Europolek Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoa sartu ditu terrorismoaren egoera eta joerari buruz urtero egiten duen txostenean. European Union Terrorism Situation and Trend Report 2026 txostenaren helburua da «Europako Batasuneko terrorismoaren egoera azaltzea 2025. urteari dagokionez, haren eboluzioari begira», eta EBko estatu kideek emandako informazioa baliatuta osatzen du Europolek. Hau da, Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoa terrorismoarekin lotu dute Espainiako Gobernuaren informazioa baliatuta. Bada, EH Bilduk eta ERCk azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskari. Ministroa Espainiako Senatuan agertzeko eskaera erregistratu dute.
Europolen 2025eko txostenean atentatuei, atxiloketei eta «terrorismoarekin lotutako» zigorrei buruzko informazioa azaltzen da, eta, txostenean aipatzen dutenez, ez da atentaturik egon «terrorismo etno-nazionalistaren alorrean». Hala ere, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari erreparatu diote, EBko eragile garrantzitsuena izendatuta. Eta, horrekin batera, Ipar Irlandako talde errepublikano batzuk eta Korsikako eta Euskal Herriko «separatistak» aipatu dituzte. Beren «jarduerari eutsi» egin diotela azaltzen da agirian.
Eskuin muturraren rola
Euskal Herriari dagokionez, Europolek ziurtatu du 2025ean areagotu egin dela «muturreko euskal separatismoaren indarkeria». Zehazki, «ezkerreko independentismoaren inguruko gazteak» aipatzen ditu. Kataluniako independentismoari buruz, txostenean diote «banaturik jarraitzen» duela eta «ekintza sinbolikoak» egiteko gaitasuna baino ez duela.
2025ean eskuin muturrak hainbat ekitaldi egin zituen Euskal Herrian, eta horrek kale istiluen gorakada ekarri zuen. Kasurako, Falange Espainolak istilu larriak eragin zituen Gasteizen, gazte antifaxisten erantzuna tarteko. Vox ere herri askotan egon zen probokazio estrategia batekin, eta Iruñean, berriz, Vito Quiles eskuin muturreko probokatzailearen etorrerak istilu larriak eragin zituen, gazte asko hari aurre egitera joan baitziren.