Alokairuzko etxebizitza batzuen errentak mugatzeko indizeak dituzte jada Gipuzkoako udalerriek

Zortzi hilabetez datuen zain egon ondoren, gaur argitaratu dira Gipuzkoako erreferentzia indizeak. Tentsio handiko eremu izendatu dituzten udalerrietan izango du eragina: Donostian, Irunen, Errenterian, Lasarte-Orian eta Zumaian.

Etxebizitza eraikin bat, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Etxebizitza eraikin bat, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
kristina martin
2025eko irailaren 30a
17:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur argitaratu ditu Gipuzkoako erreferentzia indizeak, udalek alokairuen prezioei mugak jartzeko beharrezkoak dituzten datuak, alegia. Espainiako Etxebizitza Legearen pean tentsio handiko eremu izendatu zituzten Gipuzkoako bost udalerrietan izango du eragina neurriak: Donostian, Irunen, Errenterian, Lasarte-Orian eta Zumaian. Neurria bihar sartuko da indarrean.

Erreferentzia indizeak alokairuan dauden etxebizitzen errentak mugatzen ditu hiru kasutan: jabe handien kasuan —bost etxebizitza edo gehiago dutenak—, lehen aldiz alokairuan jartzen diren etxebizitzen kasuan, eta azken bost urteotan alokairuan egon ez direnetan.

Atzerapen handiz datoz datu horiek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak duela ia urtebete —urriaren 2an— izendatu zuen Errenteria tentsio handiko eremu, nahiz eta izendapena ofizialki urtarrilaren 30ean sartu zen indarrean —BOEn argitaratu zenean—. Eusko Jaurlaritzak gobernatzen dituen hiru lurraldeetako lehen udalerria izan zen Errenteria. Gipuzkoari dagokionez, Errenteriaren atzetik etorri ziren Lasarte-Oria, Zumaia, Irun eta Donostia udalerrien izendapenak. Bestalde, tentsio handiko eremu izendatzeko prozesuan ari dira Hernani, Astigarraga, Lezo, Usurbil, Zestoa, Arrasate eta Tolosa. 

Gipuzkoako Foru Ogasunari dagokio erreferentzia indize horiek osatzeko beharrezkoak diren datuak biltzea, baina, zortzi hilabeteko atzerapenaren ondorioz, alokairuaren merkatuan esku hartzeko udalerriek dituzten tresna batzuk ez atzera ez aurrera geratu dira. 

Nahi baino geroago

Errenteriako alkate Aizpea Otaegik uste du albiste ona dela, nahi baino geroago etorri den arren. Otaegik espero du indizeak indarrean sartzeak lagunduko duela, «pixkanaka-pixkanaka bada ere», alokairuaren prezioak murriztu daitezen.

Bihartik aurrera, beraz, Gipuzkoako datuak jasota egongo dira Espainiako etxebizitzaren alokairuaren erreferentzia prezioen sisteman (Serpavi). Alokairuaren prezioen tarteak jakiteko, katastroaren erreferentzia edo etxebizitzaren helbide osoa jarri behar da. Gehienezko eta gutxieneko errentak ezartzeko, sistemak kontuan hartzen ditu honako hauek ere: energia ziurtagiria, eta etxebizitza zein solairutan eta nola dagoen ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.