Hezkuntza

Euskal eskola publikoaren aldeko manifestaziora deitu dute hilaren 29rako, Donostian

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak salatu du EAEko Hezkuntza Lege proiektua «pribatizatzailea» dela, eta haren auka mobilizatzera deitu du.

Plataformako kideek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarraren parean. EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO PLATAFORMA
Edurne Begiristain.
2023ko urriaren 03a
12:36
Entzun

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma ez dator bat Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari den Hezkuntza Lege proiektuarekin; iritzi dio sistema duala «betikotzen» duela eta ez duela eskola publikoa lehenesten. Plataforma maiz agertu da lege egitasmoaren aurka, eta gaur jarrera bera berretsi du legebiltzarraren parean egindako agerraldian. «Erabat aurka gaude», azaldu dute plataformako kideek. Mobilizaziorako deia ere egin dute: hilaren 29rako manifestazio batera deitu dute, Donostian,12:30ean, Bulebarretik hasita.

Ikusi gehiago:EAJk eta PSEk akordioa egin dute Hezkuntza Legearen inguruan

Euskal eskola publikoaren alde, hezkuntza lege honi ez! lelopean deitu dute manifestaziora. Hautatu duten leloak ongi laburbiltzen du plataformak Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan duen kezka. Uste du egitasmoa «pribatizatzailea» dela, eta ez duela konponduko hezkuntza sistema duala. Are, sistema bera «betikotu» egingo duela salatu du, eta ondorioz, baita ikasleen segregazioa ere.

Plataformako kideek jakinarazi dutenez, dekalogo batean jaso dituzte hezkuntza sistema «hobetzeko» dituzten aldarrikapenak, eta datozen asteetan bideo batean zabalduko dute euren proposamena hezkuntza komunitatean eta gizartean. Talde politikoei, berriz, zera eskatu diete: Hezkuntza Legeari ezezkoa eman diezaioten, eta euskal eskola publikoa lehenetsi dezaten.

«Eufemismo tranpatia»

Hezkuntza lege proiektuaren aurka dituzten argudioak gogoratu dituzte agerraldian. Batetik, iritzi diote testuak jasotzen duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa «eufemismo tranpati eta interesatua» dela, titulartasun publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdintzen dituelako. Ikastetxe pribatuen finantziazioari dagokionez, salatu dute «%100ekoa» izango dutela, «trukean inolako baldintzarik eskatu gabe». Finean, salatu dute lege proiektuak ez duela eskola publikoa lehenesten, eta, haien ustez, testuak «protagonismoa» aitortzen dion arren, praktikan publikoa «merkatuaren logikan» sartzen du.

Gainera, plataformak iritzi dio lege proiektuak euskararen erabileraz eta ezagutzaz proposatzen duena ez dela aski, ez baitu balio ikasleak euskalduntzeko. Segregazioari aurre egiteko proposatzen dituen neurriei gabeziak sumatzen dizkio: «Ituntze unibertsala mantentzen duen heinean, segregazioa betikotuko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.