Kale gorrian eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe geratu dira. Sei adingabez eta bi helduz osaturiko familia bat bortxa handiz etxegabetu du Ertzaintzak gaur eguerdian Gasteizko Santsomendi auzoan, epailearen aginduz. Goizeko lehen orduetatik, auzotarrak, gazteak eta etxebizitza eskubidearen aldeko ekintzaileak saiatu dira familiaren etxetik ateratzea galarazten, baina Ertzaintzak gogor egin du haien kontra, behin eta berriz. Hogei bat gazte hiru ordu luzez gotortu egin dira etxebizitzaren atariaren barruan, etxegabetzea eragotzi nahian, baina azkenean ez dute lortu kaleratzea eragoztea.
Polizia gogor oldartu da etxegabetzearen aurka protesta egitera bildutako ehunka gazteen aurka, eta gutxienez lau lagun atxilotu dituzte, horietako bat adingabea; gainera, dozenaka zauritu eragin dituzte polizien oldarraldiek, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. Tartean, adingabeak ere badaude.
Ikusi gehiago
Etxegabetzea 10:30etarako zegoen deitua, baina gazteek egindako erresistentzia ariketaren ondorioz, 13:00 arte ez da gauzatu. Ertzainek etxebizitzaren atea indarrez bota dute, familia barruan zela, eta handik atera dituzte bi gurasoak eta 17 urteko semea. Kanpoan, bitartean, poliziek etenik gabe kargatu dute manifestarien aurka, borrak eta gomazko pilotak erabilita. Familiak bere etxeko balkoitik ikusi ditu istilu guztiak. Eta handik zintzilik zegoen pankartan, galdera bat irakurtzen zen: «PSOE, non dago alternatiba? Etxegabetze guztiak eten».

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, Gasteizko Udalak ez dio familiari bizitzeko beste lekurik bermatu. Haren arabera, zortzi laguneko familiari ostatu turistikoen eta logelak alokatzen dituzten partikularren telefono zerrenda bat eman zioten, familiak berak alternatiba bat aurki zezan. Ez zuten lortu. Sindikatuak udalaren erantzukizuna azpimarratu du, etxebizitza galtzeko arriskuan zegoen familia bat babesik gabe utzi duelakoan.
Udalak, ordea, azaldu du larrialdiko eta behin behineko harrera eskaintzeko aukera eman ziola familiari udal baliabide batean, baina familiak ez zuela onartu. Gizarte Zerbitzuek, haren arabera, ez dute etxebizitzak zuzenean esleitzeko eskumenik. Udaletik gaineratu dutenez, urteotan familiari laguntza ekonomikoa eta soziala eman dizkiote, baina haren intimitatea errespetatzeko ez dute espedientearen inguruko xehetasunik emango.
Goizetik erresistentzian
Etxegabetzearen aurkako erresistentzia atzo arratsaldean hasi zen. Dozenaka gaztek kanpaldi bat antolatu zuten Santsomendi auzoko Oto hiribideko etxebizitzaren aurrean, kaleratzea oztopatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko. 09:30 aldera, jendetza batu da etxearen aurrean. Hamabi ikastetxetan eskolak eten dituzten Ikasleen Antolakunde Sozialistak deituta, eta ehunka ikasle manifestazioan joan dira Santsomendira. «Borroka da bide bakarra» eta «Etxegabetzeak gelditu» oihuen artean iritsi dira, eta txalo artean hartu dituzte bertan bildutakoek.
Handik gutxira iritsi dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Ordurako giza harresi bat eratua zuten ehunka gaztek etxebizitzaren atarian, Poliziari eta kaleratzeaz arduratu behar zuen segizio judizialari sarbidea eragozteko. Poliziak kanpalekua desegiten hasi dira, eta gazteak ataritik urruntzen saiatzen. Alboko pasabide estu batetik sartuta, giza harresia hausten ahalegindu dira, borrekin. Ez dute lortu. Tentsioa, ordea, areagotzen joan da: poliziak berriro oldartu zaizkie, baita ingurukoei ere. Borrak eta gomazko pilotak erabili dituzte.
Poliziek hesia osatu dute inguruan, mobilizazioa bitan banatuz. Kanpoaldean bildutako ehunka lagunek eutsi egin diete protestari, eta auzokide batzuek ura bota diete poliziei balkoietatik, elkartasun keinu gisa. Polizia gehiago iritsi dira, eta gero eta gogorrago oldartu zaizkie bildutakoei. Hala ere, etxebizitzaren atarian eta eraikinaren barruan dozenaka gaztek eutsi egin diete giza harresiari. Ez dute amore eman: poliziek etxebizitzaren atarira sartzea lortu dutenean ere, barruko eskaileretan eutsi diote erresistentziari. Azkenean, gazte denak aterarazi dituzte eraikinetik, hormaren aurka jarri eta identifikatu egin dituzte.
Ondoren atera dira familiako hiru kide, ertzainez inguratuta. Komunikabide andana inguruan zituztela saiatu dira handik joaten, baina ez dute lortu, Ertzaintza berriro ere oldartu zaielako manifestariei. Ordura arte euren etxea izan denaren aurreko parkean topatu dute estualdia igarotzeko tokitxo bat; banku batean eseri dira, eta han ordu erdi inguru eman dute, istiluak amaitu diren arte.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, familia 2018tik bizi zen etxebizitza horretan, baina jabeak alokairu kontratua ez berritzea erabaki zuen. Familia ugaria eta migratzailea izateak, gainera, beste bizitoki bat aurkitzea zaildu dio. Joan den astean, familiako bi kidek eta sindikatuko ordezkariek jendaurrean salatu zuten Udalak emandako erantzuna ez zela nahikoa. Haien esanetan, ostatu turistikoen eta logelak alokatzen dituzten partikularren zerrenda bat besterik ez zieten eman, familiak bere kabuz dei egin eta aterabide bat bilatu zezan. Sindikatuak gogorarazi du sei adingabe daudela tartean, eta ezin dela familia bat kalean utzi etxebizitza alternatibarik gabe.
Haizea Moreno Etxebizitza Sindikatuko kideak udalari egotzi dio egoeraren erantzukizuna, eta salatu du «lotsagarria» dela sei adingabe dituen familia bat kalean uztea. Sindikatuak onartu du etxebizitzaren jabeak hura berreskuratu nahi izatea ulergarria dela, baina nabarmendu du horrek ez duela etxegabetze bat justifikatzen: «Sistema honek porrot egin duen erakusgarri da». Sindikatuaren ustez, etxebizitza eskubidea bermatzeko ardura administrazio publikoena da, bereziki udalaren esku dauden eskumenak kontuan hartuta.
Eztabaida politikoa
Eztabaida politikoa ere piztu du gertatutakoak. EH Bilduk gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren jokabidea, eta azalpenak eskatu dizkio Ertzaintzaren operazioaren inguruan. «Ezin da etxebizitza alternatibarik bermatu ez duen gobernu batek ehunka polizia mobilizatu injustizia baten aurrean gorputza jartzen dutenak erreprimitzeko». Gasteizko Udalari ere egotzi dio utzikeria etxebizitza politikan.
Bide beretik mintzatu da LAB sindikatua. Salatu du Gasteizko etxegabetzea «politika okerren eta utzikeriaren» ondorio dela, eta Gasteizko Udalari egotzi dio «ganorazko bizitoki alternatiba bat» eskaini ez izana. Haren arabera, etxebizitza eskubidea bermatzeko «egiturazko aldaketak» behar dira, eta etxegabetze guztiak gelditzea eta parke publiko indartsu bat eratzea galdegin du. Ertzaintzaren erantzuna ere gaitzetsi du sindikatuak, eta atxilotuak berehala askatzeko eskatu du.
EHKSk ere «irmoki» salatu du etxegabetzea eta Ertzaintzaren errepresioa. «Gure babes osoa adierazi nahi diegu familiari eta etxegabetzeari aurre egin dieten guztiei. Atxilotuen askatasuna ere eskatzen dugu», adierazi du.
Eta Sumarrek ere onartezintzat jo du zaurgarritasun egoera larrian dagoen familia bat kaleratzea eta Poliziak bortizkeria erabiltzea. Haren ustez, etxebizitza politiken porrota agerian geratu da, eta kontraesankorra da Eusko Jaurlaritzak etxebizitza funts handien aurkako jarrera aldarrikatzea eta, biharamunean, sei adingabe dituen familia bat etxebizitzarik gabe uztea eta hura defendatzen ari diren herritarren aurka Ertzaintzak jotzea.