Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 110.000 herritar daude Etxebiden izena emanda. Visesa Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak, ordea, 3.000 etxebizitza babestu eraiki ditu azken hamarkadan. «Datuak dira», adierazi du Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak, eta aldaketak eskatu ditu etxeak egiteko ahalmena orain arte halako hamar izan dadin: elkarlan publiko-komunitarioaren bitartez datozen hamar urteetan 30.000 etxebizitza eraikitzea proposatu du. Bestalde, kalkulatu dute beste 30.000 etxebizitzako eskaintza bat lor daitekeela etxe hutsak eta turismokoak mobilizatuta eta hiriguneen dentsitatea berregokituta. Bere plangintza «egingarria» dela uste du EH Bilduk.
Koalizio subiranistak joan den astelehenean aurkeztu zuen etxebizitzaren larrialdiari aurre egiteko kanpaina, Euskal Herrian posible egin lelopean; eta gaur ezagutarazi du esku artean daukan plangintzaren «bizkarrezurra», Tabakalera kultur zentroan egindako jardunaldian: Posible 30K ekinaldia. Otxandianoren esanetan, herritarren «arazo sozial larrienari» aurre egiteko iniziatiba bultzatu dute, eta proposamen «pragmatiko, egingarri eta eraldatzaile bat» aurkeztu: «Igerilekuez hitz egitetik etxebizitzaz hitz egitera pasatu gara; jendeari gehien inporta zaion gaiaz hitz egitera».
Egoeraren azterketa egitean, Otxandiano kritiko azaldu da azken hamar urteetako etxebizitza politikekin. «Hamarkada galdu» gisa definitu du, argudiatuta ez direla baliatu 2015eko Etxebizitza Legeak eskaintzen dituen baliabideak: «Azken hamarkadan baliatu izan balira, gaur egun ez geundeke egoera honetan, inolaz ere ez». Beraz, «paradigma aldaketa bat» proposatu du.
Batetik, jada eraikita dagoen parkeari erreparatuta, 30.000 «bizitoki» sortu nahi dituzte: 15.000 etxe huts mobilizatu, 5.000 etxebizitza turistiko bizitegi bilakatu eta, hirien dentsitatea berregokituz, beste 10.000 bizitoki eskuratu. «Etxebizitzak bizitoki izan behar du beste ezer baino lehenago», adierazi du, eta gehitu etxeen «funtzio soziala» lehenetsi behar dela: «Etxebizitza aktibo finantzario espekulatibo bat den bitartean, ez da eskubide bat izango».
Aliantza handi bat
Hala ere, EH Bilduko eledunaren arabera, beste 30.000 etxe ere beharko lirateke herritarren premiari erantzuteko, eta gehitu du etxe horiek publikoak izan behar dutela. Batetik, adierazi du Visesak intentsitatea handitu beharko lukeela, eta araubide bereziko babes ofizialeko 10.000 etxebizitza eraiki datozen hamar urteetan. Gainerako 20.000 horiek bideratzeko, berriz, «kolaborazio publiko-komunitario» baten alde egin du EH Bilduk. Izena ere jarri dio: Etxebizitza Eskuragarria Sustatzeko Erakundea (EESE). Hark araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak eta prezio tasatukoak sustatzea izango luke helburu, eta erakunde publikoek, banku fundazioak eta enpleguko BGAEak osatuko lukete.
Zedarriak foroak 2025eko bukaeran adierazitakoaren arabera, 5.500 eta 7.000 milioi euro artean inbertitu beharko lirateke bizitoki premiari erantzun bat emateko. EH Bilduren ustez, baina, ez litzateke horrenbeste diru beharko: 3.000 milioi euro jarrita lortu daitekeela uste dute. Haien arabera, Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euroko funts bat osatu beharko luke, industria arlorako egin bezala; BGAEk 375 milioi euro jarriko lituzkete, eta hiru banku fundazioek —BBKk, Kutxak eta Vitalek—, beste 625 milioi. Otxandianoren ustez, fundazioek egin dezaketen «obra sozialik onena» litzateke, eta BGAEentzat ere «inbertsio egokia» litzateke, %4ko errentagarritasuna eskuratu dezaketela kalkulatu baitute.
Horrez gain, kanpo finantzaketa eskuratu dezaketela ere adierazi du, Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) eta Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) bitartez. Kalkulu «kontserbadore» bat egin dute, Otxandianoren hitzetan, eta aurreikusi dute 1.500 milioi euro eskuratu ditzaketela. Beraz, guztira, 3.500 milioi euro inguruko inbertsio bolumena egongo litzateke, EH Bilduk egindako kalkuluen arabera.
Ildo berean, erakunde berriak hasierako inbertsio publikoaren ondoren doituko luke bere kudeaketa, abian jartzen denetik lehenengo hemezortzi hilabeteetatik aurrera; eta, horrela, finantza burujabetza bermatuko luke. Gainera, ahal dela alokairuaren alde egingo luketen arren, salmentaz baliatuko lirateke operazioaren bideragarritasuna eta finantza egonkortasuna bermatzeko.
EH Bilduk egindako kalkuluen arabera, etxe horietako bat eraikitzeko batez besteko kostua 150.000 eurokoa izango litzateke. Horiek horrela, hilean 650 euroan alokatu ahalko litzateke, eta 225.000 euroan erosi. Horrek, koalizioaren ustez, sektore pribatuan eragina izango luke, eta etxebizitzen prezioak «egonkortzen» lagunduko luke.
Non eta zertarako
Gaitasun instituzionalaz eta ekimena aurrera eramateko «muskulu finantzarioaz» aritu ostean, lurzoruaren auziari erreparatu dio Otxandianok. EESEk lurzoru publikoan jardungo luke, Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik lurra erosita. Jaurlaritzak azalera eskubideak lagako lizkioke erakunde berriari, 75 urtez, eta ondoren administrazioaren esku geratuko lirateke.
Lurzoru hori eskuratzeko, udalen lagapenak lirateke iturri nagusia, eta lurzoruak erosteko eta desjabetzeko aukera ere mahai gainean jarri du. «Hemen asko desjabetu da azpiegiturak egiteko: errepideak eraikitzeko, abiadura handiko trena igarotzeko eta abar. Ez da lehen aukera, baina legeak baimendu egiten du, interes orokorreko azpiegitura bat eraikitzeko bada». Hori guztia aurrera eramateko, baina, lurralde plan sektorial bat ondu beharko luke Jaurlaritzak, non eta zer etxebizitza mota eraiki erabakitzeko.
Otxandianoren arabera, azaldutako proposamena aurrera eramateak bestelako onurak ere ekar ditzake. Haren esanetan, erakunde publikoak enpresei segurtasuna emateko gai badira, industria berri bat sortu daiteke eraikuntzaren inguruan: «Krisi sozial bat aprobetxatuko genuke gure herrian industria berri bat sortzeko, eta herri honetan badaude enpresak nahiko erraz erreakzionatu dezaketenak urrats hori egiteko».Â