Hezkuntza

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatu dute Bastidan

Bi urtez atzeratu ostean, jaia eta aldarrikapena uztartu dituzte Bastidan elkartu diren milaka lagunek.  

Dozenaka haur, gaur, Bastidako festan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko ekainaren 05a
19:58
Entzun

Hirugarren saiakeran egin dute azkenean Euskal Eskola Publikoaren Jaia, azken bi urteetan ezin izan baitute ospatu, osasun larrialdia dela eta. Arabako Errioxan egin da lehen aldiz jaialdia, Bastidan, eta milaka lagun elkartu dira han, eguraldia lagun.

Jaialdia atzo hasi zen. Arratsaldean umeentzako tailerrak egin zituzten, baita herriaz eta inguruneaz gehiago jakiteko bisita gidatuak ere.

Gaur, berriz, bost gune egon dira, herrian sakabanatuta, eta denetariko ekitaldiak izan dira haietan.

Festa egiteaz gain, aldarrikapenerako ere baliatu dute eguna. Izan ere, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak azpimarratu nahi izan du ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharrezkoa dela «baliabide ugari izatea». Azpiegitura egokiak izatea eta lantalde egonkor eta konprometitua edukitzea ezinbestekotzat jo ditu, eta nabarmendu du hezkuntza sare publiko indartsu bat euskara indartzeko tresna oso garrantzitsua dela.

Lan eredugarria

Irekiera ekitaldian hitz egin dute Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Arkaitz Aburto EHIGEko presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Bildarratzek Bastidako ikastetxe publikoaren «lan eredugarria» nabarmendu du. Azpimarratu du «etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa» izango dela «ezberdinen arteko elkarlana».

Aburtok, berriz, eskola publiko guztien lana goraipatu du, hezkuntza kalitatea «maila gorenean» jartzen dutelako. Dena den, gobernantza eredu berri bat behar dela defendatu du, «deszentralizatua eta parte hartzailea, kohesioa bilatzen duena».

Azkenik, Gonzalezek euskal eskola publikoa Arabako Errioxan euskara errotzeko egiten ari den lana aipatu du: «Hamar gaztetik zazpik euskara ulertzen dute, eta gero eta gehiago entzuten da kalean», nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.