Espainiako presidente Pedro Sanchezek Espainiako Gorteetarako hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratzea erabaki izanak ez ditu ezustean harrapatu euskal alderdiak, eta, lehenengo erreakzioetan, gehienek azaldu dute prest daudela erronkari oratzeko. Inkesten arabera, PP eta Vox harrotuta iritsiko dira bozetara, eta Euskal Herriko alderdiek «ultraeskuinari ateak ixteko» deia egin dute.
Ordezkari instituzionalek sare sozialak eta deialdiak baliatu dituzte iritzia emateko. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek sare sozialetan esan du sozialistak «mobilizatu» egingo direla eta berriro aginduko dutela bozen ostean: «Gehiengo progresista zabalago bat behar dugu, eskubideetan, feminismoan, bakean eta oparotasun partekatuan aurrera egingo duena». Haren iritziz, Nafarroaren ikuspegitik «aurrera egiten jarraitzea edo zuri-beltzera itzultzea» da auzia.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales Bilbon izan da gaur, eta hauteskundeei buruz hitz egiteko beta hartu du. Kanpainan «zarata» izango dela iragarri du, eta uste du «polarizazioa eta tentsioa» areagotu egingo direla datozen asteetan, baina asmoa agertu du eguneroko zereginetatik ez aldentzeko: «Guk lanean jarraituko dugu, euskal agendan zentratuta». Ohartarazpen bat ere egin du: esan duenez, hauteskundeetan jokoan egongo da «autogobernua indartzen eta bide horretan aurrera egiten jarraitzeko aukera».
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak arratsaldean egin du prentsa agerraldia, eta argi adierazi du koalizio subiranistak hauteskunde horietan zer asmo izango duen: «Gure ustez, hauteskunde batzuk ez dira gure artean lehiatzeko, baizik eta kolaboratzeko». Proposamen bat egin zieten «autoritarioak ez ziren alderdi guztiei» herri bezala aurkezteko azaroko hauteskundeetara, baina ez da aurrera atera. Hala eta guztiz ere, antzeko bide batetik joko dutela esan du Otegik: «Gure herria nazio bezala defendatzera goaz, eta Euskal Herriko gehiengo sozialaren eta euskal langileriaren interesak defendatzera».
Berretsi du Euskal Herria dela beraien marko nazionala, eta Espainiako Gobernuaren osaketa «gutxiengo politikoa» izango dela Euskal Herrian: «Euskal Herrian bloke erreakzionarioa garaituko dugu; ez dakigu Espainiako Estatuan posible den edo ez, uste dugu baietz, baina gure lana Euskal Herria da, eta guk gure amaren etxea defendatuko dugu».
Antzera hitz egin du Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Harreman Politikoetarako idazkariak Naiz irratian. Aurreratu du koalizioa «dena emateko» eta «partida irabazteko» asmoz aterako dela hauteskunde lehiara: «EH Bildu prest dago, eta Euskal Herria ere bai, asteburuan mobilizazio jendetsuen bidez erakutsi bezala».
Elejabarrietaren ustez, badago iritzi ildo bat edo «interes» bat adierazten duena gertaera «geldiezina» dela Espainiako Gobernua PPk eta Voxek gidatzea, baina EH Bildukoek ez dute etsi nahi: «Guk planto egiten dugu. Uste dugu partida jokatzeko dagoela, eta aukera badagoela eskuinari ateak ixteko, nazioaniztasunean aurrera egiteko eta demokratizazioan eta agenda sozialean sakontzeko».
EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek esan du jeltzaleak «lehenagotik» zeudela prest hauteskunde demari heltzeko, eta iragarpenak ez dituela ezustean harrapatu. Iragarri du «Euskadiren interesak defendatzea» izango dela EAJren lehentasuna: «Espainiako Gobernuaren etorkizuna ez da Euskadin erabakitzen. Madrilek bere borrokak izango ditu, baina Euskadik bere interesak defendatu behar ditu. Eta guztiok, euskal gizarteak eta hara doazen ordezkariek, kontuan izan behar dugu interes horiek defendatzea dagokiela. Ez dagokigu blokeak defendatzea».
Espainiako eskuinak gora egiteko arriskua aipatu ez badu ere, «autogobernuaren kontra Madrildik etor daitezkeen erasoez» ohartarazi du Estebanek, eta horiei «EAJren eredu arrakastatsuaren bidez» aurre egitera deitu.
«Aukera bat»
PSE-EEri dagokionez, Eneko Andueza idazkari nagusiak esan du hauteskundeak aurreratzeak «aukera bat» sortu duela «herritarrek adieraz dezaten norekin egon nahi duten: babesten dituztenekin, edo putre funtsekin». Haren iritziz, etxebizitzaren arloan «sozialisten lidergoa» nabarmendu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Espero dut euskal gizarteak berriro ere ezetz esango diela eskuinari eta eskuin muturrari».
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxasok adierazi du azaroaren 29koa «galdeketa bat» izango dela, hauteskunde bozketa arrunta baino gehiago, eta lehia horretan «irabazteko» eta «erasoan aritzeko» asmoz parte hartuko dutela: «Herritarrek gauza askoren inguruan erabakitzeko aukera izango dute, nazioartean eskuin muturra dena suntsitzen ari den honetan».
PSNko Antolakuntza idazkari Esther Isok ere bi aukera kontrajarri ditu azaroaren 29ari begira: «Zerbitzu publikoak eta eskubideak defendatuko dituen gobernu batekin aurrera jarraitzea, edo eskuin muturrak herrialdearen norabidea ezar dezan uztea».
Cristina Ibarrola UPNko presidenteak adierazi du hauteskundeak «aukera bat» izango direla Nafarroak eta Espainiak «esperantza berreskuratzeko»: «Arazoak konpontzen dituen gobernu bat lortzeko aukera bat da, eta ez arazoak sortzen dituen bati eusteko». Ibarrolaren arabera, «Nafarroan, gobernu sozialista batekin, gero eta erosahalmen txikiagoa» dago, «hezkuntzak datu txarrak izan ditu PISA txostenean, osasun zerbitzuetako itxaron zerrendek marka hautsi dute, etxebizitza erostea eta alokatzea oso zaila da, eta historiako emantzipazio tasarik txarrena» dago. «Honi guztiari buelta emango dioten gobernuak behar ditugu».
Ezker Konfederalaren esparruan, gauzak ez daude batere argi. Sumarrek eta ezkerreko beste zenbait indarrek Fronte Zabala izeneko hautagaitza aurkeztuko dute, horren burua nor izango den oraindik argitu ez duten arren. Berretsi dute bakearen eta zerbitzu publikoen alde egingo dutela, baita jende guztiari etxebizitza bermatzearen alde ere. Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi Arantza Gonzalez Garciak esan du haiek ere «prest» daudela, eta lan egingo dutela «herri honek behar dituen aldaketa egiturazkoak egiten jarraitzeko».
Oso bestela ikusten du auzia Alderdi Popularreko Javier Andresek: haren irudiko, «Euskadirentzat aldaketarako aukera» dira bozak, «Euskadiri oso gaizki baitatozkio sozialismoa eta ezkerreko neurriak».