Sanchezek azaroaren 29ra aurreratu ditu Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du «gehiengo aurrerakoi askozaz ere zabalagoa» behar duela Diputatuen Kongresuan, gobernuak onartu nahi dituen neurriek aurrera egin dezaten.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Diputatuen Kongresuan, irailean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidentea Diputatuen Kongresuan, irailean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 5a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbatetan esana zuen agintaldia bukatuko zuela, baina, bi etxebizitza dekretuk porrot egin ostean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean bertan Moncloan egin duen agerraldian iragarri du azaroaren 29ra aurreratuko dituela hauteskunde orokorrak. Ez du aipatu gobernuari azken kolpea eman dion dekretu parea, baina esan du onartzeko daudela zenbait erreforma, eta horretarako «gehiengo aurrerakoi askozaz ere zabalagoa» behar dela Diputatuen Kongresuan. Asmo hori betetzeko deitu du hauteskundeetara, baita «Espainia transformatzen jarraitzeko» ere. 

«Eskerrak eman nahi dizkiet parlamentuko indar batzuei, eskuzabalak izan baitira. Eta eskerrak eman nahi dizkiot ahaleginak eta bi egin dituen gehiengo sozialari ere. Badakit Kongresuan gertatu denak sutu egin duela gehiengo hori», esan du Sanchezek. Gobernuak «hutsak» egin dituela aitortu, eta «herritarren babesa berritu eta zabaldu» nahi duela azpimarratu du, presidentearen arabera «injustizia sozial asko» geratzen baitira «konpontzeko», hala zerbitzu publikoei nola etxebizitzari dagokienez. Azaroaren 29ra begira, bi aukera jarri ditu: «ultraeskuinaren olatua hartzea, kontuan hartuta ultraeskuinak inboluzioa dakarrela gobernatzen duen toki guztietan», edo, bestela, «Espainia irekitasunaren eta justizia sozialaren gotorleku izatea aurrerantzean ere», «bakearen, feminismoaren eta oparoaldiaren erreferentzia izatea munduarentzat».

Sanchezek esan du legegintzaldi honetan «lakarra» izan dela Kongresua, eta salatu oposizioa «historia demokratikoko txarrena» izan dela, hauteskunde sistemaren «zilegitasuna» bera ere «zalantzan» jartzeraino; gisa berean, erantsi du oposizioko alderdiek nahastu egin dituztela «traizio egitea» eta «itunak egitea», baita «gailentzea» eta «blokeatzea» ere.

Ikusi beharko da etxebizitzaren auziak eta dekretuen porrotak zer eragin izango duten azkenerako hautesleengan, baina, inkesta gehientsuenen arabera, PPk eta Voxek botoen erdiak lortuko dituzte, eta, horiek horrela, aise eskuratuko dute gehiengo osoa Kongresuan.

EFE albiste agentziak aurrez kaleratu duenez, Sanchezek egoera politikoari erreparatu dio asteburuan, eta hainbat ministrorekin eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialistako buruzagirekin hitz egin; agentziak aipatutako alderdiko iturrien arabera, gehienek hauteskundeak aurreratzearen alde egin dute.

Sumar, aurrerantzean Fronte Zabala

Sumarrek ohar bidez atzo jakinarazi zuenez, ezkerreko koalizioko bost ministrok eta zenbait buruzagik bilera bat egin zuten, ikusita etxebizitzari buruzko dekretuek porrot egin ondoren bazitekeela hauteskundeak aurreratzea —azkenean hala izan da—. Horiek horrela, iragarri zuen datorren hauteskundeetara Fronte Zabala izenpean aurkeztuko dela, eta urriaren 17an aurkeztuko dituela bai presidentetzarako hautagaia eta bai koalizioaren bide orria, «ekitaldi handi batean». Ezkerreko alderdiei gonbita egin zien koaliziora batzeko, besteak beste Podemosi.

Irene Monterok, Podemoseko bigarrenak, hein batean eskaerari erantzun dio, eta esan prest dagoela koalizio baten parte izateko. Hori bai, horretarako, Sumarrekoei exijitu die urriaren 14an eta 15ean egingo dituzten primarioetan parte hartzeko. Urriaren 16an amaituko da koalizioak aurkezteko epea.

Sumarrek ohar bat kaleratu du Sanchezen iragarpenaren ondotik, eta esan du hauteskundeetara deitu izana «egokia bezain beharrezkoa» dela. Batik bat etxebizitzaren arazoa izan du hizpide: batetik, azken asteotan Espainiako agenda politikoa eta mediatikoa nabarmen zentratu baita 87 urteko Maricarmen Abascalen etxegabetzean eta horren harira antolatutako protestetan; eta, bestetik, etxebizitzari buruzko dekretuen porrotak eragin baitu presidentearen erabakia. «Etxebizitza gure gizarteak hausten ari da, eta bi herrialde eredu ezarri ditu. Espekulazioa edo eskubideak. Gure hiriak erosten dituen gutxiengoa, edo bizilagunak beren auzoetan», idatzi du oharrean. Halaber, etxebizitza dekretuen aurka bozkatu zuten alderdi gehienen kontra jo du: «Vox, PP eta Junts eskuineko taldeek parlamentua blokeatu dezakete, bai, baina ezin izango dute demokrazia blokeatu». UPNk ere kontra bozkatu zuen birritan.

Ostiralean, Espainiako Gobernuak bi dekreturen bidez erantzun nahi izan zion etxebizitza larrialdiari, baina Diputatuen Kongresuak atzera bota zituen bai bata eta bai bestea: JxC Junts Per Catalunyak nolako erabakia hartu, halako bidea egitekoa zen lehenbiziko dekretua, etxegabetzeei buruzkoa, eta azkenerako kontra bozkatu zuen alderdi independentistak; bestalde, jakina zen alokairu kontratuak automatikoki luzatzeari buruzko dekretuak ez zuela aurrera egingo, EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak aldez aurretik iragarri baitzuen bigarrengo bozketan ezezkoa emango zuela. 172 diputatuk bozkatu zuten lehenbiziko dekretuaren alde, eta 178k aurka; bigarrenaren alde, berriz, 166 diputatuk bozkatu zuten, eta 184k aurka.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA