Euskal erakundeek indarkeria matxistari aurre egitera deitu dituzte herritarrak

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek nabarmendu dute ez dagoela «posizio neutrorik» indarkeria matxistari dagokionean. Nafarroako Gobernuak «babesa» adierazi die biktimei.

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek gaur goizean egindako elkarretaratzea, Gasteizen. IREKIA
Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek gaur goizean egindako elkarretaratzea, Gasteizen. IREKIA
maddi iztueta olano
2026ko azaroaren 25a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du lelopean, Gasteizen elkartu dira Eusko Jaurlaritzako eta Emakunde erakundeko ordezkariak, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Aurtengo kanpainak helburu argi bat du: herritarrei helaraztea ez dagoela jokabide eta posizio neutrorik indarkeria matxistari dagokionean. Halaber, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak «komunitatearen parte» izan daitezen lan egin behar dela azpimarratu dute, sostengu sare bat izan dezaten. 

Hain justu, Nafarroako Gobernuak «babesa» adierazi die indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeei, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela halako egoerei «gizarte osoak» erantzutea, indarkeria matxistaren aurkako «sare publiko bat» osatzeko. Nafarroako Gobernuko ordezkariek Nafarroako Jauregiaren atarian egin dute elkarretaratzea, eta salatu dute indarkeria matxista «gizon eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunen ondorio» dela. «Prebentzioa, identifikazioa, arreta, babesa eta erreparazioa bermatu behar ditugu, biktima bakoitzaren beharrak eta erabakiak errespetatuz». 

Nafarroako Gobernuaren elkarretaratzea, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Gobernuaren elkarretaratzea, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Hegoaldeko hiriburuetako adierazpenak

Donostiako Udalak ere prentsa ohar baten bidez gaitzetsi du indarkeria matxista. Nabarmendu dute emakumeen aurkako indarkeriak «gizarte osoari» eragiten diola, eta, hortaz, gizartea osatzen duten erakunde eta herritar guztiei dagokiela horren aurka egiteko «konpromisoa» hartzea. Gaitzespenetik harago, «aktiboki inplikatzeko» ere galdegin dute: berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzeko, indarkeria matxista sostengatzen duten jokabideak zalantzan jartzeko, eta biktimei laguntzeko, besteak beste. Hirian antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitu dute.

Gasteizko Udala ere herritarrei mintzatu zaie, eskatu baitie «ez ikusiarena ez egiteko», eta ohartarazi indarkeria matxistaren aurka ezer ez egiteak «ondorio larriak» dituela. Gasteizko Udalaren arabera, indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa bat» da, eta, horrenbestez, erakundeen eta gizarte mugimenduen «ekintzak eta konpromisoa» ezinbestekoak dira horri aurka egiteko. 

Bilboko Udalak ekitaldi bat antolatu du Arriaga Antzokian. Gainontzeko udalen antzera, herritarrei indarkeria matxistaren aurka jardutera dei egin diete, eta erakundeek arlo horretan duten erantzukizuna nabarmendu. Adierazi dutenez, indarkeria matxistari «kolektiboki eta komunitatean» egin behar zaio aurre. 

Iruñeko Udalak elkarretaratzea egin du Udaletxe plazan, Ez ahaztuak, ez ikusezinak lelopean. Indarkeriarik gabeko gizarte baten alde lan egiteko deia egin dute, non emakume guztiek «aske, duin eta eskubide osoz» bizitzeko aukera izango luketen. Halere, 65 urtetik gorako emakumeengan jarri dute arreta. Gobernuak egindako txosten baten bidez ondorioztatu dutenez, adin horretatik gorako emakumeen %5ak jasan du eraso fisikoren bat inoiz, %2,9k sexu eraso bat, eta %8,8k indarkeria ekonomikoa. Hala, Iruñeko Udalak esan du «prebentzioa» indartu beharra dagoela, baita gizarte alorreko langileen formakuntza ere. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA