Otxandianok batzorde tekniko bat eskatu du, etxebizitzaren inguruko proposamenak aztertzeko

EH Bilduren esanetan, «kontratu sozial berri bat» behar da, eta auziaz eztabaidatzea galdegin dio Jaurlaritzari. Anduezak eta Diez Antxustegik koalizio subiranistaren jarrera kritikatu dute, baina agerian utzi dituzte koaliziokideen arteko arrakalak.

Otxandiano eta Kortajarena, atzo goizean, Eusko Legebiltzarrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Otxandiano eta Kortajarena, atzo goizean, Eusko Legebiltzarrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Aitor Biain - Iratxe Muxika Karrion
Gasteiz
2026ko ekainaren 17a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk egin du osoko bilkura monografikoaren proposamena, legealdi honetan bigarrenez, eta koalizioko bozeramaile Pello Otxandianok berak zabaldu du eztabaida goizean. Galdera jakin bat jarri du mahai gainean: «Nola bermatuko dugu euskal herritarren bizi segurtasuna ziurgabetasun garaiotan?». Ohartarazi duenez, galdera horri erantzun bat eman ahal izateko ezinbestekoa da «kontratu sozial berri» bati buruz hitz egitea, zerbitzu publikoek okerrera egiteko arriskua baitago, eta ez inbasio militar bat gertatzekoa. Era berean, politika publikoen norabidea aldatzeko beharra adierazi du: «Erakundeen ardura nagusia bizi segurtasuna bermatzea da, ez promesa abstraktu gisa, baizik eta herritarrek bizi proiektu duin bat izango dutela bermatzeko tresna gisa».

Otxandianok ontzat jo ditu Pradalesek Sanchezi egindako proposamenak, baina adierazi du bertatik zer egin daitekeen ere aztertu behar dela, erakundeek ere badituztelako horretarako eskumenak. Bereziki, etxebizitzaren inguruko politiketan egin du azpimarra. Ohartarazi du etxebizitza larrialdia gizartea «hausten» ari dela, eta Jaurlaritzak orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoak. Horiek horrela, beste urrats bat egiteko eta etxea merkatuaren logikatik ateratzeko eskatu du. Nola? Etxebizitza publiko gehiago eraikita.

Hori da, hain zuzen ere, EH Bilduren Posible 30k proposamenaren funtsa, eta, koalizioko eledunaren ustez, proposamen hori hobea da Jaurlaritzak aurkeztutako funts soziala baino. Edonola ere, biak alderatzea nahi du, eta Pradalesi eskatu dio bide eman diezaiola talde tekniko bat sortzeari, bi proposamenak aztertu ditzan: «Eztabaidatu dezagun zein den datozen urteetan etxebizitza publikoak sustatzeko proposamenik onena». Batzorde hori, esan duenez, Jaurlaritzak berak eta EH Bilduk izendatutako adituek osatu beharko lukete, eta xede izan beharko luke aurrera begirako neurririk egokienak zein diren zehaztea. «Herri honek jokoan du bere kohesio soziala, kontratu soziala eta, neurri handi batean, gizarteak gure sistema politikoan daukan konfiantza».

«Eztabaidatu dezagun zein den datozen urteetan etxebizitza publikoak sustatzeko proposamenik onena»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna

Horrez gain, kalitatezko enplegua bermatzea eta fiskalitate «justu eta progresiboa» bermatzea ere ezinbestekoa da, EH Bilduren iritziz. Ian ere, ongizateari eta zerbitzu publikoei eutsi nahi bazaie, «baliabide gehiago» beharko dira. Zaintzaren auzia ere aintzat hartu behar dela ohartarazi du, eta adierazi eskubide bat izan beharrean familia bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa dela gero eta gehiago. Bada, zaintza ere merkatuaren logikatik ateratzeko eskatu du.

Anduezaren oharra

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia kritiko agertu da EH Bildurekin, eta bilkura monografikoa bere proposamenez hitz egiteko baliatu nahi izatea egotzi dio. Are, proposamenen «kontraesanak» eta «pobrezia politikoa» aurpegiratu dio, eta gogorarazi sozialistak lau hamarkada daramatzatela ongizatea lantzen, eta ongizatea bizi segurtasunaren zutabe dela. «Non zineten orain arte?», itaundu dio, eta zera esan: «Gauza bat eskatuko dizuet, atera zaitezte behingoz zuen oskoletik».

Anduezak bere hitzaldia baliatu du, hala ere, gobernu bazkide duen EAJri ere oharra egiteko. Izan ere, sozialisten idazkari nagusiari ez zaio gustatu Pradalesek administrazioari muga jartzea, eta «ongizate estatua berrikusi edo birformulatu» nahi izatea egotzi die jeltzaleei. «Kontuz horrekin. Sobera arrazoi ditugu ohartarazteko ez dugula atzerapauso bakar bat ere emango gizarte babeseko sisteman, zeina 2008ko krisian jada eskuinaren atzerakada politikoaren biktima izan zen».

EAJk ez die garrantzirik eman Anduezaren hitzei. Horren ordez, Joseba Diez Antxustegi bozeramaileak unea baliatu du EH Bilduri kontra egiteko: «Galdera asko egin ditu Otxandianok, bai, baina ez dugu inolako erantzunik ikusi». Jeltzaleen eledunaren hitzetan, «euskal ongizate eredua» aplikatzen dute, eta gehitu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «beste lurralde batzuetan baino egoera hobea» dutela. Osasungintza, hezkuntza eta soldatak aipatu ditu adibide gisa, eta, soldaten kontuari lotuta, berriz ere kritika egin dio EH Bilduri: «Guztiok nahi genituzke gutxieneko soldatak igo, baina, Otxandiano jauna, nola egin hori? Nola, zuek ez badituzue dagozkizuen ardurak hartzen?».

Etxebizitzari dagokionean, berriz, arazo bat dagoela onartu du jeltzaleak, eta esplikatu gobernuko kideak «irtenbide bat bilatzen» ari direla. Baina beste alde bat ere badu esaldi horrek: «Gobernuko kideei dagokigu jardutea, bai, baina oposizioari dagokio onartzea arazo hau ez dela gurea soilik. Arazoa globala da, mundu mailakoa, gu ez gara salbuespen bat, eta hori jakitea arazo bat dugula onartzea bezain garrantzitsua da».

Legebiltzarreko beste bi taldeei dagokienez, berriz, bakoitza mutur batean kokatu da. EAEko PPko buru Javier de Andresek multzo berean jarri zituen EAJ, PSE-EE eta EH Bildu. Haren esanetan, hirurek ere «ezkerreko eredu bat» sustatzen dute, eta administrazioak ezarritako «galgen» aurrean «liberalizazioa» defendatu du: «Gure ekonomia gain behera darama honek, nahiz eta gobernuak hori ez aitortu».

Kontrako norabidean, aberastasunaren «birbanaketa sakona» egiteko erreforma fiskal bat eskatu du Sumarrek. Jon Hernandez parlamentaria «giza segurtasunaz» aritu da, eta zuzenean lotu du kontzeptu hori etxebizitza lortzeko eta baliabide sozialak eta zerbitzu publikoak erabiltzeko aukerarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE