Eusfera. Unibertso euskaldunagoa haurrentzat egitasmoak 0 eta 12 urte arteko umeak jarriko ditu erdigunean, maiatzaren 17ra bitartean. Horren bitartez, gurasoekin elkarlanean haurren hizkuntza ingurunea euskalduntzea du helburu Taupa euskaltzaleon mugimenduak. Egun horietarako bi proposamen mota egin dizkie Euskal Herriko aita-amei: herrietan egingo diren jardueretan parte hartzea, edo, etxean, Eusferaren webgunean eskegiko diren «misioak» betetzea. Ehun herri inguru batu dira ekinbidera, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Baiona eta Donibane Garazi hiriburuak tartean. Guztira, familientzako 146 elkargune zabalduko dituzte, eta jarduera ugari izango dira horietan guztietan.
Gaur goizean Iruñeko Gazteluko plazan egindako ekitaldiarekin ekin zaio bete-betean Eusfera egitasmoari. Eskola eremuetatik harago haurren «unibertsoa» euskalduntzea helburu duen egitasmo horri «bira emango diote» Euskal Herriko ehun udalerri inguruk, 11 egunez. Ekitaldian bertan Uxue Izko Taupa mugimenduko koordinatzaileak iragarri duenez, Euskal Herri osoan zehar 146 elkargune zabalduko dituzte. Euspazio izena jarri diete; horietako bakoitzean, gurasoek eta haurrek euskaraz elkarrekin gozatzeko aukera izango dute, jarduera jakin batzuen bitartez.
«Euskara ez da bakarrik ikastetxeetan erabiltzeko hizkuntza: euskaraz irakurri, dantzatu, amestu, sortu eta gozatu daitekeela erakutsi nahi diegu gure haurrei»
JON BUJANDA Irauli guraso elkarteko kidea
Gaur, Iruñean ez ezik, Barakaldon (Bizkaia) eta Donostialdean ere jarri dira martxan lehenengo euspazioak. Eta, bihartik aurrera, tokian tokiko elkarguneetara joateko aukera izango dute familiek, maiatzaren 17tik aurrera ere bai. Izan ere, hilaren 22an ere euspazioak zabalduko dituzte Leioan (Bizkaia) eta Zizur Txikian (Nafarroa), besteak beste. Gune horien agenda osoa Eusferaren eusfera.taupamugimendua.eus webgunean begira daiteke.
Iruñeko ekitaldian, euskarak haurren aisialdian duen garrantzia azpimarratu dute. Jon Bujanda Irauli guraso elkarteko kideak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da gaztetatik euskaraz bizitzeko aukera badela erakustea. «Euskara ez da bakarrik ikastetxeetan erabiltzeko hizkuntza: euskaraz irakurri, dantzatu, amestu, sortu eta gozatu daitekeela erakutsi nahi diegu gure haurrei», gehitu du Bujandak. Gainera, euskara mundua ulertzeko eta gorpuzteko bitartekoa ere badela gaineratu du. Ikuspegi hori bat dator Eusferak bultzatzen duen «ildo komunitarioarekin».
Etxean ere parte hartzeko aukera
Izkok gogorarazi du euspaziorik ez dagoen herrietako familiek ere badutela parte hartzeko modu zuzen bat, etxean: misio izeneko proposamenak. Gurasoek eta haurrek elkarrekin egiteko erronkak dira horiek: elkarrekin pelikula bat ikustea edota etxeko hiztegi elebiduna sortzea, besteak beste. Gainera, gurasoen eta haurren arteko elkarrizketa sustatzen dute. Jarduera horietan parte hartzeko, nahikoa izango da webguneko galdetegi laburra betetzea. «Familiaren profilera egokitutako misioak posta elektronikoz jasoko dituzte, ekintza horiek aurrera eramateko beharrezko euskarazko baliabideekin batera», zehaztu du Irauli guraso elkartekoak.
Adierazpenen ostean, Iruñeko lehenengo euspazioa zabaldu dute, eta gurasoek eta haurrek elkarrekin mural bat margotu dute bertan. Horretaz gain, planetak egiteko eskulan tailerra egin dute. Egunari amaiera borobila emateko, Iruñeko elkargunean ari ziren haurretako batek gonbidapen zehatza egin die herritar guztiei, han bildutakoen izenean: «Animatu denok eta parte hartu Eusferan».