Etxegabetze bat eten dute Irunen, akordio bat erdietsita

Kutxabank familiarekin negoziatzen ari da, etxea «onurazko baldintzetan» saltzeko. Kaleratzerik Ez plataformak gogoratu du beste hamasei familia daudela etxegabetze arriskuan.

Kaleratzerik Ez plataformaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Kaleratzerik Ez plataformaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 3a
09:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaleratzerik Ez plataformak uztailaren hasieran jakinarazi zuen Irunen (Gipuzkoa) bere bost seme-alaba adingabeekin bizi den emakume bat etxegabetze arriskuan zegoela. Kaleratzea gauzatzeko eguna ere ezarria zegoen: irailaren 7a. Atzo, baina, prozedura behin-behinean eteteko eskaera egin zion Kutxabankek —etxebizitzaren jabeak— epaitegiari. Aldeek urriaren 30era arteko epea ezarri dute etxea emakumearen senide batek erostea negoziatzeko.

Emakumeak zortzi urte daramatza etxe hartan. Aurreko jabeei alokatu zien, baina haiek ez zioten adierazi etxegabetze agindu bat zutela hipoteka ez ordaintzeagatik. Hala, etxebizitza bankuaren esku geratu zen.

Etxegabetzea gauzatzeko, Kutxabankek auzitara jo zuen, eta epaitegiek ebatzi zuten emakumearen alokairu kontratuak ez zirela baliozkoak, eta ekainean jakinarazi zuen kaleratze agindua.

Bi aldeek, baina, negoziatzen jarraitu dute, Irungo Udalaren eta Kaleratzerik Ez plataformaren bitartekaritzarekin. Hala, Kutxabankek epaitegiari eskatu dio etxegabetzea urriaren 30era arte atzeratzeko. Bitarte horretan, emakumearen familiarekin elkarrizketan ari dira, etxebizitza «onurazko baldintzetan» erosi dezaten.

Kaleratzerik Ez plataformak ontzat jo du erabakia, «etxegabetzeko mehatxu jasanezina» etetea lortu dutelako. Halere, gogoratu dute Gipuzkoan beste hamasei familia antzera daudela, «kontratuen amaiera eta ezkutu sozialaren erorketa» direla medio; besteak beste, irailaren 17rako etxegabetze agindu bat ezarrita dago Errenterian (Gipuzkoa). Horiek hala, elkarretaratze bat egingo dute larunbatean, 11:00etan, Donostiako Bulebarreko kioskoan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA