Azken bi urteetan etxebizitza krisiak arduratzen zituen gehien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak; halaxe azaleratu zuten Deustobarometroaren emaitzek. Urteek aitzinera eginagatik, egoera ez da anitzik aldatu: oraindik ere etxebizitza krisia da herritarren kezka eta arazo nagusia, %50ek jarri baitute hura lehen postuan —iazko abenduko datu bera da—. Eta etxebizitza politikak dira, hain justu, okerren baloratu dituzten politika publikoak: 3,6ko nota eman diete. Orokorrean, gai horri dagokionez, herritarren %71k jarrera ezkorra adierazi dute.
Deustoko Unibertsitateak sei hilabetean behin egiten duen inkesta da Deustobarometroa, Maria Silvestrek eta Braulio Gomezek zuzendua, eta bi bloketan banatzen dira galderak: aldakorrak eta finkoak. Azken horietan, egoera sozialaren, ekonomikoaren eta politikoaren gaineko galderak sartzen dira, eta bertze blokea garaiaren araberakoa izaten da. Azken urteetako joera ikusita, aurten etxebizitzaz eta segurtasunaz galdetu dute nagusiki. Inkestaren zuzendariek Iratxe Aristegi ikerlariarekin batera aurkeztu dituzte emaitzak.Â
Hiru kezka nagusi aukeratu behar zituzten herritarrek, eta, etxebizitzaren ondotik eta hurrenez hurren, bi hauek aukeratu dituzte: osasuna eta bizitzaren kostua. Igo egin da osasunari buruzko kezka: abenduan hirugarrena izan zen zerrendan (%33), eta orain %38k jarri dute koska bat goitiago. Zerotik hamarrerako eskalan, inkestatuek 5,2ko puntuazioa eman diote Osakidetzari, eta 5,9koa osasun zerbitzu horretan duten konfiantzari —abenduan 6,1ekoa zen—.
Bizitzaren garestitzeari dagokionez, %34k jo dute arazo larritzat, eta, gainera, %24k onartu dute uko egin diotela udan oporretan joateari arrazoi ekonomikoak direla medio. Alta, nola segurtasunaren inguruko kezka (%22)Â hala migrazioari lotutakoa (%18) jaitsi egin dira.
Bertzalde, hiru euskal herritarretatik batek (%63) uste du turismoak gora egiteak euskal kultur identitatea galtzea ekarriko duela, eta zuzenean eragingo diola etxebizitzen prezioari.
Euskarari buruzkoak
Kontu deigarri bat agerrarazi du inkestak: herritarren erdiek ez dute uste euskararen kontrako oldarraldi judizialik dagoenik. %33k, ordea, bai. Ia-ia erdiek (%47) uste dute euskararen arloko eskakizuna gehiegizkoa dela enplegu publikoa lortzeko orduan, %33 gustura daude oraingo ereduarekin, eta %18 euskara eskakizunak gehitzearen alde agertu dira.
Estatutu berria ere izan dute galdegai, eta %47k erran dute bertze estatutu baten beharra ikusten dutela lurraldean, eta %23,8k soilik ez duela hain beharrezko ikusten. Estatutu berrian jaso beharreko eskumenen inguruan galdetuta, berriz, hauek dira herritarren lehentasunak: %61ek zerbitzu publikoak babestu ditzatela eskatu dute; %47,5ek zaintza eskubidea bermatzeko; eta %39k sar dezatela haren barrenean erabakitzeko eskubidea ere.
EH Bildu eta EAJ izan dira baloraziorik onena bildu duten alderdiak, eta inkestatuek erabaki behar izan dute bietako zeinen gain utziko luketen zenbait gai kudeatzeko ardura. Arazorik larrienari dagokionez, etxebizitzarenari, EH Bilduk bildu du hura kudeatzeko babes zabalena (%18,9), eta EAJ bigarrena —%17,2—. Aste honetako kontua da, hain justu, Pello Otxandiano koalizio subiranistaren bozeramaileak batzorde tekniko bat eratzeko eskatu diola Pradalesi, batzorde horrek bere gain har dezan Jaurlaritzak eta EH Bilduk etxebizitzaren inguruan egindako proposamenak aztertzea. Bertze gai batean kudeaketa ere emango liokete herritarrek EH Bilduri: herritar zaurgarriak artatzea.
Era berean, segurtasunaren, Osakidetzaren, hezkuntza publikoaren, eta industriaren, enpleguaren eta migrazio politiken kudeaketaz galdetuta, EAJ da «gaituena» ikusten dutena. Hizkuntza politikei dagokienez, pare-parean jarri dituzte bi indar abertzaleak: EAJren aldekoak dira %24,3, eta %23,4k nahiago dute EH Bilduren kudeaketa eredua.
Geopolitika hizpide hartuta, ez dago zalantza handirik: Donald Trump AEBetako presidentea jotzen dute mehatxu nagusitzat (%59). Vladimir Putin Errusiako presidentea dago bigarren postuan (%20,3), eta Txinako merkataritza politika hirugarrenean (%33). Hiru beldur global zerrendatzeko eskatuta, berriz, emaitza hauek eman ditu inkestak: gerra (%45), prezioen bat-bateko igoera (%36), eta demokraziaren kontrako ideien gorakada (%33).