Haurren unibertsoa euskalduntzeko Eusfera proiektua abiatuko dute datorren astean

Taupa mugimenduak 0 eta 12 urte arteko umeei eta haien gurasoei zuzendutako proiektu bat abiatuko du: 'Eusfera. Unibertso euskaldunagoa haurrentzat'. Maiatzaren 7an hasiko da, eta Euskal Herriko ehun udalerri inguruk parte hartuko dute ekinbidean.

Fabio Perez, Uxue Izko eta Jon Txarroalde Eusfera proiektuaren aurkezpenean, Bilboko Euskararen Etxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Fabio Perez, Uxue Izko eta Jon Txarroalde Eusfera proiektuaren aurkezpenean, Bilboko Euskararen Etxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko apirilaren 29a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gure haurrek euskaraz egingo ote dute etorkizunean?». Kezka horri erantzuteko sortu dute Eusfera. Unibertso euskaldunagoa haurrentzat ekinbidea, Uxue Izko Taupa mugimenduko kidearen eta Eusferaren koordinatzailearen arabera. Proiektuak 0 eta 12 urte arteko umeak jarriko ditu erdigunean, eta gurasoekin elkarlanean haurren hizkuntza ingurunea euskalduntzea du helburu. Datorren ostegunean abiatu eta maiatzaren 17an bukatuko da. Egun horietarako Taupa mugimenduak bi proposamen mota luzatu dizkie Euskal Herriko gurasoei: herrietan egingo diren jardueretan parte hartzea, edo, etxean, Eusferaren webgunean eskegiko diren «misioak» betetzea. Ehun herri inguru batu dira ekinbidera, besteak beste hiriburu batzuk: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Baiona eta Donibane Garazi. 

Zergatik jarri dute fokua gurasoengan eta haurren hizkuntza testuinguruan? Izkok argi du erantzuna: «Gure jardunean kezka berarekin egiten dugu topo etengabean. Hezkuntza eragileek, herrietako euskara elkarteetako kideek eta euskaltzaleek gero eta gehiago sumatzen dute erdarak haurren unibertsoan duen eragina handitzen ari dela». Hau da, umeen unibertsoa osatzen duten eremuetan —aisialdia, ikastetxea, kirola, telebista, lagunak…— gaztelera eta frantsesa «gero eta ohikoagoak» dira. Testuinguru hori «euskarara hurbiltzeko baliabideak» eskaini nahi ditu Eusferak, Izkoren arabera. 

Horretarako, proiektua eskolaz kanpoko eremuetara zuzendu du Taupa mugimenduak, eta parte hartzeko aukera zabaldu die «unibertsoa euskaldunago izatea nahi duten guraso guzti-guztiei». Izan ere, Eusferaren jardueretan parte hartzeko ez da beharrezkoa euskaraz hitz egiten jakitea. 

«Gure jardunean kezka berarekin egiten dugu topo etengabean. Hezkuntza eragileek, herrietako euskara elkarteetako kideek eta euskaltzaleek gero eta gehiago sumatzen dute erdarak haurren unibertsoan duen eragina handitzen ari dela»

UXUE IZKOTaupa mugimenduko kidea eta Eusferaren koordinatzailea

Ekinbidean parte hartzeko bi bide daude. Lehena, eusfera.eus webgunean eskegiko diren misio izeneko proposamenei ekitea. Haurrak eta gurasoak batera aritzea da helburua. Sareko baliabideetan, eremuka banatu dute umeen unibertsoa, eta eremu horiei planeta deitu diete. Eremu bakoitzeko ariketak familien eta umeen ezaugarrietara moldatzeko aukera egongo da. 

Bigarren bidea herrietan antolatuko diren familientzako elkarguneetan eta askotariko ekintzetan parte hartzea da. Euspazio izena jarri diote proiektuaren alderdi horri. «Herri bakoitzeko elkarte, talde edo erakundeek antolatuko dituzte, eta udalerriaren arabera ezberdinak izango dira jarduerak; denetarik egongo da», argitu du Izkok. Orokorrean, ordea, proposamen «dibertigarriak eta gozagarriak» izango direla azaldu du. Eusferaren webgunean jasoko dituzte herri bakoitzeko jarduerak. 

«Murgiltze espazioak»

Euspazioak sortuko dituzten ehun herrietako bi dira Getxo eta Arrigorriaga (Bizkaia). Bi herrien egoeraren inguruan mintzatu dira gaur Eusfera proiektuaren aurkezpenean Fabio Perez Getxoko Egizu euskara taldeko kidea eta Jon Txarroalde proiektuan parte hartuko duen aita arrigorriagarra. Biek ala biek azaldu dute euren herrietan euskararen erabilera «urria» dela haurren artean eta «ingurune soziolinguistikoaren ondorioa» dela joera hori. «Askotan pentsatzen dugu euskararen etorkizuna eskolaren esku dagoela, eta, haurren euskalduntzean eskola ezinbestekoa den arren, umeen unibertsoa askoz zabalagoa da», erantsi du Txarroaldek. Haren ustez, Eusferak horri aurre egiteko aukera ematen du, herrietan eskolaz kanpoko «murgiltze espazioak» sortzen dituelako. 

Proiektuaren indargune nagusia «ikuspegi komunitarioa» dela nabarmendu du Perezek. «Umeengana heltzeko gurasoekin elkarlanean aritzea planteatzen du Eusferak, eta proposamen zehatzak egiten ditu». Hala ere, aitortu du ekinbidea ez dela «konponbide magiko» bat; hala ere, euskara sustatzeko «tresna eraginkorrak» eskaintzen ditu, Perezen iritziz. 

«Gurasook erantzukizun handia dugu; haurrek ikusten dutena imitatzen dute, eta guk erakusten diegu zer hizkuntza lehenesten dugun gure harremanetan. Gure esku dago haurrei euskara baliagarria eta naturala dela helaraztea»

JON TXARROALDEProiektuan parte hartuko duen gurasoa

Txarroaldek familiengan jarri du arreta: «Gurasook erantzukizun handia dugu; haurrek ikusten dutena imitatzen dute, eta guk erakusten diegun zer hizkuntza lehenesten dugun gure harremanetan. Gure esku dago haurrei euskara baliagarria eta naturala dela helaraztea». Lan horretan laguntzeko, Eusferak «euskara biziarazteko sareak» sortzeko aukera ematen du, Txarroalderen arabera. Haren aburuz, aldaketa «txikitasunetik handitasunera» egin beharra dago, herri bakoitzetik hasita eta Euskal Herri osora hedatuz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA