Euskadiko Sendagileen Sindikatua: «Gogo handia dago kolektiboan mobilizazioekin jarraitzeko»

Medikuen sindikatuek deituta, greba eta elkarretaratzeak egin dituzte gaur Hego Euskal Herriko sendagileek. Lanbidearen berezitasunak kontuan hartuko dituen estatutu esparru bat aldarrikatu dute. Osakidetzak dioenez, lau medikutik batek babestu du greba.

Gurutzetako Ospitalean medikuek gaur egin duten elkarretaratzea. LUIS TEJIDO / EFE
Gurutzetako Ospitalean medikuek gaur egin duten elkarretaratzea. LUIS TEJIDO / EFE
kristina martin
2025eko urriaren 3a
13:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Medikuen sindikatuen greba deialdiari erantzunez, goizean goizetik irten dira kalera medikuak. Hego Euskal Herriko ospitale eta osasun zentroetan egin dituzte elkarretaratzeak. Garaizen Nafarroan aritu dira, 08:00etan, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eguerdi aldera batu dira protestetara. Erantzun zabala izan dute grebak eta mobilizazioek, ospitaleetan bereziki; horietan mediku andanak babestu ditu protestak. «Kolektiboan konpromiso handia antzematen da estatutu esparru propioa lortzeko aldarrikapenarekin», adierazi dio BERRIAri Maria Jesus Arzuaga SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuko kideak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batera hartuta %26,48k egin dute greba goizeko txandan: %16,52k Araban, %30,02k Bizkaian eta %26,89k Gipuzkoan. Arratsaldeko txandan, berriz, %10,33k egin dute greba: %19,75k Araban, %10,95k Bizkaian eta %7,08k Gipuzkoan. 

Nafarroan, berriz, datuak apalagoak dira: goizeko txandan zeuden 1.906 sendagileetatik 66 batu dira grebara, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren arabera. Lanuztera deituta zeuden medikuen %3,46 dira horiek.

Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, hauek ezarri dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak: ospitaleetan, gutxienez, jaiegunetako zerbitzua ematen ari dira, eta lehen arretan, larunbatekoa. Onkologia, dialisi eta larrialdi zerbitzuak salbuetsita daude: haietan ohiko zerbitzua ematen ari dira.

Espainiako medikuen sindikatuen greba deialdiarekin bat egin dute Hego Euskal Herrikoek. Espainiako Osasun Ministerioarekin negoziatzen ari dira medikuen lan baldintzak propio arautzen dituen estatutu esparrua. Medikuen arabera, bilerak izan dira, baina ez dituzte kontuan hartu kolektiboaren aldarrikapenak.

EAEko egoerari begira, Arzuagak esan du medikuen sindikatuak «ordezkaritza txikia» duela Osakidetzako Mahai Sektorialean, eta, beraz, indarra falta dutela «kolektiboaren aldarrikapenak negoziatzeko». Izan ere, Mahai Sektorialean 361 ordezkari sindikal daude guztira, eta SMEk 34 ditu. Ordezkaritza zabalena SATSEk (89), ELAk (81) eta LABek (44) dute.

Arzuagak adierazi duenez, «estatutu esparru propioa izateak» indar handiagoa emango lieke «medikuen berezitasunak negoziatzeko». Haren hitzetan, medikuen lanbideak eta jardunak berezitasun batzuk ditu osasun arloko beste langileen aldean; adibidez, ardura, gaueko guardiak, arriskuak eta ibilbide profesionalarekin zerikusia duten berezitasunak. Horiek «kontuan hartzeko» eskatu dute.

Lanaldi luzeak mugatzea

Talkarik gatazkatsuena lanaldiaren luzera da. Besteak beste, medikuek eskatzen dute borondatezkoa izan dadila asteko 35 orduko lanaldia luzatzea, eta ezin izan ditzatela behartu hura luzatzera. Gaur egun, 48 ordurainokoa izan daiteke. Zaintza txandei dagokienez, eskatzen dute hamazazpi ordu baino gehiagokoa ez izatea, eta zaintza lokalizatuei dagokienez, lan denbora osoa kontuan izatea nahi dute sendagileek.

Horrez gain, beste aitortza legal batzuk galdegin dituzte osagileek. Besteak beste, lan nekeza dela aitortzea, batez ere txandaka diharduten medikuentzat; arrisku lan gisa onartua izatea; erretiro aurreratua eskatu ahal izatea ordaina murriztu gabe. «Suhiltzaileek eta poliziek aukera hori dute, baina medikuok, ez», gogorarazi du Arzuagak. Horretaz gain, eskatzen dute BAME urteak ibilbide profesionalaren barruan kontuan hartzeko; eta lan eskaintza publikoak meritu lehiaketen bitartez egiteko.

Estatutu esparruaren negoziazioa ez atzera ez aurrera dagoela ikusita, mobilizazioekin eta grebekin jarraitzeko asmoa dute sendagileek. «Gogoa antzematen da medikuen artean, aldarrikapenak kontuan hartu arte mobilizazioekin jarraitzeko», esan du SMEko kideak.

Langileen kohesioa apurtzea

Espainiako Osasun Ministerioak baztertu egin du osasun arloko kolektibo jakin batentzako estatutua egitea, argudiatzen duenez «berdintasunik eza» sortu eta kohesioa urratuko lukeelako horrek. Ministerioak azaldu duenez, lanbide bakoitzaren sailkapena jasota dago gaur egungo araudian, eta, beraz, ez du beharrezko ikusten lanbide bakoitzak estatutu propioa izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.