Eudelek bere antolaketa, funtzionamendua eta izaera eraberritu ditu, araudi eta estatutu berriak onartuta. Elkartearen Batzar Nagusiak hartu zuen erabakia, atzo, Gasteizko Europa biltzar jauregian egin zuen bilkuran; hain justu, Tokiko Erakundeen Legea indarrean jarri zen egun berean. EAJk eta EH Bilduk adosturiko proposamenaren alde bozkatu du PSE-EEk ere, eta, beraz, ia aho batez onartu da. Estatutuak onartuta, gobernu organoen kideak berrituko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak biltzen dituen elkarteak. Maiatzaren 16an abiatuko da horretarako prozesua, Elgoibarren antolatuko den bilkuran. Karguak berrituta, bide emango zaio EH Bilduk Eudelen zuzendaritza organoetan ordezkaritza izateari.
Bi organo dira berrituko direnak. Batetik, Batzorde Eragilea; Eudelen jarduna zuzentzeko ardura du, Batzorde Orokorrak adosten dituen ildoen arabera betiere. Hiru lurraldeetako 15 udal ordezkarik osatzen dute. Horien artean, elkarteko presidentea eta bi presidenteordeak. Bestetik, Lurralde Batzordeko kideak hautatuko dira: bederatzi kide, hiru lurraldeetako bakoitzean.
Imanol Landa Eudeleko presidentearen ustez, garrantzitsua da elkartea berritzea, «dagoeneko duen aniztasuna areagotu» egingo delako. Landak Tokiko Erakundeen Legeak «eskaintzen dituen aukerak baliatzeko» eskatu die udalei. Legeak Eudel indartzen duela adierazi du, «udalen bitartekari goren gisa» aitortzen duela iritzita.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka ere Eudelen bilkuran izan zen atzo, Tokiko Erakundeen Legea udalei aurkezteko. Erkorekaren esanetan, «erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da» legea aplikatzerakoan. Jaurlaritzaren arabera, legearen helburuak «udal autonomia bermatzea» izan behar du, baina, era berean, erakunde maila guztien arteko «jardun egokia» lortzea.
EH Bilduren ustez ere «garrantzitsua» izan da Eudelek estatutu berriak onartzea, «udalen erronkei» hobeto erantzungo dion elkartea lortzeko «lehen urratsa» izan delakoan. Eneko Maioz Orexako alkateak testuinguruan kokatu du erabakia. Azaldu duenez, «Euskal Herrian aldaketa sakona gertatzen ari da udal politikan». EH Bilduk esana du udalak nazio eraikuntzaren protagonista bihurtu nahi dituela. Alde horretatik, Udalbiltzak «ateak irekiak» dituela gogorarazi du Maiozek. Haren iritziz, Eudelek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Iparraldean sortuko den lurralde erakundeak elkarlanerako esparruak bilatu behar dituzte, eta Udalbiltzak horretan lagundu dezakeela uste du.
Eudelen eraberritzea «aurrerapausoa» da PSE-EEren ikuspuntutik ere. Zumarragako alkate Mikel Serranok adierazi du EH Bildu «Eudelera gerturatzea albiste ona» dela.
Hurrengo erabakiak
Gobernu organoetako ordezkariak aukeratzeko prozesua maiatzaren 16an abiatuko da, Elgoibarren egingo den bilkuran. Barne hauteskundeak antolatuko ditu Eudelek, eta alderdi politikoek zerrendak osatu beharko dituzte.
Horrez gain, elkarteak badu, ordea, beste ordezkari batzuk izendatzeko premia. Izan ere, Eudelek Euskal Finantzen Kontseiluan kide gisa parte hartuko du lehenengoz, Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera, Tokiko Erakundeen Legeak hala gaituta. Udal elkarteak hiru ordezkari hautatu beharko ditu, beraz, eta lehendakariari proposatuko dizkio. Legearen garapenarekin eratuko diren beste bi eztabaida gunetarako ordezkariak ere izendatu beharko ditu: Tokiko Gobernuen Batzorde eta Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilurako, hain zuzen.
Udalak. Eudelen batzarra
Eudelek karguak berritzeari ekingo dio, estatutuak aldatzea onartuta
Gobernu organoak berritzeko prozesua abiatuko du maiatzaren 16ko bilkuran. Estatutu berriak ia aho batez onartu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu