Etxegabe baten heriotzaren harira, murrizketak salatu dituzte

Barakaldon hildako emakumea oroitzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur eta bihar

Emakume etxegabeentzako aterpetxea itxiko zutela salatu zuten uztailean, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
42 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) Bagatza auzoko kutxa automatiko batean. Emakumezkoa zen, Bilbokoa. Barakaldoko Udaltzaingoa hasi zen kasua ikertzen, baina, orain, Ertzaintza ari da lanean. Azaldu dutenez, gorpua Auzitegi Medikuntza Institutuan dago; heriotzaren kausak ikertzen ari dira. Mireia Saiz Argitan emakumeentzako aholku etxeko bozeramaileak argi utzi du: «Emakume horren heriotza gizarte murrizketen eta aterpetxearen itxieraren zuzeneko ondorio bat da».

Izan ere, Argitan-ek, Berri Otxoak pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontrako elkartearekin batera, duela bi hilabete salatu zuen kalean bizi diren emakumeentzako aterpetxea itxi zutela. Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren ondorioei aurre egiteko bideratutako diru laguntzekin jarri zuten martxan. Zentroa Arrontegi auzoan zegoen, eta sei emakumerentzako tokia zuen. Ekainaren 30ean amaitu zen diru laguntza. Eta, horren ostean, Barakaldoko Udalak epe «txiki» baterako laguntza ezarri zuen, «aurrekontu parte hartzaileetan eskaera hori» agertu zelako. Hala ere, handik gutxira itxi zuten. «Itxurakeria hutsa» leporatu dio Saizek udalari: «Herriko jendeak behar dituen oinarrizko zerbitzuak ezin dira diru laguntzetara lotuta egon; udalaren betebeharra da baliabide horiek egonkor mantentzea».

Momentu honetan, emakume etxegabeek aukera bakarra dute aterpetxe batean lo egiteko: «Aterpetxe mistora joatea». Saizen arabera, emakumeak «eremu maskulinizatuetan» ez dira seguru sentitzen. «Erasoak jasan ahal dituzte horrelako tokietan; horregatik, emakume askok ez dituzte horrelako zerbitzuak erabiltzen, beldur direlako». Arreta zehatza eskainiko duten baliabideak aldarrikatu ditu Saizek. «Emakumeek kalean indarkeria matxista eta sexu erasoak jasaten dituzte; beharrezkoa da haiei arreta espezifikoa eta espezializatua eskaintzea». Genero perspektiba eta perspektiba feminista ezinbestekoak direla azpimarratu du.

Arrontegi ixteaz gain, udalaren kale hezitzaileen talde bat ere bertan behera utzi zuten ekainaren 30ean. Taldeak laguntza ematen zien kalean bizi zirenei. «Hori ere oinarrizko zerbitzua zen prekaritatean eta pobrezian bizi direnentzat». Saizen arabera, udalak ez du «borondate politikorik» erakutsi gizarte baliabideak handitzeko eta behar direnak martxan jartzeko. «Sentsibilitaterik ez izatea» egotzi dio.

Emakumeak, are okerrago

Saizek gogora ekarri du murrizketek ondorio «larriagoak» dituztela andreengan: «Emakumeok intentsitate handiagoarekin bizi dugu prekaritatea, pobrezia eta bazterketa soziala». Haren arabera, udalak etengabe egiten ditu gizarte murrizketak, eta «beti» uzten ditu bertan behera emakumeentzako zerbitzuak. Aldaketa «sakonak» aldarrikatu ditu. «Ez dute kontuan hartzen pertsonen bizitza duinak jokoan daudela».

Hildako emakumea omentzeko, Bestebi egoitza inklusioaren eta etxegabetasuna desagerraraztearen aldeko plataformak bilkura bat egingo du gaur Herriko Plazan. Era berean, bihar, gertatutakoa salatuko dute Berri Otxoak-ek eta Argitan-ek. Bagatza auzoko Santa Teresa plazan elkarretaratzera deitu dute: «Kutxa automatikoan bertan bilduko gara; emakumea oroitzeko eta salaketa egiteko». Etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatuko dute. «Ezin dugu onartu beste inor kalean hiltzea; egoera oso larria da, eta guk horrelako gertakariak salatzen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.