Euskal Herriaren instituzionalizazioan urratsak egitea proposatu dute fundazio abertzaleek

Sabino Arana, Olaso Dorrea eta Agirre Lehendakaria Center fundazioek agiri bateratua ondu dute Aberri Egunaren karietara, EH Batera-k sustatuta. Nazio egitasmoa indartzeko, «elkarlana, adostasuna eta kudeaketa konpartitua» proposatu dituzte.

EH Batera-ko eta hiru fundazioetako ordezkariak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EH Batera-ko eta hiru fundazioetako ordezkariak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko martxoaren 24a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abertzaletasunaren esparruan lanean diharduten hiru fundazio nagusiek, hots, Sabino Arana, Olaso Dorrea eta Agirre Lehendakaria Center fundazioek agiri bateratua ondu dute Aberri Egunaren karietara. Horrekin, Euskal Herria Batera-ren gonbidapenari erantzun, eta sostengua adierazi diote plataformak larunbatean Lizarran (Nafarroa) antolatuko duen ekitaldi bateratuari. Nazioarteko egoera «nahasi eta ziurgabea» hizpide hartu dute fundazioek, eta, horrek dakartzan zalantza eta erronkei erantzuteko, proiektu nazionala berretsi eta Euskal Herriaren «instituzionalizazioan» aurrera egitea proposatu dute, «elkarlana, adostasuna eta kudeaketa konpartitua» lanabes hartuta.

Sabino Arana Fundazioko Ainara Zelaiak, Olaso Dorrea Fundazioko Irati Jimenezek eta Agirre Lehendakaria Centerreko Lierni Ezenarrok irakurri dute agiria, Bilboko Areatzan egindako ekitaldi batean. «Ziurgabetasun politiko eta ekonomiko handiko egoerari» erreparatu diote: azaldu dutenez, «olatu inboluzionistak» leherrarazi egin du nazioarteko egitura juridikoa, eta demokraziaren printzipiorik funtsezkoenak «oinarrizko erronka kolektibo» bilakatu dira.

Horri gehitu behar zaizkio ezegonkortasunaren «kronifikazioa», eskuin muturraren aurrerakada eta «antipolitika elikatzen duten korronteak». Hala ere, fundazioen iritziz, Euskal Herria «aurrera» doa aurkako giro horretan, «bere hizkuntzaren, kulturaren eta zilegizko burujabetza nahiaren kontrako erasoei» buru eginez.

Foruen galera

Fundazioek gogorarazi dute aurten 150 urte betetzen direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenetik, eta Nafarroak ere urte batzuk lehenago galdu zituela foru eskubideak. Azaldu dutenez, mende eta erdiko tarte horretan euskal herritarrak behin eta berriz ahalegindu dira Euskal Herriaren nortasun juridiko-politikoa, hizkuntza, kultura eta ahalmen politikoa berreskuratzen: «150 urte geroago, Euskal Herriak exijitzen jarraitzen du subjektu politikoa izatea eta bere etorkizuna erabakitzea».

Euskal Herriko hiru esparru instituzionalek ezaugarri desberdinak dituztela aitortuta ere, fundazioek uste dute antzeko erronka ekonomiko, sozial, demografiko eta energetikoei erantzun behar dietela, eta horretarako beharrezkoa dela «ekinbide politiko, instituzional eta soziala areagotzea».

Hiru fundazioen iritziz, Aberri Eguna abagune egokia da «proiektu nazionala berretsi eta konpromiso komunitarioa biziberritzeko». Instituzionalizazioan eta burujabetzan sakontzea ezinbestekotzat jotzen dute: Euskal Herriko hiru administrazio esparruen arteko harremanak estutuz eta egonkortuz, eta, aldi berean, «azpiegitura demokratiko nazional berriak» eraikiz.

Instituzionalizazioaren eta burujabetzaren bide horretan, «elkarlana, adostasuna eta kudeaketa konpartitua» areagotzea proposatu dute hiru fundazio abertzaleek: «Ezinbestekoa da etorkizunari asmo handiko estrategia batez heltzea, bai proiektu nazional juridiko-instituzionalaren arloan, bai hizkuntzan, hezkuntzan, energian, industrian, elikadura burujabetzan, politika sozialean, zaintzakoan eta beste zenbait esparrutan ere». Fundazioen iritziz, burujabetza eta ongizatea uztartzea izan beharko litzateke asmo handiko estrategia horren zutabe nagusia.

Sabino Arana fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea fundazioak «konpromiso kolektiboa areagotzeko deia» egin diete herritarrei, «inflexio puntu bat» lortzeko euskal proiektu nazionalaren «potentzialtasunak» garatzeko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!