Azken asteetako ika-mika eta tentsio giroari garrantzia kendu dio Ekain Ricok (Bilbo, 1979), eta azpimarratu du EAJ eta PSE-EEren arteko harremana ona dela. Are, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien jarduna nabarmendu du, legealdiaren erdia bete den honetan. Ordea, abisua eman die jeltzaleei Enplegu Publikoaren Legearen erreforma dela eta: «arriskutsua» da hartu duten bidea.
Bazkideen arteko harremana ona dela esango duzu zuk ere, ez dagoela arazorik...
Uste dut herritarrei axola zaiena zera dela, harremana bikaina dela gobernu esparru guztietan, udaletan, foru aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan. Akordioak egiten ditugu, gobernu programa betetzen ari gara, eta oso emaitza onak ekarri dizkie herritarrei.
Orduan, azken asteetako tentsioa ez da benetakoa?
Komunikabideentzat erakargarria da bikote gatazka gisa planteatzea, baina ez da halakorik. Eta, argi hitz egiteko, hemen hau baino ez dago: desadostasun garrantzitsu bat euskararen inguruko planteamenduetan. Funtsean, EAJk bertan behera utzi dituelako urte hauetan guztietan gai horren inguruan lortu ditugun adostasunak.
Sare sozialetako mezuak, ordea, estatutu berriaren negoziazioari egiten zion erreferentzia. Nola ulertu behar da orduan?
Hala da. Guk kontu hau atera genuen, ongi diozun moduan, gai delikatu bati buruzko itun bat dagoelako alderdien artean. Akordio horretan zehaztu zen negoziazioetan diskrezioz aritu behar dela, eta, gure ustez, EAJren EBBko presidenteak egindako adierazpenek diskrezio hori hautsi zuten.
PSE-EEko idazkari nagusiak ere egin ditu adierazpenak gaiari buruz.
Eneko Anduezak beti esan du egindako itunekin koherente izan behar dela, zuhur jokatu behar dela eta diskrezioz. Badakigu eta frustrazio handia eragin dezakeela. Uste dugu posible dela estatutu berri bat, baldin eta lortzen badugu garrantzitsuena den horretan ados jartzea.
Tentsio giro honek eragin diezaioke negoziazioari?
Uste dut nahikoa helduak garela denok bi gauzak bereizteko.
Zer deritzozu urak baretzeko Moncloak EAJko presidenteari deitu izanari?
Guri ez digu inork deitu. Edonola ere, Espainiako Gobernuaren bazkide da, nahiz eta batzuetan ez dirudien egiten dizkion kritikak aintzat hartzen badituzu.
EAJk egotzi zizuen hauteskundeei begira aritzea. Hala da?
Absurdoa da hori pentsatzea. EAJren partetik esajerazio bat egon da, haientzat ere deserosoa den gai bat estali nahi izan dutelako. EAJ norbaitekin haserretu bada, bere buruarekin haserretu da. EAJ gurekin eseri zen, eta jarrerak hurbiltzeko saiakera batzuk egin genituen, baina, EH Bilduk ezartzen zituen denborak estututa, elkarrizketa utzi eta proposamena alde bakarrez aurkeztu zuen. Beraz, EAJk berak eman behar ditu azalpenak, berak apurtu baitu elkarrizketa eta kontsentsua.
«EAJk zuzenketak aurkezteko epea luzatzea eskatu zuenean, hedabideei esan zien Alderdi Sozialistarekin hitz egiteko zela. Dei horren zain gaude oraindik».
Baina luzaz egon zarete mahaian eserita, eta azken unean esan zenuten akordioa ezinezkoa zela.
Esaten dute negoziazioak urtebete luzatu direla, baina datu hori zuzenduko nuke, ez baita egia. Eta bilera gehiago behar zirela esaten denean, ba bai, agian gehiago behar ziren. Eta ez da Alderdi Sozialistarengatik izan. Hori argi utzita, EAJk zuzenketak aurkezteko epea luzatzea eskatu zuenean, hedabideei esan zien Alderdi Sozialistarekin hitz egiteko zela. Dei horren zain gaude oraindik.
Azken astean ez zen elkarrizketarik egon, beraz?
Bakar bat ere ez.
Nolanahi ere, ez al dizue horrek beto eskubiderik ematen?
Guk ez dugu modu horretan planteatu. Guk zera esan dugu: urte hauetan guztietan eraiki dugun eta horren emaitza onak ekarri dizkigun kontsentsutik kanpo dagoela EAJk proposatzen duena.
EAJk dio gobernu itunean jasota dagoela administrazioekin bi hizkuntzatan aritzeko eskubidea dutela herritarrek.
Badakit zer dioen itunak, haren idazketan parte hartu bainuen. Eta esaten du, hain zuzen ere, eskubide horren defentsa proportzionalki egin behar dela eta errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Akordio horretan jasoa dago, halaber, orain arte landu duguna garatu egingo dugula, eta ez hautsi, planteatu duten moduan.
EAJk eta EH Bilduk iritzi diote arazo bat dagoela oraingo legearekin, epaile batzuek beste modu batera interpretatu dutelako. PSE-EEk ez du arazorik ikusten.
Baina EAJren eta EH Bilduren proposamenek ez dute konponduko konpondu nahi duten hori. Eta horixe da larriena, gaiaren muinera joaten bagara. Modu propagandistikoan hitz egiten da euskararen aurkako oldarraldi judizialari buruz. Behin-behineko langileei eragiten dien prozesuei lotuta eman dira epai gehienak, eta haietan esaten dute administrazio batzuek ez dituztela derrigortasun indizeak bete, eta ez dutela errespetatu proportzionaltasuna. Alegia, ez dira euskararen aurkako epaiak. Hori jakinik, proportzionaltasuna baldintza objektibo moduan planteatu beharrean, hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak bateragarriak izan daitezen, bi proposamen aurkeztu dituzte. EH Bildurenak badu logika, nahiz eta ados ez egon eta ilegala dela iritzi. Baina iruditzen zaigu EAJrena dela benetan arriskutsua, orain arteko kontsentsuak apurtzen baititu administrazioa hizkuntza eskubideen jabe eginda.
Zergatik?
EAJren proposamenak egungo eredua apurtzen du, ez duelako errealitate soziolinguistikoa aintzat hartzen eta administrazioei askatasuna ematen dielako hizkuntza eskakizunei buruz erabakitzeko. Sistema leherraraztea da hori.
Zergatik diozu EH Bilduren proposamena ez dela legezkoa? Eredu hori indarrean dago Galizian eta Herrialde Katalanetan.
Beste gezur bat da hori. Galizian eta Katalunian, auzitegiek proportzionaltasuna exijitzen dute, hemen bezala. Kontua da euskararen ezagutza eta katalanarena ez dela berdina. Ukaezina da hori; tranpak egin nahi baditugu, denok egin ditzakegu. Guk oso argi daukagu herritar orok eskubidea duela administrazioarekin nahi duen hizkuntzan jarduteko. Baina ez dugu uste horretarako funtzionario guztiek euskaraz jakin behar dutenik.
Jarrerak horren urrun daudela kontuan hartuta, posible da akordio zabal bat gai honetan?
Gu akordio batean egongo gara baldin eta progresibotasuna eta derrigortasun indizeak errespetatzen badira, eta aintzat hartzen bada errealitate soziolinguistikoa. Hori baita garrantzitsuena, askotariko errealitateak daudela aitortzea, tartean arnasguneak. Guk aurkeztutako zuzenketan hori onartzen dugu; malguak izan gara. Baina ez dugu uste irtenbidea Euskadi osoa arnasgune artifizial bilakatzea denik.
EAJren eta EH Bilduren arteko akordio batek arriskuan jarriko luke gobernu koalizioa?
EAJren eta EH Bilduren arteko akordio batek egungo kontsentsua hautsiko luke, zeinak euskararen ezagutza handia izateko modua eman duen. Eta, gure ustez, agerian utziko luke EAJren eta EH Bilduren arteko akordioak posible direla.
Legealdi honetan ez da halakorik egon, gai estrategikoetan bederen. Hala ere, gehiengo handi bat ordezkatuko luke Eusko Legebiltzarrean.
Ez dakit EAJk bide horiek arakatu nahi dituen; batzuei entzunda, badirudi baietz. Edonola ere, galde iezaiozu EAJri ea EH Bildurekin gobernatzea duen lehentasun.
«Guk oso argi daukagu herritar orok eskubidea duela administrazioarekin nahi duen hizkuntzan jarduteko. Baina ez dugu uste horretarako funtzionario guztiek euskaraz jakin behar dutenik»
Legealdiaren erdia igarota, zer balorazio egiten duzu?
Ba, oso positiboa. Ikusi besterik ez dago mundu osoan zer krisi egoera dagoen eta Euskadiko lan eta ekonomia arloan zer egoera dugun. Argi dago martxan jarri ditugun neurriekin asmatu egin dugula. Modu egokian ari dira garatzen, eta herritarren onurarako izaten ari dira. Gainera, uste dut anbizio handia erakutsi dugula etxebizitzaren moduko gaiekin; oso argi daukagu herritarren benetako beharrak zeintzuk diren. Eta ez dut uste herritarrak egun osoan euskarari buruz hitz egiten ari direnik; aitzitik, etxebizitzari buruz ari dira, eta heldu diogu gai horri. Hor dago premiazko neurrien legea, esaterako.
Etxebizitzari dagokionez, EH Bilduk dio PSE-EEk harago joan nahi duela, baina ezin duela EAJk ez duelako nahi. Bat zatoz?
Deigarria egiten zait EH Bilduk horrelako baieztapenak egitea akordio guztietatik kanpo dagoenean. Analisiek eragindako paralisira iristean, huts egiten ari dira. Gogoetak egiten ari dira beti, baina inoiz ez arazoak konpontzen. Etxebizitzari dagokionez, guk luzaz aztertu ditugun formulak aurkitu dituzte orain, eta dokumentu batean islatu. Baina formula horiek lege batean daudenean, non dago EH Bildu?
EH Bilduk etxebizitza legeak babestu zituen Gasteizen eta Madrilen.
Presazko neurriena ez, eta horri buruz ari gara. esaten du akordioetarako prest dagoela, baina gero ez du soluzio bakar bat ere ematen. Guk eskaini genien akordiora batzeko, baina kontra azaldu ziren testua ezagutu aurretik. Ondo dago hausnarketak egitea, baina guk aldizkari ofiziala erabiltzen dugu, hori baita herritarren bizitzak aldatzeko tresna.
Gernikako Estatutua osatuko al da aurten?
Ni baiezkoan nago; bi gobernuen helburua hori da, behintzat. Uste dut Madrilen eta Euskadin inoiz ez direla egon hori lortzeko hain asmo argia duten bi gobernu. Gero eta eskumen gutxiago geratzen dira eskualdatzeko; horietako batzuk teknikoki konplikatuak dira, hori ezin da ezkutatu. Badago kronograma bat, eta hori errespetatzea nahiko genuke.
Iritsiko al da uztailerako Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren transferentzia? Lehenago ere jarri ziren epeak, baina ez ziren bete.
Bi gobernuak modu jarraituan eta serioan ari dira lanean hori lortzeko. Zerbait teknikoki zaila bada eta denbora gehiago behar bada, ni ez naiz izango eskuak burura eraman eta asaldatzen diren horietakoa.