Euskaldunon Egunkaria-n zuzendari aurrena, BERRIA egunkarian gero, hizkuntza gutxituetako idatzizko hedabideetan egin du bere lan ibilbidearen zatirik handiena Martxelo Otamendik, euskaraz. Hiru hamarraldikoa jardunbide mardula izan da. Horrek ematen dion begirada zoliarekin, Europako Parlamentuan hainbat talderekin eratzen diren foroetako batean mintzatu da gaur, Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartearen lehendakari moduan. EB Europako Batasun barruan hedabideontzat bideratutako politikak sustatu behar direla esan du. «Hizkuntza gutxituetako eta eskualdeetako hedabideak esplizituki onartu behar dira Europako komunikabide eta finantzaketa politiketan».
Nabarmendu duenez, finantzaketaren arloan bereziki, ikuskera oso eta bateratu batekin jarduteak berebiziko garrantzia izan dezake: «Europako estatuek finantzaketa politika nazional oso desberdinak aplikatzen dituzte. Europako Batasunak hizkuntza gutxituetako hedabideentzat estandar komunak ezartzen lagun dezake». Esan du, ordea, «finantzaketa deialdietan» hedabideok kontuan hartzeaz aparte, aintzatetsi egin behar direla, horrez gain, «Europako aniztasun mediatikoaren» hauspo direlako.
Hain justu ere, hedabideen «eraldaketa digitala» taxuz egite aldera, «hizkuntza merkatu txikien errealitateak» kontuan hartzeak garrantzi handia duela gogoratu du Otamendik bere hitzaldian. «Adimen artifizialaren sistemek hizkuntza nagusien eta testuinguru linguistiko nagusien alde egiten dute», ohartarazi du. «Europak bermatu behar du bere ahots eta ikuspegi aniztasuna behar bezala ordezkatuta egongo dela adimen artifizialaren etorkizuneko garapenean».
Muinean hedabideon alde eginda demokrazia bera sustatzen dela gogoratu du: «Ez dago demokraziarik hedabideetako langilerik gabe; hedabideetako langilerik gabe ez dago demokraziarik». Horiek horrela, EBren «babes berezia» ezinbestekotzat dauka. «Zer Europa nahi dugu?», galdera egin du: «Batua eta askotarikoa, pluraltasunaren eta ezberdintasunaren aldeko bermeak dituena, ala batua eta homogeneoa, ezberdintasunak ezabarazi nahi dituena?».
MIDASek helburu horien inguruan ardaztutako estrategia bultzatu nahi duela gogoratu du Otamendik agerraldian. Elkarteak 29 komunikabide biltzen ditu gaur egun, hamabi estatutan eta hamahiru hizkuntzatan ari direnak. Elkartearen helburu behinena da hedabideon arteko lankidetza sustatzea.