Euroeskualdeak «bultza eta bultza» jarraituko du «konexioak indartzeko» asmoz

Imanol Pradales izendatu dute Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko buru, eta munduko ziurgabetasuna kontuan hartuta «erantzukizunez» jardungo dela hitzeman du. Erakundeko ordezkariek mugaz gaindiko lankidetza indartu nahi dute.

Gasteizen, euroeskualdearen batzarra. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Gasteizen, euroeskualdearen batzarra. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 10a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

100.000 kilometro karratu denera, eta beste esku bat lurraldearen aginte makilari eusten. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatu dute gaur Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko buru, eta 2028ra arte izanen da agintean. Krisiei eta gerrei begira jarri da berehala, eta onartu du «erantzukizun handia» sentitzen duela: «Euroeskualdearen izenean, bidegabekeriei erantzun bat eman behar diegu». Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak erran du «orain arte bezala» jarraituko dutela lanean; nagusiki, «mugaz gaindiko ekimenak» bultzatzen.

Alta, nazioarteko arazoak landa utzita, euroeskualdea zeharkatuko duen garraio proiektua izan dute solasgai Pradalesek, Txibitek, eta Mathieu Berge Akitania Berriko hautetsiak: abiadura handiko trena. Bat datoz hirurak: konexio «arinago bat» lortu nahi dute, Akitania Berriaren, EAEren eta Nafarroaren artean, eta proiektua «bultza eta bultza» jarraituko dute.

Badago zeri egin bultza; izan ere, oraindik ez dago argi noiz bukatuko duten Bordele eta Akize (Okzitania) arteko trenbidea, eta, beraz, auskalo euskal Y-arekin lotura ere noiz eta nola akitzen duten. Akitania Berriko euroeskualdeko Mugaz Gaindiko Lankidetza, Portu eta Aireportuetarako kontseilaria da Berge, eta salatu du Frantziako Gobernuak ez duela garraio proiektuaren aldeko urratsik egiten. Berak, kontrara, bi lehendakariei adierazi die elkarlanean jardun behar dutela herrialdeen arteko konexioa indartzeko. Horixe izanen da, Pradalesen erranetan, aurtengo eginbehar nagusietako bat: «Euroeskualdeak herrialdeen arteko lotura eta kohesioa lortzeko tresna izan behar du».

Pradalesek, baina, ohore adina ziurgabetasun erakutsi du lehendakaritza hartu berritan: «Krisiak eta gerrak bata bestearen atzetik datoz, eta gure bizimoduan eragin zuzen-zuzena daukate». Hortaz, erran du «erantzukizunez» jarduteko premia dutela, eta ahaleginak eginen dituztela «ahal bezain ondo» erantzuten asmatzeko nazioarteko «ziurgabetasun egoerari». Dena den, badaki zein diren euroeskualdearen mugak: «Munduko ziurgabetasunari aurre egitea ez dago nire esku, ezta euroeskualdearen esku ere, baina bai, egoera halakoa izanik, nola erreakzionatzen dugun».

Segidan, elkarlanaren aldeko aldarria egin du, eta esplikatu Europaren mugak tentsio geopolitikoetarako «aitzakia» diren garai honetan «aukera gune bat» bilakatu dela euroeskualdea. «Indarrak batu behar ditugu; euroeskualdea ondo funtzionatzen duen tresna praktiko bat baino askoz gehiago da», erran du. Eta hitzeman ahaleginduko direla herritarren bizimodua hobetzeko «irtenbide zehatzak» lortzen.

(ID_15879726) ESPAÑA ASAMBLEA EURORREGIÓN
Maria Txibite, Imanol Pradales eta Mathieu Berge, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Lehendakariek hainbatetan nabarmendu dutenez, argi daukate euroeskualdeak zer helburu nagusi duen: mugaz gaindiko lankidetza herritarren zerbitzura dagoen tresna eraginkor bihurtzea. Bada, Pradalesek azaldu du nola lortu nahi duen hori: «Politika publikoak behar ditugu, tokiko dinamikak eta Europako finantzaketa artikulatuko dituztenak». Alde horretatik, sinistuta dago euroeskualdeak lurraldeen arteko lotura errazten eta katalizatzen lagundu duela.

Pradalesen hitzaldiaren ondotik, Txibitek hartu du hitza, eta antzeko kontuetan jarri du hark ere arreta: adiskidetasunean eta elkarlanean. Txibite: «Elkarrizketaren zubiak hausten ari dira munduan, eta indartsuenek haien legeak inposatzen dizkigute. Badirudi multilateralismoa gain behera doala, baina hemen bildu gara elkarlanean aritzeko gai garela erakusteko, eta elkarrekiko errespetuan oinarrituko garela esateko». Bide batez, «behar duen guztietan Nafarroaren babes osoa» izanen duela erran dio Pradalesi.

Hemeretzi proiektu finantzatuta

«Ez dira garai errazak», baina harro begiratu die Pradalesek gaur arte lortutakoei: 500.000 euroko diru laguntzari esker, hemeretzi proiektu finantzatu ahal izan dituzte; bertzeak bertze, kulturaren, gazteriaren, sorkuntzaren eta parte hartzearen inguruko gaiei lotuta. «Euroeskualdea erakundeen arteko topagunea baino askoz gehiago da; proiektuak diseinatzen, kudeatzen, gauzatzen eta finantzaketa lortzen duen ekimena da», azaldu du.

Baina ez da egindakoetan geratu. Are, «urrunago» joan nahi du. Haren irudiko, euroeskualdea Europaren integraziorako praktika gisa sendotu behar da, lehiakortasuna indartu behar da, eta Europatik iritsitako eztabaida posible guztiei erantzun egin behar zaie. «Eredu» izateko «nahikoa indar» dutela iritzita, promes egin du «aktiboki» ariko direla lanean. «Sinesgarritasuna eta emaitzak gehituko dizkiogu hainbeste landu dugun proiektu berri honen eraikuntzari».

2026. urtean, zehaztu dutenez, 900.000 euro bideratuko dituzte mugaz gaindiko proiektuak finantzatzera, eta bi zatitan banatu dute ondasuna: 500.000 euro herritarrentzat, eta 400.000 euro euroeskualdea berritzeko. Lehen diru saila honako arlo hauek laguntzeko izango da: kultura, gazteria, hezkuntza, kirola, eta egungo erronkak. Bigarrenarekin funtsezko sektore ekonomikoetan egituratzen diren proiektuak lagunduko dituzte. Hala nola osasuna, nekazaritza eta energia berriztagarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA