bideraturiko diruaren «eskasiarekin» alderatu du sindikatuak, erakundeen etxebizitza politikak kritikatzeko. Sindikatukoen ustez, eskaintza publikoa ez da nahikoa dagoen eskaria asetzeko: «21 Zabalgunea enpresa publikoak 402 etxebizitza baino ez ditu kudeatzen Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzak 6.784 etxebizitza kudeatzen ditu Alokabideren bidez. Ez da nahikoa dagoen eskariari aurre egiteko, Gasteizen Idealista atarian iragartzen den etxebizitza bakoitzak, batez beste, 131 eskari jasotzen baititu.
Sindikatuak aldarrikatu du baliabideak egon, badaudela, baina baliabide horiek «espekulatzaileen eta errentadunen kontrolpean» daudela. Haien ustez, egoera konpontzeko beharrezkoak dira «espekulatzaileen desjabetzea, higiezinen espekulazioaren debekua eta etxebizitza langile-klasearen interesen eta beharren arabera planifikatzea», eta horixe eskatu dute, 11ko greba orokorrera deia zabaltzearekin batera.