Etxerat elkarteak adierazi du koronabirusa dela-eta bere «kezka nagusia» gaixorik dauden euskal presoak eta 70 urte baino gehiago dituztenak direla, eta haien askatzeko eskatu du. «Arriskua eta zaurgarritasuna bikoiztu egiten dira espetxean, eta haiek askatzea ezinbestekoa da», esan du, ohar batean.
Etxerat-en esanetan, Espainiako Estatuko 30 erakundek baino gehiagok Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeei kartzeletan premiazko neurriak eskatu dizkiete, eta elkarteak atxikimendua agertu dio proposamenari. «Bide batez, Frantziako Estatuko autoritateei ere zabaltzen diegu eskaera, arrisku handiko taldeetan diren preso batzuk kalean izango zirelako fiskalaren blokeorik gabe».
Bisita oro eten dela eta, Etxerat-ek dio presoei ezin zaiela senideekiko konexioa eten, eta beharrezkotzat jo du bideo deiak eta baliabideak doan izatea. «Ezin da sufrimendua areagotu».
Elkarteak joan den urtarrilaren 8an jakinarazi zuen «larriki eri» diren hemeretzi euskal preso zeudela orduan, eta batzuek «arrisku oso larria» dutela.
Josu Urrutikoetxearen aurkako epaiketa bat, uztailaren 8ra atzeratua
Frantziak atzeratu egin du Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurkako epaiketa bat. 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kide izatea egotzi ziotela-eta, atzorako hitzordua zeukan Urrutikoetxeak, Parisen, auziko kontu tekniko batzuk eztabaidatzeko, baina epaimahaiak erabaki zuen epaiketa uztailaren 8ra gibelatzea. Abokatuei aurrez abisatu zieten.
Haren sendiak dioenez, Parisek gutunak blokeatuak dizkio berriz ere joan den astetik. Bi aste dira ez duela eskutitzik jaso. Egunkariak soilik jasotzen ditu.