Canon Françaisen «bankete faxista» borrokatzera deitu dute Miarritzen

Canon Français eskuin muturrak diruztatutako enpresak «euskal banketea» egin nahi du azaroan Miarritzen. Ipar Euskal Herriko sare militantea mobilizatzen hasi da, mehatxuak tarteko, baina politikariek ez dute erantzun.

Canon Français enpresaren ekitaldiaren kontrako mobilizazioa, Miarritzeko herriko etxearen aitzinean, irailaren 21ean. PATXI BELTZAIZ
Canon Français enpresaren ekitaldiaren kontrako mobilizazioa, Miarritzeko herriko etxearen aitzinean, irailaren 21ean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Burua lurrean lehertzea [...] merezi duzue». «Zoaz merguez lukainka baten murtxatzera; ez gaitzazu aspertu... Hainbeste gustatuko litzaidake Waffen SS dibisio bati aitzin egin behar izan bazeniote... Gora Canon Français». Besteak beste, horiek dira Frantziako Canon Français enpresak Miarritzen antolatzekoa duen «euskal banketearen» kontra elkarretaratzea egiteagatik sareetan zabaldu diren mezuak. Hain zuzen ere, azaroaren 28an Irati aretoan egitekoa duten «bankete faxistaren» ezeztatzeko mobilizazioetan sartu da Ipar Euskal Herriko sare militantea. Zeren Canon Françaiseko oturuntzak ez dira edozein bazkari: aitzitik, halakoetan irain arrazistak, homofoboak eta ikur naziak zabaltzen dituzte, zenbait hedabidetan frogatu izan dutenez.

Horrela gertatu zen Caen hirian adibidez, Normandian: France Inter irratiko kazetari bat hango oturuntzan egon zen, eta, kontatu duenez, «herra diskurtsoak ezagun ziren, baita legea urratzen dutenak ere». Horiek kontuan harturik, Miarritzekoaren debekatzea galdegiten dute hainbat kolektibok eta sindikatuk. Gainera, Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko miliarduna ekitaldi horien finantzatzaile nagusien artean dago.

Hain justu ere, ekainean bidalitako lehen agiri batean, izenik gabeko militante sare antifaxista autonomo batek zera adierazi zuen: «Frantziako lurraldeak eta ondarea sustatu nahi dituela dioen ekitaldi horren gibelean, Sterin aberats faxistak finantzaturiko borondate politikoa kukutzen da. Perikles planaren bidez eskuin muturra indartzeko balioko duten sare politiko, mediatiko eta kulturalak sortu eta finantzatzen ditu». Perikles izendapenaren hizki bakoitzak proiektu politiko horren hitzak zehazten ditu: patriotak, errotuak, erresistenteak, identitarioak, kristauak, liberalak, europarrak, subiranistak. Gainera, Sterinek jendaurrean errana du «eskuin muturra baino eskuinago» kokatzen duela bere burua, eta Perikles planaren xedea 2027ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan eskuin muturra garaile izatea dela.

Asanbladatan antolatzen den sare antifaxista autonomoak, beraz, laster adierazi zuen «iruditegi faxista eta identitarioa bultzatzen duen ekimen oro garatzen uztea ukatzen» duela: «Euskal Herrian biziki ongi dakigu faxismoaren ondorioak zein diren; beraz, ekitaldi hau baliabide guztiekin gelditzera deitzen dugu. Banketerik ez da izanen Miarritzen».

Debekurik ez

Orain arte, ez Miarritzeko auzapezak ezta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak ere ez dute adierazi ekitaldia bertan behera utziko dutenik. Kontrakoa izan da, preseski: ekaineko herriko kontseiluan, oposizioko Biarritz Berri-Nouvelle Vague koalizioko Ana Ezkurrak alarma jo zuelarik, Serge Blanco auzapezak erantzun zion ekitaldia pribatua dela, eta, beraz, «ordena publikoa trabatzeko arriskua» izanen balitz baizik ez lukeela debekatzen ahalko. Halere, Blancok adierazi zuen ordena publikoa trabatua izateko arriskuaz prefetari galdetuko ziola iritzia, debeku bat agindu ala ez, araberan erabakitzeko. Oraingoz, prefetak ez dio Blancoren galdeari publikoki erantzunik eman, ezta BERRIAri bere jarrera argitu ere.

Asteak aitzina, herritarrak mobilizatu dira, hala sare autonomoan, nola Visa64 kolektiboaren bidez —hainbat sindikatu eta ekinaldi antifaxista biltzen ditu—, oturuntzaren kontrako borrokari lotu baitzaio hura ere. Erraterako, haiek antolatu zuten delako oturuntzaren kontrako lehen elkarretaratzea, irailaren 21ean, Miarritzeko herriko etxearen aitzinean: berrehun bat pertsona bildu ziren orduan. Herenegun berriz egin zuten elkarretaratze bat, Baionako suprefeturaren aitzinean. Salatu dutenez, «ehunka mehatxu mezu» jaso dituzte iraileko elkarretaratzearen harira.

(ID_16539123) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-10-15, Baiona. Canon Françaisen aurkako prentsaurrekoa Suprefeturaren aurrean
Visa64 kolektiboaren elkarretaratzea, ostegunean, Baionako suprefeturaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ

Ipar Euskal Herriko Hitza-k ere halako mezuak jaso zituen Canon Françaisen oturuntzaz idatzi zuen lehen erreportajearen Facebook argitalpenaren azpian, uztailean. «Txerrikia jaten dut, izorra zaiteztela». «Nola erraten da ‘Hoa popatik hartzera’ euskaraz?». «Gora Canon Français». Visa64 kolektiboaren ustez, mezu horiek «ez dira lerratze hutsak». Horregatik salatzen dituzte, «arriskuaz ohartarazteko eta bortizkeriaren emendatzea oztopatzeko». Sare antifaxista autonomoak, berriz, oroitarazi du «gizarte autoritario, libertizida eta zapaltzaileak» inposatzeko tenorean «sostengu ekonomiko eta materialei esker» hedatzen direla halako ideiak. Beste behin ere, Sterinen figurari erreferentzia egin diote.

Sostengu horien artean kokatu dituzte Canon Français enpresaren hornitzaileak ere, hala nola Laulhere, bonetak ekoizten dituen Oloroeko enpresa. Erraterako, Laulherek Baionan duen saltegiaren kontrako kolaketa ekintza bat egin dute aste honetan, oturuntzen bonet hornitzaile ofizialak direlako: «Laulhere bonetak, faxismoaren konplize» zioten afixak kolatu dizkiete, saltegiaren aitzinaldea estaliz.

Herri harresia

Sare autonomoaz eta Visa64 kolektiboaz gain, Herri Harresia dinamika plazaratu zuten urri hatsarrean: ehun bat pertsonak manifestu bateratua izenpetu dute mobilizazio «herritarra, jendetsua, alaitsua eta determinatua» antolatzera deitzeko. «Gorrotoaren eta zatiketaren dinamikei» aurre egitea da asmoa. Halaber, sinatzaileek auzitan jarri nahi dute Canon Françaisen antolatzaileek defendatzen duten bizikidetzaren ikuspegia. Manifestuarekin bat egin dutenek ez dute onartzen Euskal Herrira «bizikidetza eta lurraldea biziarazten» irakastera etortzea, haien iritziz Euskal Herriak aspalditik lantzen baititu harreman komunitarioak eta herri bizitza bere ekimenen bidez. 

Besteak beste, sindikalismo, politika, argitalpen, laborantza, gastronomia, kirol eta kultur arloetako eragileek sinatu dute taldearen kontra ikuspegi abertzaletik landutako manifestua. Herrietako festen zenbait antolatzailek eta hainbat gaztek ere bat egin dute mobilizazioarekin. Herri harresia osatzera deitutakoen artean daude Miren Artetxe, Amets Arzallus, Juliette Bergougnian, Jean-Louis Davant, Maider Hegi, Maika Etxekopar, Fermin Muguruza, Andoni Ollokiegi, Pello Reparaz eta Neige Sinno. Horiek ez ezik, 1936ko gudarien eta 1939-1945eko erresistenteen ondorengoek, faxismoaren, frankismoaren eta nazismoaren biktimen senideek eta Pierre-Edouard Sterinek auzipetu nahi dituen euskal militanteek ere bat egin dute deialdiarekin. Elkarteetako, alderdi politikoetako eta sindikatuetako arduradunak ere badaude ehun sinatzaileen artean.

Sare autonomoak, berriz, agiri batean idatzi du «gaurko instituzioek eta alderdi politikoek eskalada autoritario hori laguntzen dutela, azaleko antifaxismo bat aitzakia, interes elektoralei erantzuten» dietelako. Faxismoaren areagotzea «joera orokor bat» dela uste dute, eta «antifaxismo borrokalari eta iraultzailea» defendatzen dute. Horrela, espero dute «autoritarismoaren eta faxismoaren aurkako indar harreman bat berpiztuko» dela, eta «eredu sozial kapitalistaren aurka» borrokatzeko bidea ere hortik eginen dela.

Anartean, ekitaldia aitzina doa. Bretainian egin behar izan zutelarik, Quimper hiriko auzapezak lortu zuen hango banketearen ezeztatzea. Horretan bai, denek bat egin dute kolektiboek: ekitaldiaren debekuaren zain dira, hots, Miarritzeko auzapezaren edo Pirinio Atlantikoetako prefetaren azkeneko jarreraren zain.

Banketearen KONTRAKO MOBILIZAZIOAK

  • Azaroaren 2an, Miarritzeko turismo bulegoan, 18:00etan. Elkarretaratzea, Visa64 kolektiboak deiturik.
  • Azaroaren 27an. Elkarretaratzeak, eztabaidak eta kontzertuak, sare autonomoak antolaturik. Lekua eta tenoreak berantago zehaztuko dituzte. 
  • Azaroaren 28an, Miarritzeko Irati aretoan, 09:00etatik goiti. Canon Françaisen oturuntza «geldiarazteko» mobilizazioak, sare autonomoak deiturik.
  • Azaroaren 28an, Miarritzeko Irati aretoan, 11:00etan. Mobilizazio «herritar, jendetsu, alaitsu eta determinatua», Herri Harresia dinamikak deiturik.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA