Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratu izanak hankaz gora jarri du agenda politikoa. Kanpaina inoiz eten bada, martxan da berriz, eta etxebizitza du egunotan eztabaidagai nagusi. EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkari eta legebiltzarkide Arkaitz Rodriguezen (1979, Donostia) hitzetan, eztabaida horrek eta bozek eurek agerian uzten dute zein den oraingo dikotomia; koalizioa auziari heltzeko prest ikusten du, baina «ulergaitza» zaio «EAJren ekidistantzia».
Orain arte, legealdia azkeneraino eramatearen aldekoak izan zarete. Ontzat jotzen duzue bozak aurreratzea?
Eztabaida politikoa arras aldatu du Maricarmen izeneko emakume adindunaren etxegabetzeaz geroztik izandako gertaeren bilakaerak, eta galdera bat paratu du erdigunean: nortzuek egiten duten gehiengo sozialen eskubideen alde, eta nortzuek ez. Eta uste dugu testuinguru horrek aukera berrituak ematen dituela ezkerraren mobilizazio handi baterako. Ziurrenik, Sanchezek nekez izango zuen aukera hoberik hemendik aurrera, legegintzaldi amaierara arte. Eta guk garbi utzi nahi dugu ideia bat: hemen partida ez dagoela inondik inora ere galduta. Are, pentsatzen dugu berriro ere gelditu dezakegula bloke erreakzionarioa; Euskal Herrian ziurra da bataila irabaziko dugula. Badaukagu, zorionez, herri bat oso mobilizatua, eta jabetzen dena zer dagoen jokoan hauteskunde hauetan.
Sanchezek bermatuak lituzke EH Bilduren botoak?
Aurreko bi legegintzaldietan bezalaxe, EH Bilduren botoak izango dira, lehenik, bloke erreakzionario horrek Madrilgo gobernua eskura dezan galarazteko. Inolako ñabardurarik gabe esaten dugu. Guk ez dugu espekulatuko edo fribolizatuko egoerarekin. Beste batzuek esplikatu beharko lukete zer dela-eta ez daukaten behar bezain garbi zein den orain erabaki beharrekoa, zein den dikotomia. Eta izango dira balizko bloke plurinazional eta aurrerakoi bat osatzera deituak leudekeen indar politikoak eta, modu berezian, PSOE bera estutzeko. Bloke erreakzionarioa estrulturalki gelditzeko, politika publiko aurrerakoiak behar dira, ezkerrekoak, sozialistak eta antifaxistak, jendartearen segurtasun materiala eta bitala bermatzera bideratuak. Eta behar da, era berean, Espainiako Estatuaren lurralde ereduaz ari garela, bere garaian izan gabeko haustura demokratiko horren bidean aurrera egitea.
Behar beste aurreratu da Sanchezen azken legealdian?
Ez nahikoa, inondik inora. Askoz gehiago egin zitekeen, eta askoz gehiago egin beharra dago. Legegintzaldi honetan, PSOEk nabarmen utzi ditu bere mugak eta bere ezintasunak. Horregatik behar dugu are indar handiagoa, hain justu, PSOE gehiago eta azkarrago egitera behartzeko.
«Ez dugu espekulatuko egoerarekin. Beste batzuek esplikatu beharko lukete zer dela-eta ez daukaten behar bezain garbi dikotomia»
Zerrenda bateratuen alde egin zenuten. Orain, Geroa Baik proposatu du bozetarako lankidetza formulak aztertzea. Halako zerbait posible ikusten duzue Espainiako Kongresurako edo, akaso, Senaturako?
Pozten gaitu hausnarketa horren berri izateak. Azken batean, hori da EH Bilduk azken hilabete luzeetan mahai gainean jarri duen eskaintza. Edonola ere, momentuz ez dugu horren berri zuzenik jaso; komunikabideen bidez izan dugu horren berri. Eta harritu gaitu, orain arte espazio konfederal deiturikoak eta bereziki EAJk EAEn behin eta berriro errefusatu dutelako aukera hori. Oraintsu entzun genuen EAJren zuzendaritzako kide bat Geroa Baik iragarri duen asmo horren kontra eginez.
Aztertuko duzue proposamena?
Komunikatzen zaigunean edo harremanetan sartzen garenean, baloratuko dugu. Eta azkenerako halako zerbait egiterik balego, galdetuko genuke zer dela-eta posible izan litekeen Nafarroan, eta ez zen posible EAEn.
Eta kezkatuta zaudete ezkerreko mugimenduek abstentziorako deia egingo ote duten?
Guk garbi daukagu halako testuinguru batean ez bozkatzea bloke erreakzionario horren balizko garaipenari bidea zabaltzea dela.
Etxebizitza dekretuen bozketa dago deialdiaren oinarrian. Zer irakurketa egiten duzue Kongresuan jazotakoaz?
Dekretu horiek aurkeztu ziren, hain justu, herri presioa artikulatu delako. Baina bertan behera geratu ziren, bloke erreakzionarioak eta bloke erreakzionario horrekin partzialki bederen bat egin zuten indar politikoek bizkarra eman diotelako mobilizazio horri guztiari, eta egoerarik zaurgarrienean direnen eskubideak bermatzeko aldarri horri.
Berriz bozkatuko dira Diputazio Iraunkorrean; EAJk du giltza, baina ezezkoa eman dio bigarren dekretuari.
Etxebizitzaren auzia esku artean daukagun krisi sozialik larriena da, bitarteko nagusia bilakatu delako langile eta herri sektoreetatik kapitaleranzko errenta transferentzian. Horri aurre egin behar zaiola, horrek eztabaidatik kanpo egon beharko luke. Eta aurre egin behar zaio berehalako neurriak hartuta, baina, bereziki, egiturazko neurriak hartuta. Horrexegatik, guk planteatzen dugu bi dekretuak ezinbestekoak direla, aski ez izanagatik. Gehiago esango nuke: lehenengo dekretuan jasota dauden neurriak urgentziazkoak dira, baina bigarrenak jasotzen duen neurria egiturazkoa da; alokairuak mugagabeak izatea. Jendeak nekez ulertuko luke inork, eta zehazki EAJri buruz ari naiz, bigarren dekretu horri kontra egitea. Hala egiten badu, esplikatu beharko dio euskal gizarteari zer dela-eta egiten duen, zer interes dituen horretarako.

Zuk esan duzu: ez dira nahikoa.
Neurri asko hartu beharra dago, eta denbora luzean gainera, honek luze joko baitu. Bermatu behar da etxebizitza parke publiko handi bat —aukeran, alokairuzko etxebizitzena—; alokairuen prezioak mugatzea; eta espekulazioa debekatzea. Gu prestatzen ari gara espekulazioaren kontrako lege bat, eta EAEko Parlamentuan eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dugu. Eta proposamen bat erregistratu dugu EAEko Parlamentuan, eta beste bat Nafarroakoan, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak tentsio handiko eremu izendatu ditzaten EAE eta Nafarroa osoa.
Badago gehiengorik horretarako?
Zalantzarik gabe. Madrilgo bi dekretuak babestuko dituzten indar politikoek gehiengo osoa daukate EAEn eta Nafarroa Garaian. Beraz, pentsatzen dugu baldintzak egon badaudela.
Eusko Legebiltzarrean ez da, bada, halako akordiorik egin orain arte. Zergatik?
EAJk ez duelako nahi, eta ez diolako PSEri urrutira joaten uzten. Uste dugu, seguruenik, PSE prest legokeela urrutiago iristeko, baina badauka burdinazko aliantza bat EAJrekin, eta aliantza horretan elkar neutralizatzen dute. EAJk aldarrikatu ere egin izan du berak moderatu egiten duela agenda sozioekonomikoa. Eta, kontrara, PSEk esan izan du bera dela bermea Eusko Jaurlaritzak ez dezan abentura identitariorik egin. Orduan, etxebizitzaren arloan nabarmena da EAJk galga lana egiten duela.
Hilabeteak dira negoziatzen zabiltzatela beste estatus politiko baterako akordio bat. Hauteskunde deialdiaren ostean, nola daude gauzak?
Denok garbi daukagu jarraitu beharra dagoela hitz egiten eta negoziatzen, herri honen parte honek jauzi bat behar baitu autogobernuan. Hortik aurrera, EH Bilduren jarrera ezaguna da: herri honek behar du beste estatus politiko bat bere nazio izaera aitortuko diona; estatuekiko harreman parekide bat ezarriko duena; parez pare dauzkagun erronka kolosalei erantzuteko botere politiko handiagoa emango diguna; eta euskal herritarren erabakitzeko eskubideari bidea zabalduko diona.
«Denok garbi daukagu jarraitu beharra dagoela [estatus berriaz] hitz egiten eta negoziatzen, jauzi bat behar delako autogobernuan»
Abiada handiagoa eskatu duzue. Negoziazioa gehiegi luzatzen ari da?
Bai, ziurrenera hobe izango zen azkarrago joan bagina. Baina, edonola ere, hemen ez da ezer amaitu. Jarraitu beharra dago, eta hartarako prestasuna dago hiru familia politikoen artean.
Jaurlaritzak esan du ez duela uste falta diren transferentziak hauteskundeak baino lehen beteko direnik. Estatusari dagokionez, Alderdi Sozialistak akordiorako pizgarriak gal ditzake?
Hiru tradizio politikoak bat gatoz gure herriaren parte honen autogobernua eguneratu eta handitu beharra dagoela, eta bide horretan lanean segitzeko konpromisoa egon badago guztion aldetik.
Urte politiko honetan atera dira erabakitzeko eskubide «graduala» eta «etorkizun politikoa erabakitzeko mekanismoak» kontzeptuak.
Ez dut hautsiko diskrezioa.
Mahaian kezka bada PP-Vox gobernu bat iritsiko ote den?
Kezkatzen gaitu, bai. Guretzat, mehatxua erreala da. Ez daukagu zalantzarik txikiena bloke erreakzionarioa nagusituz gero gure autogobernuaren kontra ekingo diotela, gure hizkuntza nazionalaren kontra, gure instituzioen kontra. Ohartarazpen hau bera egin zuen Pradalesek. Horregatik egiten zaigu horren ulergaitza EAJren ekidistantzia eta jarrera espekulatiboa; maila bateraino, friboloa. Mehatxua ez da edonolakoa, eta horri aurre egin behar zaio, determinazioz.