La Llagosta herriak (Bartzelona) 1.368 biztanle zituen 1960an. 1975ean, berriz, 11.519. Hazkunde izugarri hori Espainiatik lan egitera joandako lagunek eragin zuten. Ordura arte gehiengoa ziren katalanak, baina gutxiengo bilakatu ziren. Gaztelania jaun eta jabe bihurtu zen herrian.
Katalunian autonomia ezarri zutenean hizkuntzaren normalizazioari ekin zion Generalitatek. PSCk eta sindikatu guztiek bat egin zuten Administrazio osoan lan egiteko katalanez jakin beharrarekin. Berdin zion udalerri batean katalan hiztunak %99 izateak edo soilik %1. Katalana ezinbesteko bihurtu zen udaletxeetan lan egiteko. Halaxe da geroztik.
Ekain Ricok, PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko taldeko idazkari nagusiak, ez zuen ezer ere esan horretaz hedabide honek asteburuan egindako elkarrizketan. EH Bilduk proposatzen duen eredua zergatik dioen ez dela legezkoa galdetu zion kazetariak. Erantzuna: «Beste gezur bat da hori. Galizian eta Katalunian auzitegiek proportzionaltasuna exijitzen dute, hemen bezala. Kontua da euskararen ezagutza eta katalanarena ez dela berdina. Ukaezina da hori; tranpak egin nahi baditugu, denok egin ditzakegu. Guk oso argi daukagu herritar orok eskubidea duela administrazioarekin nahi duen hizkuntzan jarduteko. Baina ez dugu uste horretarako funtzionario guztiek euskaraz jakin behar dutenik».
Ea, ba: Katalunian katalanezko C1 maila ezinbestekoa da edozein udaletan lan egiteko. Folgueroles-en, Jacint Verdaguer zenaren herrian, edo Santa Coloma-n, Nuria Parlon sozialista alkatea izan zen lekuan. Udaltzaina izateko ere nahitaezkoa da katalana. Edonon. Lorezain edo igeltsero aritzeko, C1 ez, baina B2 izan behar duzu. Titulurik ezean, katalanezko azterketa. Gainditzen ez baduzu, badakizu. Proportzionaltasuna? Aita Santuaren biolinak, Erroman daudenak. Katalanaren aurkako erabaki bakarra irakaskuntzan hartu dute epaileek, kolono mentalitateko guraso batzuek jarritako helegiteen ondorioz: %25 gaztelaniaz emateko esan dute. Hortik kanpo, inon ez. Ricok gezurtiak ez izateko eskatu digu, baina bera ari da gezurretan, ezjakina ez bada.
Euskal Herri ia osoa itogune naturala da egun. Egoera hori betiko eta erabat zabaltzeko arriskua inoiz baino handiagoa da gaur
Katalanaren eta euskararen ezagutzak berdinak ez izatea ez da eztabaidaren funtsa, ustezko proportzionaltasuna baizik. Orain, kolpetik, Kataluniako herri batean katalanez ezer ere ez dakitenen portzentajea nagusituko balitz katalan hiztunei aurrea hartuta, katalanez jakin beharko litzateke, oraindik ere, udalean behar egiteko. Legez. Proportzionaltasunik ez. Generalitatek kudeatutako erakunde guztietan gertatzen da hori. Baita Sant Adria de Besos-en ere, non auzo batzuetan katalana entzutea Rioko sanbodromoan inuit bat gerria astintzen ikustea baino arraroagoa den. Beste kontu bat da Gizarte Segurantzan. Edo Renfen, Katalunian zein hemen: informazio leihatilara joan eta oso andre atsegina, baina hari aditu eta ez dakizu San Sebastian-Donostian zauden edo Sevilla-Santa Justa-n.
«Irtenbidea ez da Euskadi osoa arnasgune artifizial bilakatzea», adierazi zuen Ricok. Euskal Herria «arnasgune artifizial» geroan? Euskal Herri ia osoa itogune naturala da egun. Egoera hori betiko eta erabat zabaltzeko arriskua inoiz baino handiagoa da gaur. Badira salbuespenak diren herriak. Horiexek hasi dira, hain zuzen, mintzoa goratzen, zer datorren ohartuta. Saiatu dadila Rico Bilbon egun oso batean euskaraz bizitzen, esaterako. Ea gauean zer gogo eta aldarterekin itzultzen den etxera. Biharamunean berdin egin dezala, baina gaztelaniaz. Igarriko dio zer alde dagoen.
Toni eta bere gurasoak Andaluziatik Kataluniara joan ziren 60ko urteetan. Ume koskorrak Granollers-en ikasi zuen eta gero unibertsitatera joan zen. 1993an katalanezko C1 maila lortu zuen. Horri esker, La Llagostako udalean hasi zen lanean. Biztanle gehien-gehienek katalanez ez zekiten herrian. Bertan lan egin du azken 33 urteotan. Etxean zuri-beltzezko aire-argazki handi bat du zintzilik. «Ni jaio nintzen herria da. Kordoban», azaltzen du, ez harro, ez lotsak.