POLITIKA

Euskal errepublikaren aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian

17:00etan abiatuko da, Artzain Onaren plazatik, Gora goaz. Euskal Errepublikarantz lelopean.

Gaur eguerdian aurkeztu dute manifestazioa, Donostian. JON URBE / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 6a
07:33
Entzun

Larunbatean hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta, egun horrekin bat eginez, manifestaziora deitu du EH Bilduk. "Berdintasunean oinarritutako euskal errepublikan bizitzea amesten duten donostiar guztiei eta euskal herritar guztiei" dei egin diete parte hartzera.

Gaur eguerdian aurkeztu dute martxa, Donostiako kaian. Esti Elduaien EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak azaldu duenez, "euskal errepublika eratzea" dute helburu, "eta hori lortzeko lanean aritzen gara etengabe bakoitza bere esparruan: instituzioetan, herri mugimenduetan, mugimendu kulturalean, kirol arloan, mugimendu feministan, ekologistan...".

Elduaienek aitortu du "oraindik ere ametsa gauzatzeko bidea" geratzen dela, baina erantsi amets hori "gero eta gertuago" dagoela: "Ikusi besterik ez dago, bestela, Espainiako Estatuko hauteskundeetan eta udal eta foru hauteskundeetan ezkerreko subiranistok lortutako emaitzak. Inoizko emaitzik onenak lortu ditugu udal eta foru hauteskundeetan, eta, Espainiako hauteskundeetako emaitzen ondoren, Kataluniako ERCk eta EH Bilduk osatutako ententea erabakigarria da. Horrenbestez, gero eta gehiago eta gero eta determinanteagoak gara Euskal Errepublikaren alde egunero lanean aritzen garenok".

Elduaienek gaineratu du "ahul" dagoela Espainiako Estatua, "lurraldetasunarekin lotutako krisi politiko eta instituzional sakonean murgilduta", eta uste du bi aldagaiak ez direla "kasualitatez" gertatu: "Ezkerreko subiranisten gorakada, erabakigarriak izatea, Espainiako eskuin ultra geratzea, euskal jendarteak gure betidaniko balio politiko eta sozialak gero eta barneratuago izatea ez da kasualitatea. Milaka eta milaka herritarrek isilean egindako lanaren emaitza da hori guztia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.