Ertzaintzak espediente bat zabaldu du igandeko Falange Espainolaren mobilizazioa antolatu zutenen kontra, Espainiako «Konstituzioaren aurreko banderak erabili eta ustez Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ez betetzeagatik». Era berean, jakinarazi dute igandeko istiluen inguruko ikerketa irekita dagoela oraindik; igandean bertan, hemeretzi lagun atxilotu zituzten, denak eskuin muturreko alderdiaren kontra protestara joanak.
Ikusi gehiago
Falange Espainolak Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean egin zuen elkarretaratzea, Gasteizko Probintzia plazan, eta han, besteak beste, bandera frankistak eta Gora Espainiaren batasuna leloa zituztenak erakutsi zituzten; Cara al sol abestu ere egin zuten, eta agur faxistak egin. Ertzaintzak, zehazki, lehen bandera horiei egin die erreferentzia bere oharrean.
Gainera, Ertzaintzaren arabera, eskuin muturreko manifestariek ez zituzten bete kontzentrazio eskaeran adierazitako baldintzak. Zehazki, egozten diete «tresna arriskutsuak» garraiatzea kontrolik gabe, eta Ertzaintzak ezarritako eremua ez errespetatzea. Sare sozialetan zabaldutako irudietan, Falangeko kideak ikus daitezke batetik bestera mugitzen, eta horietako zenbait makilak eskuetan zituztela oldartu ziren protestara joandakoen kontra.
Ertzaintzak igandeko «istilu larriei» ere egiten die erreferentzia. Egun hartan, baina, Poliziak ez zuen eskuin muturreko kiderik atxilotu. Atzemandako hemeretzi lagunak Falangeren deialdiaren kontra protesta egitera gerturatutako gazteak izan ziren; horietako bat, adingabea. Horiek igande gauean utzi zituzten aske, desordena publikoko delituak egotzita.

Hain zuzen, EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak jarrera hori aurpegiratu zion atzo Ertzaintzari: «Ertzaintza falangistekin batera ikusi dugu jendearen kontra oldartzen, eta burdinazko barrekin, makilekin eta piper espraiekin armaturiko faxistak ikusi ditugu Gasteizko herritarrak mehatxatzen eta jotzen».
Oposizio parlamentarioak ere gogor kritikatu du eskuin muturreko alderdiaren elkarretaratzea onartu izana, eta Ertzaintzak istiluetan izandako jokabidea. Hala, EH Bilduk eta Sumarrek iragarri dute auziaren inguruan galdetuko dutela instituzioetan.
Eusko Jaurlaritzarentzat eta hura osatzen duten bi alderdientzat —EAJ eta PSE-EE—, baina, gertatutakoa «muturreko diskurtsoen» ondorio izan zen. Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak «euskal faxistatzat» jo zituen falangisten kontra mobilizatutako antifaxistak. Halere, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak berak aitortu zuen ez zirela gai izan «segurtasuna bermatzeko», eta hori aurpegiratu diote Ertzaintzako sindikatu korporatiboek ere. Ernek Ertzaintzako arduradunen dimisioa ere eskatu du.