Euskal Herriko Gazte Feministek dei egin dute Baterajotzean parte hartzeko

Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte Zaldibarren elkartuko dira gazte feministak. Ekinaldiko egitarau osoaren berri eman dute, eta izen emateko aukera dagoela jakinarazi.

Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte eginen dute Baterajotzea, Zaldibarren. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte eginen dute Baterajotzea, Zaldibarren. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 17a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere burua gazte eta feministatzat duen ororen elkargune izanen da Zaldibar (Bizkaia) udazkenean: Euskal Herriko Gazte Feministek antolatuta, Baterajotzea eginen dute urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte. Maiatzean aurreratu zuten jardunaldiaren data, ekainean aurtengo edizioaren kanta aurkeztu zuten, eta orain ekinaldiaren egitarau osoa zabaldu dute, Euskal Herriko gazte eta feminista orori parte hartzeko deia egitearekin batera. Hain zuzen, Baterajotzean izena emateko aukera zabalik dagoela jakinarazi dute —hemen eskuratu daitezke sarrerak—.

Ortziral arratsaldean —urriak 31— hasiko da Baterajotzea: Gutxi irabazi dugula dioena gezurretan ari da mahai ingurua eginen dute, Euskal Herriko feminismoaren genealogiaz mintzatzeko. Bertso saio musikatuak eta Olatz Salvadorren kontzertuak borobilduko dute lehenbiziko eguna. Larunbaterako —azaroak 1— egun osoko egitaraua prestatu dute: mahai inguru nagusia goizean eginen dute —Lubaki feministatik, norantz?—, eguerdian eta arratsaldean tailerrak eginen dituzte, eta iluntzean, berriz, manifestazioa eta ekitaldia. Igandean —azaroak 2— azoka eginen dute.

Egitaraua aurkezteko hainbat saio eginen dituztela jakinarazi dute. Larunbatean, hilaren 20an, izanen da horietako bat: Bizkaiko Gazte Feministek antolatuta Bilboko 7Katu gaztetxean elkartuko dira. 

Hirugarren Baterajotzea

Feminismoa lubaki lelopean eginen dute Baterajotzearen hirugarren aldia. Ekinaldiaren aurkezpenean esplikatu zutenez, lubaki horiek aukera ematen dute feminismoaren kontrako erasoez defendatzeko, «seinalatze hotz, lege errepresibo eta bortizkeriaren» aurka. Are, lubaki feministak baliagarriak zaizkie «patriarkatuaren izaera sistematikoaren eta feminismoaren despolitizazio saiakerei» aurre egiteko, «garaipen eta etorkizun feministak blokeatu nahi dituztenei erantzuteko».

Duela bi urte Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten Baterajotzea, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren atarian. Utopiak lehertzeraino lelopean, ehunka feminista elkartu ziren, gazteek grebarako «antolaketa propio bat» behar zutela sinetsita.

2021ean, berriz, Baterajotzea Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean egin zuten, Elizondon (Nafarroa). 600 lagun inguru bildu ziren. Helburua feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea izan zen; eta, bertzeak bertze, hainbat krisiren gaineko gakoak aztertu zituzten, ikuspegi feminista oinarritzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.