Lizarrako Foruen plazan (Nafarroa) elkartu dira gaur Euskal Herria Batera-ko ordezkariak, udalerri hartan bertan martxoaren 28an egingo duten Aberri Eguneko ekitaldia aurkezteko. Propio aukeratu dute, herriaz gain, plaza bera ere, foruak «komunitate baten identitatearen bizkarrezurra» ere izan baitziren, Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak adierazi duenez. Hala, haiek gogoan, baina Euskal Herriaren etorkizunari begira, hilaren 28an Los Llanos kulturgunean batzeko deia egin dute, 11:45etik aurrera.
Euskal Herria Batera-k 2020an ekin zion bere bideari, eta ordutik urtero egin ditu Aberri Egun bateratu baten aldeko ekitaldiak, eta hartan eragile eta norbanako ugari elkartu. Esaterako, iaz Donostiako Kursaalean batu zituzten EAJko, EH Bilduko, gehiengo sindikaleko eta gizarte eragile ugaritako ordezkariak. Eta aurten ere horri eutsi nahi diote. Atorrasagastik azaldu duenez, ekitaldia Los Llanos kulturgunearen kanpoaldean hasiko dute, agintarien soka dantzarekin eta ohorezko aurresku batekin. Jarraian, jada eraikinaren barruan, Xabier Irujo Ametzaga Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikerketen Zentroko zuzendariak ondutako ikuskizun artistiko bat egingo da.
Deialdiak, baina, asko du aldarritik ere. Xabier Euzkitze aurkezleak adierazi du Lizarran elkartzeko gonbitak xede duela Aberri Eguna, Euskal Herriko «egun nazionala», modu bateratuan eta «ezberdintasunen gainetik» ospatzea. Hain zuzen, EH Batera-k aurrera begira jarritako xede nagusietako bat da Aberri Egunaren instituzionalizazioa. Hala azaldu zuten otsailean, Gasteizko Foru plazan egindako agerraldian. Orduan, Euskal Herrian dagoen «gihar politiko sendoa» xede horren alde mobilizatzera dei egin zuten. Gure Esku-rekin batera, berriz, «erakunde gorenei» zein eragile politikoei, sozialei, ekonomikoei, kulturalei eta kirol arlokoei eskatu zieten bide horretan bultzatzeko.
Era berean, ospakizun horrekin batera, aurrera begirako beste erronka bat ere azaleratu du aurkezleak: «Eta etorkizuna dugula ospatzera, gure herria beste subiranotasun fase batzuetara eraman nahi dugula, non herri honek bere burua erabat gobernatu ahal izango duen, eta dagozkion erabakiak bere errealitate pluralen arabera eta bere herritarren borondatearen arabera hartu ahal izango dituen, askatasunez eta demokratikoki agertuta».
Aurrera bezala, atzera ere begiratu dute, baina. Hain zuzen, foruei begiratu diete. Batetik, foruek euskal herritarren gobernantzan izandako garrantzia nabarmendu du Atorrasagastik: «Ez ziren lege soilak». Bestetik, gogoratu du aurten 150 urte beteko direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenetik; Nafarroan lehenago jazo zen. «Samin latz batek astindu zuen Euskal Herri osoa eta, hain zuzen, euskal herritarron identitatea ulertzeko, ikusarazteko eta aldarrikatzeko molde eta formulazio berriak sortu ziren», azaldu du. Hor kokatu ditu, esaterako, zazpiak bat aldarria eta abertzaletasuna bera.
Eta ospakizuna Lizarran egitearen alde mintzatu da Koldo Viñuales Irujo Etxea elkarteko lehendakaria: «Lizarrak leku berezia du euskal herritarren iruditerian eta gure historian». Hala, gogoratu du Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako alkateek han egin zutela bat Lizarrako Estatutua osatzeko asmoz, 1931n, eta nabarmendu du hangoak zirela, besteak beste, Manuel Irujo eta Fortunato Agirre jeltzaleak. Lehena Espainiako Errepublikako ministro izan zen 36ko gerran, eta Nafarroako Foru Parlamentuko kide 1979tik 1981era; urte hartan hil zen. Agirre, berriz, Lizarrako alkate izan zen, eta Lizarrako Estatutua osatzeko bilkurako presidente. Hura 1936an fusilatu zuten faxistek. Horiek hala, Euzkitzek adierazi du ekitaldian lekua izango dutela «Lizarraren balio historiko, kultural eta artistikoek» eta hiriak «eskubide zibilekin izandako loturak», baita Manuel Irujoren eta Fortunato Agirreren figurek ere.
Sarrerak, salgai
Aurkezpenean azaldu dutenez, ekitaldirako sarrerak hamar euroren truke erosi ahal izango dira. Halere, Euzkitzek jakinarazi du diru hori ez dela nahikoa ekitaldiaren gastuak ordaintzeko, eta horregatik Bizum bidezko kanpaina bat jarri dute martxan.
Aberri Egun bateraturako kartela, berriz, Joseba Larretxe Berazadi Josevisky-k ondu du, iaz bezala. Atorrasagastik azaldu duenez, XX. mende hasierako grafismoari keinu bat egiten dio; esaterako, Aurelio Arteta eta Ramiro Arrue margolarien lanei. Kartelean, larrain dantza dantzatzen ari diren lau lagun ageri dira, bi jantzi tradizionalekin eta beste bi arropa modernoagoekin. Atorrasagastik esan du «belaunaldien arteko harremanaren» adierazle direla.