Eudel aurrekontuak onartu gabe geratu da lehen aldiz, EH Bilduk abstentziora jota

Koalizioak ez du ontzat jo elkarteko zuzendari nagusia hautatzeko prozesua, eta aurrekontuak onartzeko zazpi botoren faltan geratu da elkartea. EAJk eta PSE-EEk koalizio subiranistaren kontra jo dute.

Esther Apraiz Eudeleko presidentea, elkartearen urteroko batzarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Esther Apraiz Eudeleko presidentea, elkartearen urteroko batzarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi - Iosu Alberdi
2026ko otsailaren 19a
13:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen aldiz gertatu zaio 40 urtetik gorako ibilbidean: Eudelek ezin izan ditu aurrekontuak onartu, EH Bilduk abstentziora jo duelako gaurko batzar orokorrean. Botoen hiru bosten —zehazki, 538— behar zituzten horiek aurrera ateratzeko, baina 531 baino ez dituzte eskuratu. Horiek horrela, iazko aurrekontuak luzatu beharko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteak. Esther Apraiz (EAJ) Derioko alkate eta Eudeleko presidenteak «atsekabea» adierazi du, eta EAJk eta PSE-EEk koalizio subiranistaren kontra jo dute. Oinarrian, elkarteko zuzendari nagusia aukeratzeko prozesuaren nondik norakoak daude. «EAJk enpresa jakin bat izendatu nahi du Eudeleko zuzendari nagusi berria aukeratzeko, eta EH Bilduk ezin du hori ontzat eman», dio koalizioak.

EH Bilduk atzo argitu zuen bere jarrera zein izango zen, eta, ondorioz, mahai gainean zegoen gaur aurrekontuak aurrera ez ateratzeko arriskua. Koalizio subiranista kritiko agertu da Eudelek bere zuzendari nagusia hautatzeko aukeraketa prozesua kanpoko aholkularitza baten esku utzi duelako: Campo y Ochandiano egiten ari da hautagaien galbahea. Hala, uste du beharrezkoa dela egoera hori bideratzea elkarteak aurrekontuak onartu ahal izateko.

Arazoaren oinarria iazko maiatzean dago, prozesuaren hasieran. Koalizioaren arabera, enpresa hark adierazi zuen ezin zuela auzia kudeatu, eta, horren ondorioz, eten egin zen prozesua. Berriz ekitearekin batera, baina, balorazio irizpideak aldatu ziren. Besteak beste, EH Bilduk salatu du baloratzen den jarduera politiko bakarra Eusko Jaurlaritzako kargudun gisa aritu izana dela, eta lehen prozesuan ez bezala bigarren horretan enpresaren esku utzi zela eginbeharren zuzendaritza ere. Koalizioak ez du onargarritzat jo: «Gauza bat da enpresa batek laguntza lan teknikoa egitea; beste bat, funts publikoekin soilik finantzatutako erakunde baten hautaketa prozesu bat zuzentzea».

Hain zuzen, behin batzarra amaituta, Azpeitiko alkate eta Eudeleko presidenteorde Nagore Alkortak EAJri egotzi dio abstentzioaren erantzukizuna: «Hasieratik adierazi genuen zuzendari nagusia aukeratzeko prozesua jada ezarritako gardentasun irizpide batzuen arabera egin behar zela. EAJk ez die arau horiei jarraitu nahi izan, eta abstenitzea beste aukerarik ez dugu izan». Koalizioak azaldu du eurek elkarlanean aritzeko konpromisoa dutela, eta horren adibidetzat jo dituzte iazko aurrekontuak onartu izana eta kontratazio protokolo bat adostu izana. «Hori bera da, hain zuzen ere, zuzendari nagusia hautatzeko prozesuan bete nahi ez dutena».

Apraizek, baina, ez du bat egin analisi horrekin. «Alegazioen epean ez da desadostasunik egon. Zaila egiten zait ulertzea aurrekontuekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik horrelako erabaki bat hartzea», adierazi du, bozketaren ostean. Eudeleko presidentearen esanetan, erabakiak ondorioak izango ditu udaletan, Eudelek ematen dituen zenbait zerbitzutan «eragin zuzena» izango duelako: «Agian ezingo ditugu aurreikusita zeuden proiektu estrategiko guztiak osorik garatu». Eta, horrekin batera, «eztabaida lasai, sakon eta serio» bat sustatzeko asmoa azaldu du Eudelen gobernua osatzen duten alderdien artean.

Gogorrago mintzatu dira EAJ eta PSE-EE. Jeltzaleek ohar batekin egin dute EH Bilduren kontra, eta aurrekontuak «arrazoirik gabe blokeatu izana» egotzi diote: «Geldiarazi egiten ditu udal lankidetzan, udalentzako laguntzan eta tokiko kudeaketaren modernizazioan beharrezkoak diren aurrerapenak». Funtsari helduta, berriz, ez du bat egiten zuzendaria aukeratzeko ereduaren inguruko kritikarekin, jeltzaleen ustez «erakundearen espirituarekin bateraezina den inposizio bat» delako. Hain zuzen, koalizio subiranistari egotzi diote zuzendari postua «bere inguruko profil politiko bihurtzeko premia larria» erakutsi izana. «Blokeo» hitza erabili du PSE-EEk, eta EH Bilduri leporatu dio hauteskundeei begirako erabaki «alderdikoi» bat hartzea: «Aurrekontuetatik kanpoko gai batek baldintzatu du haren botoa, eta hauteskunde aurreko konfrontazio giro batera eraman du elkartea». 

Eudeleko zuzendaritzak 5,3 milioi euroko aurrekontu bat prestatu zuen, eta hura bozkatu da gaurko batzar nagusian. Aurrekontuen parte esanguratsu bat, %40 inguru, pertsonal gastuetarako da. Era berean, 680.000 euro inguru ikerketa eta lan arlora bideratzeko asmoa zuten. Hor kokatzen dira elkarteak udalekin elkarlanean garatu asmo dituen lan ildo nagusiak. 

Turismo tasa

Batzar orokorra Eudelek aurrera begirako asmoak azaltzeko espazioa ere bada, eta garatu nahi dituzten lan ildoei dagokienez, Apraizek indar berezia egin du turismo, etxebizitza eta segurtasun arloetan. Hain zuzen, Eudel turismo tasaren aplikazio bateratua bultzatzen saiatuko da. Horretarako, ordenantza fiskalaren eredu bat prestatuko du udal guztiek modu berean aplikatu dezaten. Eredu horrekin «segurtasun juridikoa» eta «koordinazioa» bermatuko dela nabarmendu du Apraizek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek turismo tasa onartzea falta den arren, Apraizek nabarmendu du udalen nahia litzakeela sei hilabetean zerga zehaztu ahal izatea, ondo bidean uda honetan aplikatzeko. Horretarako lantalde bat sortuko du, eta aurreratu du ordenantza fiskalaren ereduak kontuan izango duela udalerri bakoitzaren «errealitate espezifikoa».

Turismo tasa aplikatu eta kobratzea udalei dagokie, baina 25 ostatu plaza baino gutxiago dituztenek %100eko hobaria ezarri ahal izango dute. Gainerako udalerriek, berriz —194 Eudelen arabera—, derrigorrez aplikatu beharko dute. Ikusi beharko da ondoren udal bakoitzak eredu hori onartzen duen ala ez.

«Ertzaintzaren eta udaltzainen arteko elkarlana indartuko dugu. 2017an bi Polizien prestaketa bateratu zenetik, udaltzain lantaldeen %50 berritu ditugu»

ESTHER APRAIZ Eudeleko presidentea

Aurtengorako ekintza ildoetako bat da tasaren homogeneizazioa, baina hitzaldiaren parterik handiena etxebizitzak hartu du: «Herritarren kezka handienetakoa da, eta udalentzako lehentasun saihetsezina». Alde horretatik, udalen lana goratu du, eta nabarmendu beren ardurak hartzen ari direla.

Aurtengora begira, hiru lan ildo planteatu ditu: udal jardunbide egokien datu base bat sortzea, udal batzuek besteen esperientziatik ikasi ahal izateko; etorkizuneko Lurzoru Legeari begira egongo den diagnostiko bat sortzea, eta bizitegi tipologia berriak txertatuko dituzten hirigintza gidalerroak egitea. Baina zeintzuk dira tipologia horiek? Bi aipatu ditu: etxebizitza komunalak eta etxebizitza bilakaturiko lonjak.

20.000 langile hitzarmenaren zain

Segurtasuna aipatu du, eta udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko akordioa txalotu du. Nabarmendu du 2017an bi polizia ereduen prestaketa bateratua ezarri zenetik udaltzain lantaldeen %50 berritu direla. Halaber, iragarri du bien koordinazioa indartuko dela: «Udaltzainak zaindu egin behar ditugu». Bide horretan, «premiazkotzat» jo du behin baino gehiagotan delituren bat egiten dutenen auzia konpontzea.

Udalhitz hitzarmena ere hartu du hizpide, 20.000 udal langileren lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmena. Zehaztu du akordioa lortzea «prozesu konplexua» izaten ari dela, eta iazko otsailaz geroztik hemezortzi bilera egin eta bost negoziazio mahai osatu dituztela sindikatuekin. Nabarmendu du akordioa lortzea oso garrantzitsua dela akordioaren segurtasun juridikoa bermatzeko.

Horiez gain, besteak beste, landa eremuko udalerri txikiekin, gizarte kohesioarekin, enpleguarekin eta euskararekin zerikusia duten hainbat egitasmo aurkeztu ditu. Azken horri dagokionez, iragarri du Eudelek nerabeen aisialdian euskara sustatzeko gida bat argitaratuko duela, «euskararen erabilera hezkuntzatik harago eraman ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!