«Euskal errepublika» eskatuko dute EH Bilduk eta EH Baik

jon olano
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk eta EH Baik «estatu propioaren» beharra nabarmenduko dute igandean, Aberri Egunean. Bi indar politikoek uste dute euskal estatua beharrezkoa dela «demokrazian eta bizi baldintza duinetan oinarritutako gizartea eraikitzeko», eta, hortaz, «euskal errepublika» osatzera deitu dute.

Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Adolfo Araiz koalizioko Nafarroako Parlamentuko eledunak eta Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevas EH Baiko ordezkariek agerraldi bat egin zuten atzo, Donostian, Aberri Egunaren harira EH Bilduk eta EH Baik argitaratutako manifestu bateratua aurkezteko. Iriartek esan zuenez, EH Bilduk bat egingo du Independentistak sareak Iruñean Mendekotasunetik askatasunera, burujabe hobe lelopean egingo duen mobilizazioarekin. EH Baik, berriz, Donibane Garazin ospatuko du eguna, Herriak eraiki, herriak erabaki lelopean. Nafarroa Garaiko eta Behereko hiriburuetara joatera deitu zuen atzo Sortuk ere.

Euskal Herria berria jomugan izena du bi taldeen testuak, eta, bertan, «Euskal Herri berria eraikitzera» dei egin dute: «Horixe dugu jomugan herri honen alde lanean ari garen EH Bilduk eta EH Baik. Herritar libreez osatutako Euskal Herria, demokratikoa, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutakoa...».

Euskal Elkargoaren sorrera, Nafarroako indar korrelazioa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernuari buruzko eztabaida dituzte mintzagai dokumentuan: «Hiru gune administratibo lehen aldiz instituzioetan egituratuak. Hiru lehendakari. Hiru erabaki esparru. Aukera hori baliatu beharko luke herri honek, bakoitzak bere erritmoak eta testuinguru politiko eta sozialak errespetatuta, nazio eta herri izaeran aurrera urratsak emateko. Zentzu horretan, herri honetako hiru lehendakariak edota instituzioak elkarlana abiatzea oso garrantzitsua izango litzateke».

«Dependentzia ezara»

Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuen aurka herenegun eginiko mehatxuaz ere mintzatu zen Iriarte, gogora ekarrita Espainiako Gobernuak sarri aurkeztu dituela helegiteak Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako legeen kontra: «Espainiako Estatuarekin dependentzia egoera batean jarraitzen dugun bitartean, horrelako egoerak errepikatu dira, orain arte errepikatu diren bezala». Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta EAJri eskatu zien «herri gisa» jokatu dezala: «Has gaitezen guztiok urratsak egiten dependentzia egoera batetik ez- dependentziara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!