«Hemen gaude burujabetza hitz abstraktu bat ez dela uste dugun euskal herritarrak; burujabetzak, alor guztietan, erabakiak hartzea esan nahi duela uste dugun herritarrak. Eta hemen gaudenok uste dugu, burujabetza aldarrikatzetik edozein alorretan erabakitzen duguna praktikara eramatera pasatu behar dugula; Espainia eta Frantziako legediek ahalbidetu edo ez. Bukatu da baimena eskatzea. Espainia eta Frantziatik atera eta Euskal Errepublika behar dugula uste dugu». Ehun mugimendu berriaren hitzak dira, Donostian egindako aurkezpenean esandakoak, eta jarri du hitzordu bat euskal errepublikaren alde egiteko: datorren urteko otsailaren 15a.
Ekimen horren bidean sortu duten mugimendua da Ehun, eta dio aztertuko dela zer forma hartuko den handik aurrera. Oraingoz, otsailaren 15ean 21 ekitaldi egingo dituzte Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan; gehiago izatea nahi dute.
[Youtube]https://youtu.be/YRuJGCItY4c[/Youtube]
Antigua auzoan egin dute agerraldia, Doka kafe antzokian, eta han bildu dira pentsiodunak, euskaltzaleak, emakumeak, herritik kanpora bizitzera joan behar izan dutenak, etorkinak, baserritarrak, langile autonomoak, ikasleen gurasoak, euskal presoen senide eta lagunak... Esan dute «eguneroko arazoak» pairatzen dituzten herritarrak direla, eta arazo horiek bere horretan daudela edo okerrera doazela. Iritzi diote Madrildik eta Paristik ez dela etorriko konponbiderik. «Hemen gaude, gaur egungo markoan, nahiz eta saiatu, konponbiderik ez dagoela gero eta argiago ikusten dugun euskal herritarrak. Hemen gaude, Espainia eta Frantziaren aldetik, arazo hauek guztiak konpontzeko behar den borondate politikoa ez dela egon, ez dagoela eta etorkizunean ere ez dela egongo uste dugun euskal herritarrak», azaldu dute.
Ondorioz, «behar-beharrezkoa» deritzote estatu batek ematen dituen baliabideak izatea, eta horregatik nabarmendu dute euskal errepublika izateko xedea.
Gaur-gaurkoz otsailaren 15erako lotuak dituzten 21 ekitaldietatik bat Bizkaian izango da, hamasei Gipuzkoan —horietatik bederatzi, Donostiako udalerrian—, bi Lapurdin eta beste bi Nafarroan. «Euskal Errepublikaren eguna ospatzea erabaki dugu; egunerokoan eragiten diguten arazoetatik abiatuz, eta herri eta auzo bakoitza nahi duen gaiaren inguruan arituz». Adierazi dute joango direla tokian-tokian egitarauaren berri-eta ematen.
Ekitaldiak, oraingoz
Oraingoz, 21 tokitan egingo dituzte Euskal Errepublikaren aldeko ekitaldiak datorren otsailaren 15ean. Ehun mugimenduak espero du kopurua handitzea ordurako.
- Mungia (Bizkaia).
- Beasain (Gipuzkoa).
- Donostia, Antigua.
- Donostia, Añorga.
- Donostia, Amara Berri.
- Donostia, Amara Zaharra.
- Donostia, Bidebieta.
- Donostia, Egia.
- Donostia, Gros.
- Donostia, Igeldo.
- Donostia, Intxaurrondo.
- Hernani (Gipuzkoa).
- Oiartzun (Gipuzkoa).
- Oñati (Gipuzkoa).
- Pasaia (Gipuzkoa).
- Tolosa (Gipuzkoa).
- Zumaia (Gipuzkoa).
- Hendaia (Lapurdi).
- Urruña (Lapurdi).
- Barañain (Nafarroa).
- Bera (Nafarroa).