Etxebizitzak dardarka jarri du kanpaina

Etxe krisialdiak aste gutxian hankaz gora jarri ditu erakunde publikoen eta alderdi politikoen agendak. Gizartearen aldarrikapenak direla eta, bozak aurreratu dituzte Espainian, eta greba orokor bat antolatu. Kanpainan ezingo diote izkin egin auzi horri.

Etxebizitzari buruzko bi dekretuak Espainiako Kongresuan eztabaidatu ziren eguneko irudia, joan den urrian.  J. J. GUILLEN / EFE
Etxebizitzari buruzko bi dekretuak Espainiako Kongresuan eztabaidatu ziren eguneko irudia, joan den urrian. J. J. GUILLEN / EFE
kristina martin
2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adin, klase, jatorri, lurralde eta orientazio politiko guztietako herritarrak harrapatu ditu etxebizitzaren krisialdiak, eta gizartearen buruhauste nagusi bihurtu da dagoeneko. Herritarren gehiengo zabal batek ahotsa altxatu du, eta instituzio publikoei exijitu diete urteetako utzikeriari aurre egin eta arazoa konpontzeko neurri ausartak har ditzatela. Azkenaldian kalean ugaritu diren mobilizazioek eta egin dituzten inkestek joera hori berresten dute.

Urteetan herritarren baitan haziz joan den sumindurak eztanda egin du, eta aste gutxian egoera politikoa irauli du: hauteskundeetara deitu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin dute. Azaroaren 11ko greban etxebizitza eskuragarria izatea eta lan baldintza duinak eskaintzea eskatzen dituzte, eta, espero diren mobilizazioen eraginez, aurreikusten da etxebizitzaren gaia indarrez sartuko dela greba egin eta bi egunera hasiko den hauteskunde kanpainan.

Nola helduko diote alderdi politikoek kanpainan herritarrek bota dieten hordagoari? «Alderdiek gaia jorratu beharko dute; azken finean, etxebizitzaren inguruko bi dekretuak ez onartzeak eragin zuen hauteskundeetara deitzea», gogorarazi du Imanol Negral EHUko politologoak. Derrigorrez jorratuko dute, baina bakoitzak bere moduan: «Normalean, agintean dauden alderdiek kudeaketan jartzen dute indarra, eta gusturago arituko dira ezkerreko alderdiak, etxebizitzaren gaia haien identitatearen marka delako», adierazi du Negralek. Bi esparru bereizi ditu: batetik, jendaurrean eta hedabideen aurrean egingo diren diskurtsoak, eta, bestetik, hauteskunde programetan jasoko diren neurri zehatzak. Azaldu duenez, «errazagoa izango da mitinetan etxebizitzaren gaia aipatzea, emozioak ukitzen dituelako». Hauteskunde programetan txertatzeak, ostera, «neurri zehatzagoak eskatzen ditu, hautesleei kontuak eman beharko dizkietelako gero».

«Alderdi politikoek ez dute asmatu etxebizitzaren gaiarekin, eta beste kontu batzuei eman diete lehentasuna. Baina, orain, herritarrek agenda politikoan jarri dute, eta behartuta daude proposamenak egitera eta emaitzak epe laburrean eskaintzera»

IMANOL NEGRALEHUko politologoa

Egonezina orain azaleratu den arren, etxebizitza eskuratzeko arazoa aspaldikoa da, eta agintean egon direnek borondatea, bai, baina neurri zehatz gutxi jarri dituzte martxan arazoari konponbideren bat emateko. «Alderdi politikoek ez dute asmatu etxebizitzaren gaiarekin, eta beste kontu batzuei eman diete lehentasuna. Baina, orain, herritarrek agenda politikoan jarri dute, eta behartuta daude proposamenak egitera eta emaitzak epe laburrean eskaintzera», nabarmendu du Negralek. Azaroaren 11ko grebaren harira sortuko den giroaren ondorioz, herritarrek zorrotzago jokatuko dute aukeratutako ordezkariekin: «Grebaren eta hauteskundeen ondoren, herritarrek emaitzak exijituko dituzte».

Gaien agendan etxebizitzaren arazoa nagusi izateak zein esparru ideologikoen alde jokatuko duen galdetuta, zera erantzun du Negralek. «Alderdi guztiek proposatu beharko dituzte neurriak, baina ezkerreko alderdiek hartuko dute etxebizitzaren bandera, ikusita urteetan erakundeetan agintean dauden PSOEk, PPk eta EAJk ez dutela lortu arazoari irtenbiderik ematea».

Frustrazioa gazteen artean

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak gizarte osoari eragiten dio, baina gazteak dira kaltetuenak. Negralek azpimarratu duenez, «orain dela gutxi arte hezkuntza maila altua, lana eta segurtasun ekonomikoa zuten gazteek etxebizitza eskuratzeko aukera zuten, baina, orain, hori aldatu da, eta frustrazio handia sortu du». Gainera, azpimarratu duenez, arazo bera dute bai ezkerreko boto emaile gazteek eta bai eskuinekoek; beraz, alderdi guztiek erantzun behar diote auziari. Proposatzen diren irtenbideak, baina, desberdinak izango dira ideologiaren arabera. «Eskuinak, beharbada, indar egingo du egoera ekonomiko hobea dutenei etxea eskuratzeko baldintzak hobetzen; adibidez, familiaren sostengua izanik hipotekak erraztearen alde joko dute, eta ezkerrekoek, ostera, arreta handiagoa jarriko diete baldintza okerragoak dituztenentzat etxebizitza eskuragarria bermatzeko neurriei».

Etxebizitzaren krisialdia gizartearen kezka nagusi bilakatu da, eta, horren ondorioz, herritarrak neurri ausartagoak eskatzen hasi zaizkie instituzio publikoei. Dagoeneko ez da inor harritzen ikusita gehiengo zabal batek erakunde publikoei eskatzen diela etxebizitzaren merkatuan esku hartzeko, baita boto emaile kontserbadoreagoek ere. Aldaketa horretan, Negralen arabera, zerikusia izan dezakete gaiak pizten dituen emozioek eta arazoarekiko gertutasunak. «Botere publikoek ekonomian esku hartzearen aurka dagoen jende asko etxebizitzaren merkatua arautzearen alde egon daiteke, arazo hori pairatzen duelako edo arazoa jasaten ari den gertukoren bat duelako».

Alderdi emozional horrekin lotu du Maricarmen Abascalen etxegabetzeak etxebizitzaren gaia plazara ekartzeko jokatu izan zuen rola. «Maricarmen gure ama edo gure amona izan zitekeen, eta egoera gordin horretan ikusteak, hain babesgabe, gertutasuna piztu zuen, eta, adineko emakume horren muturreko kasuari esker, herritar asko ohartu ziren beren egoera prekarioaz», adierazi du.

Eta gizartean grina piztu duen gai bat jokoan egoteak gutxiko al du politikak herritar askoren artean sortzen duen asperdura eta mesfidantza? Negralen ustez, litekeena da etxebizitzaren krisialdiak eta greba orokorreko mobilizazioek herritarrak botoa ematera aktibatzea. «Parte hartzeko gogoa zutenei grina handituko zaie», iritzi dio. Desmobilizatuen artean bi aukera ikusten ditu: «Baliteke etxebizitzaren arazoak gertutik ukitzen dituen batzuk bozkatzera animatzea, eta beste batzuengan, berriz, kontrako efektua eragitea eta alderdiekiko mesfidantza hori indartzea», etsita baitaude alderdiek orain arte gaiaren inguruan izan duten pasibotasuna ikusita.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA