Irungo Harrera Sareak Bidasoa eskualdeko (Gipuzkoa) etxebizitzetan migratzaileak jasotzeko dei egin du. Harrera sareak ohartarazi duenez, migratzaileak egoera «larrian» daude, eta deialdiaren asmoa da etxe partikularretan egonaldi laburrak egitea eta etxebizitzen sare solidarioa sortzea. Izan ere, sareko kideek salatu dutenez, zenbait migratzailek ez dute bitarteko publikoetan sartzeko aukerarik, «plaza libreak egon arren, lehenago erabili dituztelako». Areago, nabarmendu dute Irungo aterpetxeak ez duela ostatua emateko epeak luzatzea aurreikusi eta alde batera utzi dituela baldintza klimatologikoek eragin ditzaketen ondorioak.
Sareak emandako datuen arabera, urtarriletik azarora bitartera arte 2.100 migratzaile baino gehiago jaso dituzte; gehienak, Gineako Errepublikatik eta Boli Kostako Errepublikatik iritsitakoak. Hala, harrera sareak dei egin die herritarrei lokal bat lortzen laguntzeko, eta iristen diren migratzaileei harrera egitea eta informazio eskaintzea posible izateko. Udalaren jarrera ere salatu du: «Irungo Udalak ez dio erantzunik eman sareari zeregin horietarako lokal bat uzteko aukeraren inguruan».
Kanporatzeak «gora»
Frantziako Gobernuak azken asteetan ustez eginiko «legez kanpoko kanporatzeen» gorakada ere izan du gogoan harrera sareak. Ohartarazi duenez, gobernuak migrazioa eta asiloa murrizteko neurriak aurkeztu zituen azaroaren 6an, eta orduz geroztik, harrera sareak jakinarazi du Frantziatik «ilegalki» kanporatutako pertsona gehiago jaso dituela. Bordelen atzerritarrak barneratzeko zentro bat irekitzea da neurrietako bat, besteak beste. Sareak, ordea, salatu du halako zentroetan ez dela migratzaileen eskubideen alde egiten: «Deliturik egin ez duten pertsonentzat ezkutuko kartzela horietan ematen diren urraketak ezagututa, ez zaigu iruditzen migratzaileen eskubideak bermatzea bilatzen duen neurria denik».