Canon Français enpresak azaroaren 28an antolatu du bere oturuntza erraldoia Euskal Herrian, Miarritzen (Lapurdi), zehazki: aurreikusi denez, bi mila pertsona inguruk Irati aretoan bazkalduko dute. Baina bazkari bat izateaz gain, «bankete faxista» ere bada, hainbat kolektibok salatu dutenez. Herri Harresia plataformak egun horretarako deitua du mobilizazioa, eta hainbat xehetasun eman ditu dagoeneko: «Helburua da eskuin muturrari sarbideak irmotasunez, molde baketsuan, herrikoian eta engaiamendu osoz blokeatzea».
Ikusi gehiago
Herri Harresiak Euskal Herri osoko herritarrei dei egiten die Miarritzera «modu masiboan» joan daitezen, «Canon Français eta eskuin muturra errefusatzeko». Berretsi dute protestak «festa giroan» egiteko asmoa. «Ikurrina eta jatekoa zein edatekoa ekartzeko deia ere luzatzen dugu. Izanen diren mobilizazioetan euskal dantzak, kantuak eta hamaiketako erraldoia izanen dira», esplikatu dute.
Horiek horrela, hiru mobilizazio gune jarri dituzte: Angeluko (Lapurdi) Eden Villages Bela Basque kanpinean izango du batzeko gunea Ipar Euskal Herriko barnealdetik joaten den jendeak. Baiona, Angelu eta Miarritzetik doazenak, berriz, azken udalerri horretako Mousse-Iraty biribilgunean bilduko dira, Grand Frais supermerkatuaren ondoan. Azkenik, Leclerc supermerkatuaren ondoko biribilgunean, Irati aretoaren behealdean, elkartuko dira Hego Lapurditik eta Hego Euskal Herritik doazenak.
«Oraingoan ere, herri gisa eta kolektiboki arituz, Euskal Herriak erakutsiko du karrikan eskuin muturrari bidea hesteko gai dela»
HERRI HARRESIA PLATAFORMA
Herri Harresiak ohartarazi duenez, Irati aretora doazen errepideak eta sarbideak «11:00etatik aitzina itxita» egongo dira. Beraz, 11:00ak baino lehen bertaratzeko deia egin dute. «Mobilizazio honetara ahalik eta jende gehien autoz etortzeko deia egiten dugu. Autoz hurbiltzen direnei eskatzen diegu ibilgailuan bertan gera daitezen eta, bidaiariak hiru mobilizazio guneetako batean utzi ondotik, aitzinera jarrai dezaten», aurreratu dute. Modu berean, Herri Harresiaren Telegram eta Whatsapp kanaletan «denbora errealean» emanen diren kontsignak segitzeko eskatu dute.
Bitartean, tokiko herritarrei eskatu diete, mobilizazio horretan parte hartzeko asmorik ez badute, eremu osoa saihesteko: «Miarritzeko tren geltokiko biribilgunearen, Irati gelaren eta Mousseko biribilgunearen arteko eremua, baita Maignon artisau gunea ere». Izan ere, zehaztu dutenez, eremu horretan «trafikoa oso kaltetua» izango da «11:00etatik 14:00etara edo 15:00etara gutxienez».
Eskuin muturraren erasoetatik babesteko
Mobilizazioaren «molde baketsuari» eutsiz, «segurtasun zerbitzu bat» ere antolatu du Herri Harresiak, blokeoetan parte hartzen duten pertsonak eskuin muturreko kideen eta jarraitzaileen balizko erasoetatik babesteko.
«Kanon frantsesak inportatu nahi duen ikuspegi frantses chauvinista eta baztertzaileari kontrajarriko diogu Euskal Herriko besta eta kulturaren izaera elkartzailea, herrikoia eta irekia», adierazi dute deitzaileek. Gogorarazi dute «aitzinamendu garrantzitsuak» lortu direla mobilizazioen bidez, azken urteotan, Euskal Herrian: «Oraingoan ere, herri gisa eta kolektiboki arituz, Euskal Herriak erakutsiko du karrikan eskuin muturrari bidea hesteko gai dela». Herri Harresiak informazio eta zehaztasun gehiago emango ditu hurrengo egunetan.
Biltzar nagusia
Azaroaren 24an egingo dute Herri Harresiaren biltzar nagusia, 19:00etan, Baionako Lan Burtsan. Canon Françaisen «bankete faxistaren» kontrako mobilizazioaren azken prestaketak eta antolaketa eztabaidatuko dira bertan. Ahalik eta militante gehien bertan izatea espero dute.